EUROPAKO KONSTITUZIOA

EUROPAKO KONSTITUZIOA. «Konstituzioak ahotsa emango digu nazioartean, eta hori ezinbestekoa da»

STOCKHOLM
2005eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Finlandiako Sami Legebiltzarreko Samediggi presidentea da Pekka Aikio. EBk samien alde lan ona egin duela uste du Aikiok, eta, beraz, samiek Europako Konstituzioa babestu egingo dutela nabarmendu du Berriarekin izandako solasaldian. Gogor kritikatu ditu, alabaina, Finlandiako Gobernuak EBren politikak indarrean jartzeko ezarritako oztopoak.

Nola eragin die samiei Finlandia Europako Batasuneko kide izateak?

Kontraesan arraroa gertatzen da kasu honetan. Europako Batasunaren kontzeptua eta EBk samiekin hasieratik izandako jarrera ona izan da guretzako alderdi guztietatik begiratuta. Finlandiak Europako Batasunarekin bat egitean sinatutako Samien Protokoloak (Suediak ere sinatu zuen) argi uzten du EBren jarrera ona. Helsinkiko gobernuak, ordea, ez ditu EBk samiak babesteko onartutako politikak indarrean jarri; legeria era okerrean interpretatu du, samien kalterako. Ondorioz, eta hona hemen kontraesana, Finlandiak Batasunarekin bat egin izanak Europan gure lurraldeetan aplikatu ez diren samien aldeko erabakiak hartzea ekarri du, eta guk eragin positiboa jaso ordez negatiboa pairatu behar izan dugu.

Zer alorretan jarri dizkio Finlandiako Gobernuak oztopoak Batasunak samiei laguntzeko hartutako erabakiei?

Samien bizitzeko oinarrizko jarduera ekonomikoei egin zaie kalte handiena. Adibide garbiena elur-oreinen zaintza eta ehiza da aspalditik datorren arazoa eta oraindik konpondu ez dena. Auzi horri aurre egiteko, samien lurraldeetan elur-oreinen abeltzaintzarako eskubidea bakarrik samien esku egoteko oinarriak finkatzeko legeria berezia onartu du Europako Batasunak. Finlandiako agintariek, ordea, ez dute legeria hori aintzat hartu nahi izan, eta hori aintzat hartu gabe indarrean jarritako Finlandiako Nekazaritza Legeak elkarren aurkako lehia itzelari eta gogorrari aurre egitera behartu gaitu.

Gauza bera gertatzen al da Suedian?

Ez, eta hori da gehien haserretzen gaituena. Izan ere, Suediako Gobernuak elur-oreinen zaintzarako eskubideak eman dizkie samiei ez oraindik guk nahi genukeen bezain esklusiboak, EBk proposaturikoari jarraituz, eta Norvegian ere eskubide hobeak dituzte, nahiz eta Batasuneko kide ez den. Azken finean, EBk samiei eskaintzen dizkien eskubideen alorreko hobekuntza hori gelditu egiten du Finlandiako Gobernuak, Batasunaren gomendioei entzungor eginez.

Zein da zuen ikuspuntua Europako Konstituzioari buruz? Finlandiako Gobernuaren jarreran eragina izango duela uste al duzue?

Europako Batasunak dagoeneko samiekiko jarrera ona izan du, eta orain are hobea izango da guretzat Konstituzioa onartzea. Samien egoera aipatzen da bertan, eta Finlandiak eta Suediak gure eskubideak errespetatuko dituztela agintzen dute testuari erantsitako xedapen gehigarri batean. Ondorioz, guk baiezkoa eman nahi diogu Konstituzioari, gure egoera hobetu besterik ez duelako egingo. Finlandiak ere are konpromiso handiagoa izango du gurekiko hori sinatu ostean. Gainera, kontuan hartu behar da gutxiengo diren herrientzat ezinbestekoa dela nazioartean ahotsa izatea, eta EBrekin eta horrelako organoekin dugun elkarlanak horretarako bidea ematen du, integrazio politikari aurre egiteko baliabideak eskainiz.

Konstituzioa urte amaieran Legebiltzarrean bozkatzea erabaki du Gobernuak, erreferenduma egin ordez. Erabaki horrekin bat egiten al duzue?

Eztabaida egon da Finlandiako gizartean erreferendumaren aldekoen eta aurkakoen artean. EBren aurrean Finlandiak beti betebehar berezi bat duela sentitzen duela iritzi diogu guk, ordea, eta, ondorioz, ez dugu usteinoiz Batasunaren edozein aholku edo politikari ezezkorik emango dionik.Hori horrela izanda, erreferendumak edo bozketa Legebiltzarrean egiteak ez du erantzuna aldatuko, eta horregatik izan dugu jarrera neutrala horren inguruan. Tamalez, Finlandiak Batasunarekiko bere egiten dituen betebehar eta konpromiso horiek ez dira samiekin zerikusia duten auzietan islatzen.

Suediako samiek ere Konstituzioaren eta Europako Batasunaren aldeko jarrera adierazi dute. Zer eragin izan du Batasunak beste estatuen menpeko lurraldeetan bizi diren samien arteko elkarlanean?

Suedia eta Finlandiako samiek ikuspuntu bateratua dugu, bai, Europako Batasunaren inguruan. Izan ere, EBk martxan jarri dituen proiektu askok lagundu digute gure arteko elkarlana sendotzen, baita Norvegian bizi diren samiekin ere, nahiz eta Norvegia EBko kide ez izan. Errusian bizi direnek baliabide eskasagoak dituzte, eta zailagoa izan da haiekin lanean aritzea, baina proiektuak egon badaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.