EUROPAKO KONSTITUZIOA. Ahotsa zuzenki ezin entzunarazi

2005eko otsailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
eren ahotsa zuzenki entzunarazteko aukerarik ez dute izan sardiniarrek, ez behintzat Europako Konstituzioa onartu edo errefusatzen duten adierazteko. Ezta Italiako Estatuaren menpe dauden beste herritarrek ere. Haien ordez Italiako Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdiek hartu zuten hitza, baita botoa eman ere. Joan den urtarrilaren 25ean onartu zuen Italiako Parlamentuak Europako Ituna, eta orain Senatua da hori berrestekoa. Nolanahi ere, erreferendumik egin ez zuten arren, Sardiniako alderdi eta mugimenduek Konstituzioarekiko iritzia eta jarrera azaldu zuten Erromako bozketa baino lehenago zein geroago. Halere, Erroman nola, Sardinian ere nagusi izan ziren baiezkoaren aldekoak, Italia osoko alderdiek baitute indar handiena uhartean ere.

Italiako Legebiltzarrak aldeko 436 botorekin, kontrako 28rekin eta bost abstentziorekin berretsi zuen Europako Konstituzioa. Europako Batasunaren kontrakoa den Lega Nord Italiako gobernu koalizioan da, Rifondazione Comunista Sardinian ordezkaritza dauka eta Italiako Komunisten Alderdiko diputatu gehienak izan ziren aurka bozkatu zutenak. Gaur egun 1.630.000 biztanle baino gehiago ditu Sardiniak, baina soilik Cagliarin (Casteddu, sardinieraz) eta Erroman dute ordezkaritza. Bruselan ez dute halakorik. Izan ere, hautesle guztiek alderdi berari botoa emanda ere ez zen aski izango Europako Legebiltzarrean diputatu bat lortzeko. Iazko ekainean Europako Legebiltzarrerako eginiko hauteskundeetan Sardiniak Siziliarekin batera osatu zuen hauteskunde barrutia; aukeratu zituzten bederatzi diputatuetatik guztiak siziliarrak izan ziren.Cagliarin egoitza duen Eskualde Kontseiluan, Sardiniako alderdiek ez ezik, Italiakoek ere ordezkaritza dute. Iazko ekainaren 12 eta 13an egin zituzten eskualdeko hauteskundeak. Democratici di Sinistra da alderdi nagusia (15 kontseilari edo diputatu). Ondoren, alderdi hauek daude Cagliarin ordezkatuta: Democrazia e Liberta (12), Forza Italia (11), Progetto Sardegna (9), Talde Mistoa (8), UDC (7), Rifondazione Comunista (6), Alleanza Nazionale (5), Insieme per la Sardegna (autonomista) (5), Riformatori Sardi (4) eta Fortza Paris federalista eta zentrokoa (3).Horiez gain, ez Kontseiluan ez Erroman ordezkaritza ez duten hainbat alderdi daude, hala nola Sardigna Natzione alderdi independentista. Horretatik hurbil dagoen alderdi autonomista (Partito Sardo D'Azione), aldiz, Talde Mistoan ordezkatuta dago, bi kontseilarirekin.

Europako Konstituzioari buruz alderdiek duten jarrera

Alderdietatik gehienek baiezkoa eman zioten Europako Itunari, nork bere argudioak erabilita. Ordezkaritzarik handiena duen alderdia Democratici di Sinistra (DS) sozialdemokrata da, Italiako alderdiaren adar eta Europako Alderdi Sozialistako kidea. Baiezkoa eman zion Konstituzioari. Alderdiaren barruan dagoen Sinistra Federalista Sardako kide Valentina Usaik honela argudiatu zuen Europako Konstituzioaren alde DSk hartutako jarrera: «Europako Konstituzioa garrantzia historiko handiko gertaera da; berez argi uzten du funtsezko garrantzia duela Europako integrazio prozesuak. Guk harekin bat egin beharra dugu».

Democrazia e Libertako (Italiako La Margherita taldekoa) diputatu Franco Monacok honela azaldu zuen bere alderdiak itunari emandako sostengua: «Multilateralismoaren printzipioa sartzen duen Europa munduko bakerako ekarpena da. Konstituzioaren mugez eztabaida daiteke, baina Europa subjektu politiko instituzional gisa existitzeko aurrebaldintza da ituna. Hortik abiatuta, itunaren interpretazio garatzaile eta hedatzailea egin ahal izango dugu. Europa subjektu politikoa izan dadin oinarria jarri beharra dugu. Arrazoi hauengatik, tresna hau konbentzimenduz ontzat jotzen dugu». Forza Italia (eskuin kontserbadorea) Italiako lehen ministro Silvio Berlusconiren alderdia da, eta honek ere oniritzia eman zion Europako lege nagusiari, aurrera egiteko. UDC Kristau Demokraten Batasuna ere Italiako alderdi baten adarra da, izen berekoarena. Gainera, Europako Alderdi Popularreko kidea da. «Europako Batasunaren hedapenaren ondoren garrantzi historikoa duen bigarren proiektu handia da Europako Konstituzioa», zioen alderdiak iaz, eta baiezko botoa eskatu zuen itunarentzat. «Europar guztien interes komunak babesteko eta demokrazia areagotzeko tresna» iritzi zion hari UDCk. «Sustrai komun greziar eta erromatarren kontzientzia izaki eta iluminismoa eta ondare kristaua aintzat hartuta Europa batu batean aurrera egitea» proposatu zuen.Alleanza Nazionale Italiako eskuin muturreko alderdiaren adarra da, eta Gianfranco Finni Italiako Atzerri ministroa dauka Erroman diputatu. Alderdi horrek ere baietza eman zion Europako lege nagusiari. Baietzaren alde jardun zuen beste alderdi bat Riformatori Sardi (liberal demokrata) izan zen. Mario Segni buruzagiak kanpaina bat abiatu zuen joan den urtearen bukaeran, Internet bidez Italia osoarentzako kanpaina zen, herritarrek itunaren alde indarrak batzeko eskatuta. Un milione di clic per la Costituzione Europea (Milioi bat klik Europako Konstituzioaren alde) zen leloa. Riformatori Sardi beldur zen ituna lehenbailehen onartu ezean ez ote zen baztertuta geratuko, eta horregatik abiatu zuen sostengu kanpaina. Europako Batasuna eraikitzeari «proiektu handi» eta «garapenerako bide bakar» iritzi zion.

Ezezkoaren kanpaina

Talde Mistoa Partito Sardo d'Azione, SDI Socialisti Uniti eta UDS Sardi Uniti alderdiek osatzen dute. Partito Sardo d'Azionek bi diputatu ditu Sardiniako Kontseiluan. Europako Legebiltzarrerako iazko ekainean eginiko hauteskundeetara ALE Europako Aliantza Libreko zerrendetan aurkeztu zen, Eusko Alkartasunarekin eta ERC Esquerra Republicana de Catalunyarekin besteak beste.

Europako Konstituzioa ontzeko eratu zuten Konbentzioaz honako hau zioen alderdiak: «Konbentzioaren eraketa ezin da soilik gobernuen eskuetan utzi. Europako Konstituzioa ezin da herriak baztertuta sortu». Hala, Europako gainerako gutxiengo nazionalekin «fronte komuna» osatzea eta elkarlana bultzatzea proposatu zuen Partito Sardo d'Azionek. Alderdi autonomisten arabera, Europako Batasunarekiko federazio itunean Sardiniak ere esku hartu behar du, berezko ahotsaz. Horretarako, Sardiniak ez ezik, gainerako nazioek ere «ordezkaritza zuzena eta autonomoa» izan beharko dute Europako erakundeetan, hala nola Legebiltzarrean, Eskualdeetako Batzordean eta gainerako instituzioetan.Egungo Eskualdeen Batzordea Eskualdeen Ganbera bilakatzeko elkarlanean aritzea da alderdi autonomista horren asmoa, eta, horretarako, Sardiniako erakundeei bultzatzaile lanak egiteko eskatu dio. Halaber, Europako Batasunarekiko harremanetan diren nazio eta estatuekin Sardiniak harreman zuzena izatea nahi du Partito Sardo d'Azionek. Batez ere Mediterraneo, Magreb eta Ekialde Hurbileko herrialdeez ari dira.

Erroman Konstituzioari ezezkoa eman ziotenen eta Sardinian ordezkaritza dutenen artean Rifondazione Comunista dago (Alderdi Komunistatik sortua). Luciano Uras diputatuak honela azaldu zuen alderdiaren jarrera: «Ez dugu Europako Konstituzioa gustuko, oinarritzat merkatu librea duelako, ez pertsona». Per Paolo Pisu alderdikidea, aldiz, honela mintzatu zen: «Egin beharreko bidea luzea da, batez ere Europako Konstituzioaren ilusioaren ondoren; hark estaturik gabeko eskualdeak eta klase ahulak baztertzen ditu, enpresa eta merkatuari mesede egiteko. Italiako araudiak huts egin digu; federalismotik soilik itxura du».

Bestalde, Europako Konstituzioaren kontra agertu da Sardigna Natzione alderdi abertzalea. Independentista izateaz gain, inperialismoaren kontrakoa ere bada, eta Sardiniako kaleetan zein Erroman makina bat protesta eta mobilizazio egindakoa da. Sardinia eta estaturik gabeko beste nazioak aintzat hartzeko eskatuta eta Ameriketako Estatu Batuek Maddalenako portuan duten base militarraren urpeko nuklearren abiapuntua, besteak beste aurka protesta franko egin ditu. Europako Batasunak baztertzen dituen estaturik gabeko nazioetako herritar asko ez dira isilik geratzen.

Bihar:
Herrialde Katalanak. 'Alderdien barne kontraesanak'

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.