«Hedapenerako herrialde bakoitzaren balioak hartuz gero kontuan, Ameriketako Estatu Batuak, Japonia eta Kanada ere izan daitezke Europako Batasuneko kide», kritikatu zuen Alemaniako CDU Alderdi Kristau Demokratako presidenteorde Wolfgang Schaublek atzo. Hedatzerakoan, balioak baino, kokapen geografikoa hartu behar zela kontuan argudiatu zuen CDUk. Horren lekuan Ankarak eta Bruselak «harreman pribilegiatuak» izatea proposatu zuen hark. Alemaniako eskuinak argi utzi du ez duela gustuko herrialde musulman bat EBn sartze. Turkia EBn sartzen denean, bera izango da, ziurrenik, herrialderik handiena. Hori dela eta, botere handia izango du etorkizunean. Beraz, desberdintasunak ez ezik, interesak ere jokoan daude EBren eta Turkiaren arteko negoziazioetan.
Turkiarren haserrea
Ezin esan, hala ere, turkiar guztiak EBn sartzearen aldekoak direnik. Batzeak onura ekonomikoak ekarriko dituela uste dute gehienek, baina era berean, euren kultura galduko duten beldur dira. «Europa desberdina da, erlijioari dagokionez batez ere», dio Mehmet Kucukvanek. Beste batzuek, aldiz, ez dute uste herrialdea halako zerbaiti aurre egiteko gai denik.
Baina turkiarren haserrea eragin duen auzia beste bat izan du. Ziprerena, alegia. Negoziazioekin hasteko baldintza nagusi bat jarri dio Bruselak Ankarari: Zipre hegoaldearen independentzia onartzea. Lurralde horrek independentzia aspaldi onartu zuen nazioarteak. Ez, ordea, Ankarak. Halakorik egitea Zipre iparraldean bizi diren turkiarren kontra egitea uste dute askok. Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdoganek Zipre hegoaldearen independentzia argi onartu ez badu ere, halako zerbait eman du ulertzera. Horrek oposizioaren eta herritarren haserrea eragin du. EBrako sarrera garestiegi ordaindu izana leporatu diote Erdogani.
Konstituzioari ezetz
Europara itzuliz, Alemania ez da Turkiarekin bat egitearen aurka dagoen bakarra. Frantzia eta Herbehereak ere ez daude erabat ados. Hori izan da zenbaitek Konstituzioari ezetz esatearen arrazoia. Esaterako, EBren krisia konpondu arte hedapena bertan behera utzi behar dela iritzi dio Frantziako Barne ministro Nicolas Sarkozyk. Hala ere, Errumania eta Bulgariarekin hasitako negoziazioekin jarraitzearen aldekoa da Sarkozy.
Herbehereetako Gobernua, bere aldetik, kezkatua dago. Kultur aniztasunak eta islama indartzeak ekarriko dituen ondorioek kezkatzen dute. Hala ere, lehen ministro Jan Peter Balkenenderen esanetan, ez litzateke zuzena Ankarari ateak ixtea. Antzeko jarrera agertu du Austriak ere. Hura ere etorkin uholde baten beldur da. Nahiago du Ankarari pribilejioak ematea, harekin bat egitea baino.Badira, aldiz, Turkia EBn sartzearen alde daudenak ere. Ankarak Ekialdeko ateak irekiko dizkieten ustea dute horiek. Horietako bat da Erresuma Batua. Londres izan da Turkiari ateak irekitzearen defendatzaile sutsuenetariko bat. Tony Blair lehen ministroak negoziazioak lehenbailehen hasteko eskatu zuen iaz. Grezia bera ere bateratzearen aldekoa da. Horrela Turkiak Zipreko Errepublika onartuko duen itxaropena du hark. Baina, ikusteko dago oraindik zer gertatuko den, Ankarak baldintza guztiak bete ezean, alferrik izango duelako Europako Batasuneko buruzagien babesa.
-
Europan sartzeko urratsak
1959: Europako Ekonomia Erkidegoan (EEE) sartzeko eskaera egin zuen Turkiak.
1963: Merkataritza eta ekonomia arloko harremanak sendotzeko akordio bat sinatu zuten Ankarak eta Bruselak. Akordioaren hitzaurreak EBrekin bat egiteko aukera jasotzen zuen.
1974: Turkiako Armadak Zipreko iparraldea okupatu zuen.
1980: Estatu kolpea eman zuten. EEEk Ankararekiko harremanak bertan behera utzi zituen.
1983: Erregimen militarra bertan behera geratu zen.
1987: EEEn sartzeko eskaria egin zuen Ankarak
1989: Bi urte lehenago Turkiak egindako eskaria baztertu egin zuen EEEk, arrazoi ekonomiko eta politikoak argudiatuz.
1997: Europako Batasunak Turkiarekin bat egiteko aukera onartu zuen, baina negoziazioak hastea baztertu zuen.
2002: Erreforma prozesuan irmo jarraitzea aholkatu zion Bruselak Ankarari. Kopenhageko Irizpideak betez gero, 2004ko abenduan egitekoa zen goi bileran negoziazioak hasteko data jarriko ziotela agindu zion EBk.
2003ko ekaina-uztaila: Europarako sarrera errazteko asmoz, Legebiltzarrak hainbat erreforma onartu zituen: adierazpen askatasunaren gaineko debekuak murriztu zituen; kurduen hizkuntz eskubideak onartu zituen; eta Armadak politikan zuen parte hartzea gutxitu zuen.
2004ko urtarrila: Heriotza zigorra debekatzen zuen protokoloa sinatu zuen Ankarak. Bruselak begi onez hartu zuen erabakia.
2004ko urria: Europako Batzordeak negoziazioak hastea gomendatu zuen.
2004ko ekaina: Lehen aldiz kurdueraz egindako programa bat emititu zuen Turkiako telebista publikoak.
2004ko uztaila: Erreforma gehiago. Emakumeen aurkako indarkeria eta tortura zigortzeko neurri zorrotzagoak onartu zituen Legebiltzarrak. Atzera bota zuten adulterioa zigortzeko proposamena.
2004ko abendua: Europako Legebiltzarrak negoziazioak hasteko argi berdea eman zuen.
2005eko ekainaren 29a: Turkia EBn sartzeko baldintzak ebatzi eta negoziazioek jarraitu beharreko bidea zehaztu zuten.
-
ZIPREKO ERREPUBLIKA
Konstituzioa bozkatuko du Legebiltzarrak
Gaur dute berrestekoa Europako Konstituzioa Zipreko Errepublikako Legebiltzarrean uhartearen hegoaldea, zati greziarra. Ganberaren bi herenek itunaren alde bozkatuko dutela uste dute. AKEL alderdi komunistak soilik egin zuen itunaren aurkako kanpaina, eta Mugimendu Ekologistak, bestalde, ez zuela bozkatuko iragarri zuen.
Zipre uhartea bitan banatua dago. 1974az geroztik iparraldea Turkiaren menpe dago. Ankarak ez du inoiz onartu nahi izan hegoaldearen independentzia. Nahiz eta hori izan EBn sartzeko baldintzetako bat. EB bultzatzearekin, Ankara Zipreko Errepublika onartzera behartuko duela uste du Nikosiak.