Ustezko ekintzaileak atxilotze gune sekretuetara eramatea leporatzen diote AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralari. Horretarako erabilitako hegazkinak Europako hainbat aireportutan gelditu direla salatu dute komunikabideek azken asteotan. Salaketa horiek badute oinarria, eta, beraz, sinesgarriak dira, Suitzako senatari eta Europako Giza Eskubideen Kontseiluko Auzi Juridikoetarako Asanblea Parlamentarioko Batzordeko presidente Dick Martyren ustez. Hegaldi eta kartzela sekretuen inguruko salaketak ikertu ditu Martyk azken asteotan, Kontseiluak eskatuta, eta txostena atzo aurkeztu zion Europako Giza Eskubideen Kontseiluari.
Europako Batasunak uko egin zion hasieran salaketak ikertzeari, baina EBko kideren batek kartzela sekreturik ezkutatuz gero EBren erabakietan parte hartzeko eskubidea kenduko ziotela ohartarazi zuen gero. Martyren ustez, ordea, Washingtonek Europan zituen kartzela sekretuak azaroan itxi zituen, The Washington Post egunkariak haien inguruko informazioa kaleratu eta gutxira. Europan zituzten presoak, berriz, Afrikako iparraldera eraman zituzten susmoa agertu zuen senatariak.«Aurkitutako aztarnek indartu egiten dute hainbat pertsona beren herrialdeetan bahitu eta, nazioarteko legediaren aurka, beste herrialde batzuetara eraman dituzten susmoa», zioen Martyk aurkeztutako txostenak. Horiek hala, AEBek komunikabideek zabaldutako informazioa gezurtatu edo egiaztatu ez izana gaitzetsi zuen senatariak, eta lehenbailehen azalpenak emateko eskatu zion AEBetako presidente George Bushi. AEBetako Estatu idazkari Condoleezza Riceren jarrera ere salatu zuen. Ricek ukatu egin zuen Washingtonek presoak torturatzen zituela, baina ez zuen hegaldi sekretuei buruzko informaziorik eman nahi izan.
«Goizegi» inor salatzeko
Komunikabideek zabaldutako informazioaren arabera, CIAren kartzela sekretuetan dauden presoek torturak eta tratu txarrak jasan dituzte. Baina Martyren esanetan, «goizegi» da oraindik EBko kideren bat CIArekin elkarlanean aritu dela esateko. «Hala ere, zenbait herrialderen aurkako salaketak frogatuz gero, giza eskubideak urratzea leporatuko diote». Haren esanetan, zail da pentsatzea halako operazio bat egin daitekeela gobernuen nolabaiteko lankidetzarik gabe. «Helburua ez da norbait zigortzea, egia jakitea baizik, europarrek egia jakiteko eskubidea dutelako».
Kartzela sekretuetako batzuk Polonian eta Errumanian zeudela salatu zuen azaroaren hasieran The Washington Post egunkariak. Senatariak salaketa horien inguruko informazioa eskatu zien bi herrialdeei, baina Poloniak ez zion eskaerari erantzun. AEBek, berriz, Ricek abenduaren hasieran egindako agerraldian esandakoari buruzko informazioa bidali besterik ez zuten egin. Horretaz gain, 31 hegaldi susmagarriri buruzko datuak eskatu zizkion Martyk EBko Sateliteen Kontrolerako eta Eurokontrolerako Zuzendaritzari. Hark, ordea, ez zizkion eskatutako datuak eman, horretarako baimenik ez zuela argudiatuz.Salaketak ikertzeko konpromisoa hartzeko eskatu zion senatariak Europako Kontseiluari. Erakundeko kide Tony Lloiden esanetan, berriz, Europako Batasunaren bihotzean halakorik gerta daitekeela pentsatzea da zailena. Europako Giza Eskubideen Kontseilua II. Mundu Gerraren ondoren sortu zen, demokrazia eta giza eskubideak bultzatzeko.
El Masriren bahiketa
Khaled el Masri alemaniarra izan zen CIAk bahitutako pertsonetako bat. Haren abokatu Manfred Gnjidicek Mazedoniako Gobernuak bahiketan zerikusirik izan zuen ikertzeko eskatu zion atzo Europako Batasunari. Haren arabera, ezin liteke EBko kide batek hiru astez herritar alemaniar bat atxilotuta eduki eta Alemaniako enbaxadari edo EBri jakinarazi beharrean Washingtoni deitzea.
El Masri 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, Mazedonian. Hiru astez eduki zuten preso, eta denbora horretan ez zioten Alemaniako enbaxadarekin edo bere familiarekin hitz egiten utzi. Ondoren, CIAren esku utzi zuten, eta haiek Afganistango kartzela batera eraman zuten. Han igaro zituen bost hilabeteetan torturak eta tratu txarrak jasan zituela salatu zuen El Masrik.Washingtonen arabera, Al Kaedako kide batekin nahastu zuten atxilotua eta horregatik eraman zuten Afganistanera. El Masrik eta haren abokatuak, ordea, ez dute AEBen bertsioa sinetsi. Haien ustez, hasieratik zekiten atxilotua nor zen.
Europako Kontseiluak sinesgarritzat jo ditu CIAren kontrako salaketak
Europako kartzela sekretuak itxi eta presoak Afrika iparraldera eraman dituztela diote ikertzaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu