EUROPAKO KONSTITUZIOA. Beldurraren baietza nagusi

2005eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
rantziako presidente Jacques Chiracek iragarri du Europako Konstituzio itunaren erreferenduma datorren maiatzaren 22an edo 29an egiteko asmoa luke Jean-Pierre Raffarin buru duen gobernuak. Orain arte, aldiz, ekainaren 5eko edo 12ko egunak aipatzen ziren. Data aurreratzearen arrazoia da Frantziako Gobernuak beldurra duela kanpaina luze batek ezaren aldeko jarrera sendotuko ote duen. Izan ere, azken inkesta batek botoen %58 ematen zion baiari eta, beraz, bozen %42a ezari, baina aldea estutuz joan da asteak pasatu ahala.

Bretainian inkesta zehatzik ez da egin, baina ematen du, orain arte, hango bost departamendu eta bi eskualdeetan baiaren aldeko jarrerak gehiengo zabala duela. Ezen, hauteskunde mota guztietan bretainiarren boto kopuru gehiena bereganatzen duten alderdiak, PS Alderdi Sozialista, UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuneko eta UDF Frantses Demokraziarako Batasuna alderdi estatalistak, baiaren aldekoak dira. Ezaren jarrera hartu duten beste alderdi frantziarrek PCF, LCR, LO eragin eskasa dute Bretainian. Alderdi autonomista eta independentisten artean, berriz, ez dago jarrera bateraturik. Emgann ezkerreko alderdi independentistak ezaren aldeko deia zabaldu du, eta UDB Bretainiako Batasun Demokratikoa sozialdemokratan edo PB Bretainiar Alderdi zentro eskuinekoan, berriz, baiaren aldeko iritziak nagusi dira, nahiz ez duten oraindik jarrerarik hartu.Iazko martxoko hauteskundeetan, Bretainia eta Pays-de-Loire eskualdeetan (azken horretan dago Loire-Atlantique bretainiar departamendua) gehiengoa lortu zuen PS alderdi sozialistak. Orduz geroztik, beraz, indar politiko indartsuena da. PSren barruan, iragan abenduaren 1ean barne erreferenduma egin zuten Europako Konstituzioaz, eta baiak irabazi zuen; beraz, agerian dago zein izango den PSko kide eta hautesleen jarrera maiatzean egingo den erreferendumean. Frantzian, PSko kideen %58,62k egin zuten baiaren alde eta %41,38k ezaren alde; Bretainian, ordea, aldea nabarmen handiagoa izan zen baiaren mesedetan. Bost departamenduetako batez bestekoa eginda, Bretainiako PSko kideetatik %71,73 baiaren alde jarri ziren, eta ezaren aldekoak %28,27rekin geratu ziren.Eskuineko indar estatalisten artean, berriz, ez zen izan PSren barruan nabarmendutako eztabaidarik. Liberalak eta gaullistak bateratzen dituen alderdia, UMP, eta zentristek osatzen dutena, UDF, Europako Konstituzioaren aldekoak dira. Horiek ez dute, jakina, jarrera kritikorik agertuko Europako Konstituzioak, aurkari askoren arabera,duen kutsu liberalaz. Bretainian oraingoz nagusitasun handia dute alderdi frantziarrek, eta, beraz, baiaren alde hartu duten jarrerarekin, pentsatzekoa da euren jarrera islatuko dela alderdi horiei botoa ematen dieten hautesleetan.

Abertzaleen ikusmolde kontrajarriak@:Bretainian, egitura politikoetanbehintzat, indar aski mugatua dute alderdi autonomista eta independentistek, eta batzuek zein besteek jarrera kontrajarriak agertu dituzte. UDB Bretainiako Batasun Demokratikoa alderdi autonomistak (joera sozialdemokratakoa da), eta PB Bretainiar Alderdiak (zentro eskuinean sailkatu daiteke) ez dute oraingoz jarrerarik hartu. Bi alderdiek barne eztabaidak dituzte auzi honen inguruan, eta martxotik aurrera egingo dituzten kongresuen ostean azalduko dute zein den beren jarrera (martxoaren 5etik landa UDBk eta apirilaren 10aren ondoren PBk).

Ezaren aldekoak badira alderdi horietan, baina baiaren aldeko jarrera nagusi dela ematen du, bai UDBn, bai PBn ere.

PBko idazkari nagusi Jakez Arnol-Stephanen iritziz, esaterako, «Europako itun konstituzionalaren testuan, izaera ofizialik gabe dauden herrien ezagupenaren aldeko aurrerabide txikiak daude, eta gogoan eduki behar da konstituzio bat hobetu daitekeela; halaber, espero dugu ere lege nagusi honek Frantziaren kontraesanak are nabarmenago jartzea, herri hizkuntzen eta gutxiengoen eskubideen ukazioaren kontuan». Emgann ezkerreko alderdi independentistak ez du berdina uste. «Bretainia aske eta elkartu baten alde, Europako konstituzioari ez esatera» deitzen ditu bretainiarrak. Jarrera hori finkatu zuen iazko abenduaren 18 eta 19an egin zuen batzar nagusian.

Geroztik plazaratu duen oharrean hauxe dioEmgannek: «Europako Konstituzioari ez esateko deia egiten diegu herritarrei; izan ere, itun horrek ez die inolako aurrerakuntzarik ekarriko Bretainia bezala euren izaeraz jabetzeko eskubiderik ez duten nazioei eta, gainera, langileriaren eskubideak gero eta murritzagoak izatea zilegi egingo du». UDBk eta PBk, antza, baiaren aldeko jarrera hartuko dutelarik, hauxe ondorioztatzen zuen ezkerreko alderdi independentistak: «Ziur aski, bakarrak izango gara azpimarratzen konstituzio proiektu honek estaturik gabeko herrien autodeterminaziorako eskubidea ukatzen duela; ohartaraziko dugu, halaber, Parisek soilik agintzen zuen garaietan erabaki guneak Bretainiatik aldenduta zeudela jadanik, eta orain are urrunago izango direla Bruselan edo Estrasburgon kokatuta». Gauzak horrela, «independentziaren, sozialismoaren, gizarte zuzenbidearen eta internazionalismoaren aldeko bretainiarren ezezkoa emateko deia» egitea galdegiten du Emgannek.

Alternatiboak, komunistak, subiranotasun zaleak...

Autonomista edo independentista gisa sailkatzen ez bada ere, Bretainiako Alternatiboak izeneko kolektiboak Emgannen antzeko jarrera iragarri du. «Europako Konstituzioari, ezkerreko ezetz bat eman diezaiogun», aldarrikatzen zuen talde honek plazaratu duen oharrak. Bretainiako Alternatiboek iazko azaroaren 11n Gweneden (Vannes) egin zuten biltzar nagusian hartu zuten jarrera hori.

Agiri honek zehazten zuenez, «ezezkoa nagusiturik», itxaropena dago Europako Batasunaren eraikuntzak «beste bide bat hartuko duen, demokrazia aktiboaren eta bakearen, zein gizarte zuzenbidearen, emakumeen eskubideen eta ekologiaren aldekoEuropa bat bideratzeko».Batzuen eta besteen arrazoiak nahiko ezberdinak izan arren, Europako Konstituzio proiektuaren aurkarien artean kokatzen dira halaber, PC Alderdi Komunista, LCR Liga Komunista Iraultzailea eta LO alderdi troskistak, Philippe de Villiers eta Jean-Pierre Chevenementen jarraitzaile diren eskuineko eta ezkerreko subiranotasun zaleak. Eza ematearen aldeko jarrera dauka ere, jatorriz Bretainiakoa den Jean-Marie Le Pen zuzendutako Front National eskuin muturreko alderdiak.

Asteartean:
Korsika. 'Uhartearen zatiketaren isla'

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.