Herrialde adina egoera eta jarrera. Estrasburgoko Parlamentuan ordezkariak dituzten edo lortu nahi lituzketen estaturik gabeko nazioen panorama da hori. Nork bere herrialdean duen sostenguak bezainbat baldintzatuko dituzte tokian tokiko hauteskunde sistemek talde politikoen emaitzak. Egoera hori islatzen dute honako adibide hauek guztiek.
1. Eskozia
Erresuma Batuan Europarako bozen zerrendak eskualdeka antolatzen dira. 2004ean, Parlamenturako hautatu zituzten 72 eurodiputatu britainiarretatik bi SNP Eskoziako Alderdi Nazionalekoak ziren. Nazionalistek izan duten gorakada aintzat hartuta, gaur egitekoak dituzten hauteskundeetan sostengu bera edo handiagoa lortuko dute.
2. Gales
Plaid Cymru GalesHerriaren Alderdiak pasa den hauteskudeetan lortutako babesari esker, Europako Parlamentuan Galesko bi ordezkari izan dira. Hastear den legegintzaldian legebiltzarkide kopuru bera mantenduko dutela diote aurreikuspenek.
3. Irlanda iparraldea
Uhartea batzearen alde den Sinn Fein alderdi errepublikanoak Irlanda iparraldeko jarleku bakarra eskuratu zuen duela lau urte. Errepublikan ere emaitza onak izan zituen Sinn Feinek, 1999ko bozetan eskuratutako boto kopurua ia bikoiztuz. Europako alderdi autonomista edo independentista gehienak ALE Europako Aliantza Askea /Ekologistak talde parlamentarioan baldin badira, Sinn Fein GUE Europako Ezker Bateratua/Ezker Berde Nordikoa taldeko kide da.
4. Flandria
Flandriar, frantziar eta alemaniar hiztunen hauteskunde barrutietan aukeratu beharreko eurodiputatu kopurua 24tik 22ra txikitu da: Flandrian hamahiru hautatu behar dituzte, Valonian zortzi eta bakar bat alemaniar hiztunen barrutian. Flandria burujabe baten alde dauden indar politiko bakarrak Cd&V/N-VA koalizioa eta Vlaams Belang dira. Cd&V/N-VA koalizioak lau eurodiputatu lortu zituen 2004ean, eta Vlaams Belangek, berriz, hiru.
5. Hego Tirol
Iaz Estrasburgoko Parlamenturako hauteskunde eredua aldatu zuen Erromako gobernuak, eskualde andana bateratzen dituzten barrutiak eratuz. Hori dela eta, Hego Tirolen boterean den SVP alderdi autonomista nagusiak 2004ean lortutako eserlekua mantendu ahal izango duenik ez da segurua.
6. Sardinia
Italiako Gobernuak indarren jarritako Hauteskunde Legearen ondorioz, Sardiniak eta Siziliak barruti bera osatzen dute. Egoera horrek ez die aukerarik ematen Sardiniaren herri eskubideen alde diharduten talde politikoei. Hori dela eta, IRS Sardinia Errepublika Independentea alderdiak baliogabekoa izango den botoa emateko eskatu die herritarrei. «Hauteskunde lege bidegabea» dioen papertxoa sartuko dute Europarako Parlamenturako hautestontzietan.
7. Aostako ibarra
Erromak finkatutako hauteskunde sistema berriaren ondorioz, Aostako alderdi politikoek ez dute Parlamentuan ordezkaririk izateko aukerarik, ez behintzat euren kabuz aurkeztuta. Izan ere, Aostako ibarrak Emilia eta Romainia eskualdeekin batera osatzen du hauteskunde barrutia. Egoera horrek, eta, baten edo bestaren alde aukeratu beharrak, zatiketa eragin du Aostako autonomisten artean. Union Valdotaine indar politiko nagusiak Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroaren alderdiarekin batera aurkeztea erabaki du. Hala eginda Aostako ordezkari bat lortuko dutela uste dute. Aldiz, Renouveau Valdotain oposizioko alderdiak Di Pietro epaile ohia buru duen Baloreen Italia koalizioarekin batera aurkeztea erabaki du.
8. Korsika
Korsikako herritarrak Frantzia Hego Ekialdeko hauteskunde barrutikoekin lehiatu beharko dute. Egoera horretan, uhartearen autonomiaren edota burujabetzaren alde diren talde politikoek jarrera ezberdinak hartu dituzte. PNC alderdi autonomistak Europe Ecologie koalizioaren eskualdeko zerrendan bere hautagaietako bat aurkeztu du, ordezkariren bat lortuko duelakoan. A Manca Naziunale ezkerreko taldeak, berriz, ordezkari bat izango du Frantziako NPA Alderdi Antikapitalista Berriaren hautagaien artean. Aldiz, Corsica Libera indar independentistak ez lehiatzea erabaki du. Jarraitzaileei, halaber, botoa askea eskatu die.
9. Bretainia
Bretainiaren eskubide historikoak aldarrikatzen dituzten talde politikoen artean ere Korsikan gertatutakoaren egoera antzerakoa bizi dute. UDB alderdi autonomistak Europe Ecologie eskualdeko zerrendari botoa emateko eskatu die bere jarraitzaileei. Parti Breton Skoazel Breizh zentro-eskuineko alderdi autonomista berriak, aldiz, zerrenda propioa osatu du. Emgann ezkerreko talde independentistak, azkenik, abstentzioa aukeratu du.
10. Herrialde Katalanak
Soberanisten botoak eurenganatzeko lehian ari dira CIU Convergencia i Unio eta ERC Esquerra Republicana de Catalunya. Europaren Alde koalizioan aurkeztuko la lehenengoa, Bloc Nacionalista Valencia eta EAJrekin batera. ERC, berriz, Herrien Europa koalizioarekin. Aralar eta EA ere koalizio horretako kide dira. Batak zein besteak beste herrialdeetako alderdiekin bat egitea erabaki du, hala, Europako Parlamentuan Kataluniari ahotsa ematea lortuko dutelakoan. Bada Herrialde Katalanen independentzia aldarrikatzen duenik ere: Partit Republica Catalak helburu horixe jaso du bere hauteskunde programan.
EUROPAKO PARLAMENTURAKO HAUTESKUNDEAK. Nazio txikien erronka
Estatu propiorik gabeko herrialdeetako talde politikoak Estrasburgon ordezkariren bat lortzeko lehiatuko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu