ARB Bretainiako Armada Iraultzaileko kide izateaz akusatu eta preso egon zen lau urtez Gael Roblin. Iaz askatu zuten. Emgann ezkerreko alderdi independentistako eleduna da egun.
Bretainiarrek baiezkoa eman zioten Maastrichteko Itunari. Europako Konstituzio itunaren aurrean zer iritzi nagusituko da?
Europaren eraikuntzaren ikuspegitik, gizartean oniritzi zabal bat egon bada ere, herritar ugari ohartu dira Frantziako Gobernuak bideratu duen dezentralizazio politikak ez duela inolako aukerarik ematen Bretainiako aginte egiturak eratzeko, eta, hortaz, ez genuela batere aukeratik izango gure ahotsa Europan entzunarazteko. Jende ugari konturatu da, halaber, Europako Batasunaren orain arteko ereduak zerbitzu publikoen eta langileen eskubideen murrizketak zekartzala.
Ezaren aldeko boza nagusituko al da orduan?
Herritarren kexa horiek guztiak elkartuta, oso litekeena da ezaren aldeko jarrera aski zabala izatea. Ezak garaituko duela ziurtatzea nahiko baikor izatea litzateke beharbada, baina ezetzaren aldeko gure jarrera azaltzeko Bretainian zehar egiten ditugu bileretan nabarmen ohartu gara iritzi esparru hori zabaldu egin dela gizartean.
Zein dira bilera horietan zabaltzen dituzuen argudioak Europako Konstituzio proiektu hau arbuiatzeko ?
Konstituzio honek diseinatzen duen Europa batuan ez dago ezer finkatuta estaturik gabeko nazioen eskubideak bermatzeko, ez dago ezer hurbiltasuneko demokrazia bat eraikitzeko, eta ez dago ezer gure eskubide eta egitasmo hauek etorkizunean onartuak eta bideratuak izango direla pentsatzeko.
Autonomista batzuek, alta, iritzi diote testuari baiezkoa emateak Frantzia jakobinoa ahuldu egingo duela ?
Bretainiaren botere politiko propio baten aldeko indar batzuek UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuneko eta PS Alderdi Sozialistaren alde egitearekin, mezua nahasi egiten da. Jadanik herritar askok nahasten dute dezentralizazioa eta autogobernua. Gure ustez, argi dago hobe litzatekeela ezaren aldeko jarrerari adorez ekitea, gure ikusmolde eta egitasmo bereziak aldarrikatuz eta azalduz. Bretainian, abertzaleok gutxiengoan gaude oso eta, hori horrela izanda, gure jarrerak eta helburuak argi azalduta, sinesgarritasun eta begikotasun handiagoak lortuko genituzke.
Jarrera kontrajarri horiekin, jokaera taktiko ezberdinak baino haratago, ez al dira agerian gelditzen gizarte ereduaren ikuspegi eta egitasmo ezberdinak ?
Hor nabaritzen dena da, nire ustez, abertzaletasun iraultzailearen eta ameskeria erreformistaren arteko aldea. UDB Bretainiako Batasun Demokratikoaren estrategia da hala azaldu du behin eta berriro instituzioetan parte hartzea bertan nagusitasuna duten indar politiko estatalen artean eragina izateko. Asmo horrek sozialdemokraziarengan du eragina batez ere, hots, PSrengan. Azken berrogei urteotan UDBk bultzatutako erreformismorako jokaera horrek ez du emaitza izpirik ere izan Bretainiaren nazio eskubideak aurrera bultzatzeko helburuan. Zinez, hartara, ez dut uste gure helburu horiek lortzeko Europako Konstituzioa baliagarria izango denik edo eraginik izango duenik.
EUROPAKO KONSTITUZIOA. «Abertzaletasun iraultzailearen eta ameskeria erreformistaren arteko aldea nabaritu da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu