Laurehun ekitaldirekin, ERC Esquerra Republicana de Catalunyak egin du ahalegin handiena Herrialde Katalanetan Europako Konstituzio itunaren kontrako bere jarrera azaltzeko. Kataluniaren eta katalanaren ezagutza ofizial eza batetik, eta testuari leporatzen dizkioten defizit demokratiko eta sozialak, bestetik, nagusi dira alderdian ezezkoa eskatzeko argudioak, Bernat Joan eurodiputatu errepublikanoak zehazten duen moduan.
Kanpainaren erdialdean izaki, zer nolako balorazioa egiten duzu?
Kanpaina liturgikoa da. Baiezkoa eskatzen dutenek sinesleen sostengua bilatzen dute, eta ezezkoa galdegiten dugunok horren zergatia azaltzen saiatzen gara. Konstituzioaren testuaz, benetan, soilik ezezkoa defendatzen dugunok hitz egiten dugu. Baiezkoa proposatzen dutenek egiten duten bakarra da atxikimenduak eskatzea ezarritako ordenuari, [Espainiako] estatuari, estatuaren batasunari, Europan estatuak mantentzeari... Guk gauza ezberdinak egiten ditugu.
Abstentzioa mehatxurik handiena da?
Abstentzioa ezezkoarentzat kaltegarria izango da oraingo honetan. Liturgian parte hartu nahi duen jende horrek mezetara doanaren antzerabaiezkoa bozkatuko du. Aitzitik, ituna txarra dela, ekarpen handirik egiten ez duela uste duten pertsonetako batzuk bozkatzera joango dira eta beste batzuk, aldiz, ez. Pertsona horietako gehienak bozkatzera joan daitezen saiatzea da gure lana.
Europako funtsen galeraz, Europako Batasunean Kataluniak duen lekua galtzeaz... hitz egiten da. Nahasmena ere ezezkoarentzako kaltegarria izango da?
Bai. Egia esateko, erreferendum frankistetan adinekoei esaten zietenaren oihartzunak dirudite: bozkatzera joan ezean pentsioak kenduko zizkietela... Segurtasunik gabeko giroa sortzen zuten. Antzeko gauza gertatzen ari da orain. Itun hau onartzen ez baldin bada ez dugu atzera egingo, ez dute deus aldatuko eta ezin da esan EBk erritmo normalarekin funtzionatzen jarraitzea eragotziko duen astindua egongo dela.
Zeintzuk dira ERCk itunaren aurka dituen argudio nagusiak?
Lehenak nazio arloarekin du zerikusia: ez gaituzte ofizialki onartzen. Katalana eta euskara ez dira ofizialak. Diskurtso publikoan esan da, dagoeneko, Euskal Herria bezalako herriek beren etorkizuna erabakitzea eragozteko balioko duela itun honek. Ezezkoaren aldeko argudioa da, guretzat aski litzateke horixe bakarrik. Horrez gain, badaude arlo demokratikoaren inguruko arrazoiak ere; hots, estatuen arteko ituna. Konstituzio bat Legebiltzarrak egina behar du izan, eta Europako instituzio boteretsu batzuk sendotu behar ditu; halere, itunak ez du hori egiten. Era berean, arlo sozialeko argudioak ere badaude. EB osorako ongizate estatua sendotzeko aukera paregabea galdu da.
Gainera, atzerriko harremanen, segurtasunaren eta defentsaren antolaketarekin lotura duten arrazoiakere badaude: esaterako, erabat zaharkituta dauden 25 sistema militar mantentzen jarraitzen dute. ERCren ustez, ezetz esateko bost ardatz funtsezko dira horiek guztiak. Horiek aletuta zera etortzen zaigu burura: zeintzuk dira baiezkoa esateko funtsezko ardatzak?
Baiezkoaren aldekoek Europako eskuin muturrarekin alderatu zaituztete; Europaren aurkakotzat eta 'probintzianotzat' jo zaituztete...
Demagogia zaharkitu eta onartezina da. ERCren kontrako aldean daude eskuin muturrak dituen arrazoiak, ezetz bozkatzeko eskatu duen eskuin muturrarenak; izan ere, estatu espainiarreko eskuin muturrak baiezkoa bozkatuko du. Frantziako eskuin muturrak ezezkoa bozkatuko du, Frantziak ahalik eta botere gehien manten dezan nahi duelako; subiranotasun nazionala estatu-nazioan datzala nabarmendu nahi du... Guk kontrakoa nahi dugu: estatuak boterea gal dezan, EBk boterea irabaz dezan, estaturik ez duten Europako herrialde ezberdinek boterea irabaz dezaten eta hori ordezkapen printzipioa segituta bana dadin.
Esanguratsua al da Espainiako presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta Frantziako Jacques Chiracek Bartzelona hautatu izana baiezkoaren aldeko mitin handia egiteko?
Bai, indar gehien duen estaturik gabeko nazioetako batean kontzentratzen delako estetismo guztia. Bartzelonan egin ezean, Bilboko Euskalduna jauregian egin behar izango zuketen. Ez nau batere harritzen. Katalunia eta Euskal Herria indar handia duten estaturik gabeko nazioak direla esan nahi du horrek. Europa honen eraketaren motor izan nahi duten estatuak gure herrialdeetan botoa oso bereizia agertzearen beldur dira.
Baiezkoak irabaziz gero emendakinak aurkeztuko dituzuela iragarri duzu...
Bai, ALE Europako Aliantza Librean konpromisoa hartu dugu lehenbiziko emendakina aurkezteko, Europako herrien aniztasuna ofizialki onar dadin.
EUROPAKO KONSTITUZIOA. «Katalunian eta Euskal Herrian botoa bereizia izatearen beldur dira estatuak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu