Arzalluzen iduriko, jendearen eskubideen arloan murrizte une bat bizi da egun, eta, gainera, ez Espainian bakarrik. Horregatik, bereziki garrantzitsua iruditzen zaio Espainiako Konstituzioa eratzea: "Eskubideak arriskuak daude momentu honetan, eta horren aurrean demokrazia berme bat eta askatasun berme bat da Europako Konstituzioa".
Azken batean, Salonikako Konstituzio proiektua "gustura" hartu dutela azpimarratu du Arzalluzek, "gure alderdia europazalea izan baita beti". Dena den, egitasmoan estatuek bakarrik parte hartuko dutela onartu du, baina EAJ ez dela horren aurrean kikiltzen. "Federalismoaren kontzeptua ez da agertzen, eta egungo estauen mugak babesten ditu, hain justu, Aznarrek Euskal Herrian pentsatuta hala eskatu zuelako", kritikatu du. Hala ere, Konstituzio proiektua aurrera doala eta hori dela inportanteena adierazi du EAJko lehendakariak: "Hobea edo okerragoa izango da, baina aurrerako bidean etorriko dira beste gauza batzuk orain erresistentzia handiak dauden arren".
EB Europako Batasuneko estatuburu eta gobernuburuak Salonikan daude bilduta , eta gaur goizean agendako gai korapilatsuenetako bati heldu diote: Europako Konstituzioa eratzeari.
Hain zuzen ere, proiektua aurrera ateratzeko dezenteko urratsa egin dute gaur EBko buruzagiek. Alde batetik, egutegia zehaztu dute: urrian hasko dira negoziazioak eta 2004ko maiatzerako prest egongo da behin betiko testua. Bestetik, Konstituzioa eratzeko prozedura zedarritu dute: Giscard lehendakari duen Europaren etorkizunerako Konbentzioak proposatutako testua izango da eztabaidarako oinarria, baina urrian abiatuko den Gobernu Arteko Batzarrak erabakiko du behin betiko testua. Batzar horretan gobernuek bakarrik izango dute botoa emateko eskubidea. Nolanahi ere, Giscarden proposamena "abiaburu ona" dela nabarmendu dute Salonikan bildutako estatuburu eta gobernuburuek.
Egun EBko kide diren hamabost estatuetako agintariak ez ezik, 2004ko maiatzean erakunde horretara sartzekoak diren erdialdeko eta ekialdeko Europako buruzagiak ere ari dira parte hartzen Salonikako goi bileran. Hain justu, Konstituzioa erabakitzeko Gobernu Arteko Batzarrean haiek ere esku hartuko dute, eta, gainera, dagoeneko kide diren estatuen pare.
2004ko maiatzerako amaitu nahi du Europako Batasunak Konstituzio proiektuari buruzko eztabaida; hau da, kide berrien sarrera data baino lehen eta Europako hauteskundeak egin aurretik. Behin betiko testua adosten denean, estatu bakoitzeko herritarrei galdetuko zaie Konstituzioarekin bat egiten dutenetz. Nolanahi ere, gobernu bakoitzak erabakiko du galdeketa hori nola egin.
Osterantzean, Salonikako goi bileran adiskidetasun giroa irudikatu badute ere, EBko estatuen artean asko dira Konstituzio proiektuari buruzko ika-mikak; hala nola, estatu handiek eta estatu txikiek jokatu beharreko rolei buruzkoak, gobernu bakoitzak gorde beharko lituzkeen edo instituzio komunei laga beharko litzaizkiekeen eskumenen ingurukoak, Europako defentsa bateratuaren gainekoa… Urrian pil-pilean plazaratuko dira horiek guztiak.
EB-ren goi bilera Salonikan
Europako Konstituzioa "demokrazia eta askatasun berme" dela dio Arzalluzek
EAJ alderdiak ongi-etorri gozoa egin dio gaur goizean Greziako Salonika hirian aurkeztu den Europako Konstituzio proiektuari. Hain zuzen ere, egitasmo hori "demokrazia eta askatasun bermea" dela azpimarratu du gaur eguerdian Xabier Arzalluz alderdi horretako lehendakariak. Nolanahi ere, aurkeztu den testuak federalismoa ez aipatzea zein egungo estatuen mugei eskaintzen dien babesa kritikatu ditu Arzalluzek. Hala ere, etorkizunean koska horiek gaindituko direla nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu