EUROPAKO KONSTITUZIOA. Alderdien barne kontraesanak

JOAN RIBA - BARTZELONA
2005eko otsailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
uropako Konstituzioa hizpide zuen barne eztabaida izan dute Parlament-an ordezkaritza duten bost alderdi politikoetatik hiruk, euren behin betiko jarrera finkatzeko helburuarekin. Kasurik nabarmenena CiU Convergencia i Uniorena izan da. Sei hilabetetan aldaketa ikusgarria egin du. Hasieran ezezkoaren aldeko hautua egin zuen; orain, aldiz, baiezkoaren aldekoa. ERC Esquerra Republicana de Catalunyak eta ICV Iniciativa per Catalunyak ere agerian utzi dute euren jarrerarekin erabat sinetsita ez daudela. Azkenean, CiUk baiezkoa eskatu du, eta ERC eta ICV, berriz, bakarrik gelditu dira ezezkoa defendatzen.

Generalitatean agintzen duen hirukoaren partaide izan arren, establishment-eko alderdiek sistemaren barruan jarraitzen dutela esateko, eta aldaketa sozial, politiko eta ekonomiakoaren aldarria, ordea, beraiek direla nabarmentzeko balio izan die egoera honek. PSC Kataluniako Alderdi Sozialista eta PP Alderdi Popularra izan dira, barne eztabaida eduki ez duten bakarrak. Aurrenekoen kasuan, ez litzakeelako gomendagarria izango auzia eztabaidatzea, PSOE Espainiako Alderdi Sozialistarekin duten harremanagatik; horixe gertatu zen Frantziako sozialisten artean. Izan ere, Jose Luis Rodriguez Zapaterok antolatu du hilaren 20ko erreferenduma. PPren kasuan, berriz, itunaren sortzaileak ere badirelako.

Kataluniako Gobernua osatzen duten hiru alderdiek azaldutako jarrera ezberdinen eraginez, exekutiboa osatzen duten alderdietako buruek beraiek kritikak egin dizkiote elkarri kanpainan zehar. Horregatik, eta oposizioak barne desadostasunak agerian utzi ez ditzan, itunarekiko norberak duen jarrera publikoki ez azaltzeko eskatu zien Josep Bargallo (ERC) conseller en cap-ak. Areago, gertakari hori Parlament-an agerian ez geratzeko, PPk itunaren alde aurkeztutako mozioaren aurka bozkatu zuen PSCk. Sozialisten arabera, PPk estrategia alderdikoia bideratu nahi zuelako bozkatu zuten mozioaren kontra. PSCk kanpaina hasi baino ordu batzuk lehenago eman zuen Europako Konstituzioaren aurkako botoa. Pasqual Maragallek eta Parisko alkate Bertrand Delanoek itunaren aldeko boza eskatu zuten kanpainari ekin ziotenean. Hartara, PPk plazaratutako ekimenean, Josep Piquerenek itunaren alde egindako ekintza bakarrenetako bat da. Izan ere, PP indar gutxiko kanpaina egiten ari da, bi astetan bost ekintza antolatuta.

Kanpaina eskasa

CiU ere handikeria gehiegirik gabeko kanpaina egiten ari da. Helburua da militantzia ez gogaitzea. Horrek, dena den, badu azalpenik. Iragan uztailean CDC Convergencia Democratica de CatalunyakCiUren kide nagusia egindako biltzarrean, buruzagitza oso lanpetuta zegoen Artur Mas idazkari nagusi bezala berresteko prestaketa lanetan. Halaber, zuzendaritzako buruzagi historiko batzuk, gazteagoak, progresistagoak, soberanistagoak eta Masen aldeko izango ziren beste batzuengatik aldatu behar zituzten. Hori dela eta, ez zioten arreta gehiegi jarri Europa Konstituzioaren inguruan esan beharrekoari. Aipatutako kongresuan Ignasi Guardans eurodiputatuak ezin izan zion aurre egin militantziaren kemenari. Horiek itunaren aurka zeuden, Konstituzioak ez duelako katalana hizkuntza ofizialtzat hartzen.

Europako Konstituzioaren aldeko jarrera argia duen Jordi Pujolek parte hartu zuen auzian,eta azken jarrera ez ohiko biltzar batean hitzartuko zela adierazi zuen. Halere, zuzendaritzaren barruan ere itunaren kontrako jarrera zuen jendea zegoen. Horietako bi ziren Felipe Puig eta Xavier Trias. Hala,itunari ezezkoa ematea erabaki zuten ez ohiko biltzarrean; baldintza batekin, ordea. Masek proposatu zuen. Konstituzioari ezetz esango zioten, Espainiako Gobernuak katalana eta Katalunia bera EB Europako Batasunean aintzat hartzeko lan egingo zuela hitz ematen ez bazuen. UDC Union Democratica de Catalunyako buru Josep Antoni Duran i Lleidaren laguntzarekin,PSOErekin negoziatzen hasi zen Mas. Itunari babesa emateko konpromisoak lortu zituztela uste izan zuen CDCren zuzendaritzak. Alderdiaren batzorde nazionalak ontzat eman zuen, joan den urtarrilean, ezezkotik baiezkora egindako aldaketa. Kanpaina, halere, indar gutxikoa izaten ari da, nahiz eta horretanmilioi erdi euro xahutu. Hala, militantziaren zati handi batek nola alderdiko buruzagi batzuek itunaren aurkako jarrera dute. Hasieratik itunaren aldeko jarrera izan duen Duran i Lleida bakarrik ari da sutsuki mintzatzen. Berari esker ez dituzte, hein handi batean, bi kideek kanpaina ezberdinak egin.

ERCren eztabaida@:ERC barruan eztabaida ez zen nazionalistena bezain publikoa eta sutsua izan, baina independentisten artean ere zalantzak sortu dira. Josep-Lluis Carod-Rovira aurrenetakoa izan zen itunaren aurkako jarrera azaltzen. Alderdiko pertsonaia ezagunenetakoak diren Josep Bargalloconseller en cap-ak eta Ernest Benach Parlament-eko presidenteak itunaren aldeko Europa mailako bi adierazpen sinatu dituzte. Bargallok Edinburgoko (Eskozia) deklarazioa sinatu zuen gaitasun legegilea duten eskualdeetako buruekin batera. Benachek, berriz, Milangoa. Eskualdeetako asanblada legegilearen presidente moduan egin zuen.

ERCk, baina, itunaren aurka egin du. Bere ustez, ez ditu herriak errespetatzen, eta estatuen Europa indartzeko egina dago. ERCko barne eztabaida, Carod Roviraren hurbilekoen artekoa bereziki, itunari ezezkoa esateak eragiten zituen zalantzengatik gertatu zen. Errua, baina, Espainiako Gobernuari botatzen zioten, eta ez hainbeste EBri.

ICVko ekosozialisten artean barne eztabaida izan zen eta, horrek, bozketa batera bideratu zituen: afiliatuen %70ek aurka egin zuten. Alderdiko buru Salvador Mila Ingurumen eta Etxebizitza kontseilariak eta Antoni Gutierrez eurodiputatu ohiak, ordea, publikoki sostengatu dute ituna. Gutierrezek, esaterako, Antoni Castells Ekonomia kontseilari sozialistak itunaren alde idatzitako liburua aurkeztu zuen. Berarekin batera izan zen Miquel Roca, zeinak itunaren alde egiten zuen publikoki, alderdia aurka egon arren. Alabaina, Gutierrezena bezalako kasu gehiago gertatu dira beste alderdi batzuetan. CiUn, adibidez, Xavier Vallve eurodiputatu ohiak itunaren kontra egin du, nahiz eta bere alderdia baiezkoaren aldeko kanpaina egiten ari den. Izan ere, ez da PSOEk agindutakoaz fidatzen. Katalanari egiten zaion mespretxua edota Kataluniako instituzioek itunaren aurka egiteko erabiltzen dituzten argudioak gutxien nabarmentzen dituen alderdi katalana da ICV. Ekosozialistek gizartearekin edota ekonomiarekin lotura duten argudioak erabiltzen dituzte beren kanpainan: militarismoa, AEB Ameriketako Estatu Batuei men egitea, murriztutako eskubideak zein bankuen boterea eta liberalismoa... Hala, beraiek dira Zapatero eta Maragall agerian utzi dituztenak, biak Silvio Berlusconirekin mitin bat egitekotan egon zirela esanez. Berlusconiren sukarrak eragotzi zuen. ICVk Jose Montilla ministro sozialista katalanari emandako erantzuna izan zen hori. Izan ere, ICV eta ERC Le Penekin elkartu zituen Jose Montillak, ezezko botoa eskatzeagatik. Eta, hori, Generalitatean batera agindu eta Espainiako Diputatuen Kongresuan itunak egiten dituzten arren.

Bihar:
Flandes: 'Bruselaren itzal handia'

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.