Europako Parlamentua ere ahalegindu da, Zuk erabakitzen duzu lelopean herritarrei bozetan parte har dezaten eskatuz. Baina, ekonomia krisia guztien ahotan dela, gutxik uste dute euren botoak zerbaitetarako balioko duenik. 27 estatutako hautagaiak lehiatuko dira gaur hasi eta igandean amaituko diren hauteskundeetan, 375 milioi herritarrek dute botoa emateko eskubidea, eta haiek egindako hautuaren arabera banatuko dira Parlamentuko 736 eserlekuak.
Burokraziaren makineria
EBko erakunde sistema konplexua da, eta horren emaitzak maiz ez dira argiak izaten. Haietan hartutako konpromisoak ulergaitzak izaten dira, teknikoegiak; horregatik diote adituek aurrera edo atzera egin den jakite hutsa ere zail bihurtzen dela herritarrentzat. EBko estatuak adina hizkuntza erabiltzen dira Europako Parlamentuan: 23, zehazki. Baina diputatuek elkarren artean komunikatu ahal izateko beharrezko dituzten baliabide guztiak ez dira Europako Batasunak funtzionatu dezan behar duen makineria itzelaren pieza txiki bat besterik.
Haatik, norbere herrialdeko alderdiek aurkeztutako zerrendaburuez gain, gutxi-askok ezagutzen dituzte han lanean ari diren parlamentariak. Horrek guztiak eta kanpaina Europara begira baino gehiago norbere herrialdeko politika xede hartuta egin izanak bigarren mailako hauteskunde bihurtu ditu gaurtik igandera bitartekoak.
«Herritarrek botoa eman dezaten, eskura dugun guztia egin behar dugu. Izan ere, Europako Batasunaren alde daudenek egiten ez badute, muturrekoak indartsu bihurtuko dira eskuinean eta ezkerrean», ohartarazi zuen orain gutxi Hans Gert Pottering Parlamentuko presidenteak. «Ez dut EB suntsitu nahi duten horiek batasunaren etorkizunean zeresan handia izatea nahi». Euroeszeptikoak eta Europarekiko interesik ez dutenak ugaritu ahala, talde politiko nagusien kaltean, txikiek indar hartuko dutela aurreikusten dute adituek. Ekonomia krisiak, besteak beste, haizea eman baitie muturreko joerei, eta orain arte ordezkaririk izan ez duten taldeek, ondorioz, Parlamentuan tokia egingo dute.
Eskuinak indar hegemoniko izaten segituko du, dena dela. Hala dio Burson-Marsteller aholkularitza taldeak. Azken asteetan botoen esku aldatzeak izan direla ohartarazi du talde horrek berak, ordea; bereziki, berdeen, liberalen, soberanisten eta independenteen alde izan da aldaketa. Eta horrek hiru talde politiko nagusiak mehatxatzen ditu: Europako Alderdi Popularra, Alderdi Sozialista eta Alderdi Liberal Demokrata Erreformista.
Estrasburgon eserleku bat lortzeko, lehen aldiz, orain arte inork gutxik ezagutzen zituen alderdiak lehiatuko dira. Libertas taldea da horietako bat, Lisboako Ituna onartzeko erreferendumean ezetzaren aldeko kanpaina egin zuena. Suedian Piraten Alderdia dago, Internetetik musika eta filmak doan jaisteko eskubidea aldarrikatzen duena. Italian bada beste talde alternatibo bat, Europan gizonen berdintasuna aldarrikatzeko asmoz sortua.
Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu ohi diren molde arrunt eta zurrunekin hausten dute horiek guztiek; eta abstentzioa handia bada, organo legegilean zeresana izan dezaketela aurreikusten da.
Alderdi handi eta txikien arteko lehia, hala ere, ez da orekatua. Hori salatzeko hasi dute Italiako 150 diputatu eta senatarik gose greba, guztiak Italiar Erradikalen alderdikoak. Emma Bonino Senatuko presidenteordea buru dutela, telebista publikoak euren kanpaina egiteko aski tarte eman ez dietela salatu nahi dute.
Hauteskundeak aitzakia
Europako Parlamenturako hauteskundeak agintean diren alderdiak zigortzeko eszenatoki apropos bihurtu dira. Tokian-tokiko hautagaiak izaten dira maiz horri bide ematen diotenak, Europari baino gehiago herrialdeko politikari arreta handiagoa jartzen baitiote euren kanpainetan. Boto-emaileei ezin zaie askorik eskatu, beraz: haiek kanpainan irentsitakoaren arabera ematen dute botoa; Europako Parlamenturako hauteskundeetan, beraz, boto nazionala nagusituko da. Erresuma Batuan, besteak beste, diputatuen gehiegizko gastuen polemikak baldintzatuko ditu bozak. Gaur dute hitzordua, Ipar Irlanda, Eskozia, Gales eta Herbehereekin batera. Dena dela, Erresuma Batukoa ez da adibide bat besterik: Grezian ere hauteskundeak Gobernuaren kudeaketa zentsuratzeko baliatuko dituztela uste da.
Berrikuntza Politikorako Fundazioak (Frantzia) argitara eman duenez, halaber, bada indartuz doan beste joera bat: gerrak amaitu eta prosperitate ekonomikoa lortzeko xedez Europako batasun politikoaren aldeko zirenen artean desilusioa nagusitu da. Beste aldean, kontrapisu gisa, Europa aukera gisa ikusten hasi direnak daude. Gazteak dira, bereziki, ikuspegi positibo hori hartzen hasi direnak.
Lisboako Ituna, airean
Parlamentuaren osaera berria behin erabakita, horren lehen zereginetako bat Europako Batzordeko presidente berriaren izendapena berrestea izango da. Hilaren 18 eta 19an egingo den Europar Kontseiluan dute EBko exekutiboko buruzagia aukeratzekoa; Legebiltzarraren zeregina hori berrestea izango da -Jose Manuel Durao Barroso egungo Batzordeko presidentea da oraingoz faborito-.
Halaber, EBko herrialdeei zuzenean eragiten dien legedia garatzeko zeregina izango du; hala nola, klima aldaketari, batasunaren hedapenari, immigrazioari, arrantza eta nekazaritzari, edo ekonomia gaiei dagozkien neurriak akordatu beharko dituzte europarlamentariek. Materia guzti horien gainean EBko Kontseiluarekin arituko da eskuz esku.
Lisboako Ituna indarrean jartzen bada, ordea, Parlamentuak legegintzarako eskumen gehiago eskuratuko ditu; EBk jaiotzetik izan duen hutsune demokratikoa konpontzen beste urrats bat egin nahi du airean den itun horrek. Dena dela, hitzarmena indarrean jarriko bada, Irlandak ez ezik, Alemaniak, Poloniak eta Txekiak berretsi egin beharko dute.
Erresuma Batuan Gordon Brownen etorkizun politikoa erabakiko dute gaur
Europako Parlamenturako hauteskundeekin batera udal bozak dituzte egitekoak gaur Erresuma Batuan. Diputatuen gehiegizko gastuen auziak sortu duen polemikak Gordon Brown lehen ministroaren alderdiari zenbateraino eragin dion argitzeko balioko dute horiek; gobernuburuaren etorkizun politikoa erabakitzeko erabakigarriak izango dira, beraz. Inkesten arabera, laboristak jasoko dute kolpe gogorrena, ez bakarrik gastuen polemikagatik, baita ekonomia krisiaren aurrean Gobernuak egin duen kudeaketagatik ere.Brownen gobernuan gauzak ez doazela ondo kontu jakina da, hala ere. Atzo bertan, besteak beste, Hazel Blears Komunitateetako ministroak dimisioa eman zuen, gastuen auziagatik.