Katalunia. Politika orokorrari buruzko eztabaida

Europan estatua izateko aukeraz galdetzea onartu dute Katalunian

Kataluniako legebiltzarkideen ia bi herenek onartu dute «lehentasunez» hurrengo legealdian deitzea erreferendumeraCiUk eta ERCk proposatutakoa ICVk, SIk eta PSCko Maragallek ere babestu dute

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Diadaren eguneko manifestazio historikoa izan zenetik atzo arte bi aste eta bi egun besterik ez da igaro, baina abiadura bizian joan dira gertaerak, eta itxuraz, behintzat, etorkizunerako garrantzitsuak izango diren erabakiez josiak: 1,5 milioik kalean independentzia aldarrikatzetik, Madrilekin zereginik ez dela irudikatu eta Kataluniako Legebiltzarraren ia bi herenek autodeterminazioaren inguruko erreferenduma babesteraino, tartean plebiszitarioak izango diren hauteskundeen aurrerapenarekin. Azaroaren 25eko bozetatik aterako den gobernu berriari egokituko zaio herritarrei galdetzeko prozesua abiatzea, eta ahal bada, «lehentasunez», datorren legealdian deitzea onartu dute 135 legebiltzarkidetatik 85ek; kontrako botoa 21ena izan da soilik. Gehiengo zabal horren babespean abiatuko da Katalunia Europako estatua izateko prozesua.

Kataluniako politika orokorrari buruzko azken eztabaidak ezer gutxi izan du ohikoetatik. Herri baten etorkizuna jokoan, subiranotasunaren aldekoen eta kontrakoen indar neurketa etengabea izan da. Eta herri galdeketa bat egitearen aldekoen hartuemanak eromenezkoak, testu batean denak bildu ahal izateko. CiUk proposatu zuena negoziatzen aritu da ERC, eta ondoren aldeko botoa eman dute ICVk, Solidaritatek, Joan Laportak, etaPSCko Ernest Maragallek berak ere, hark alderdiak ezarritako diziplinari uko eginda. PPCk eta Ciutadansek ezezkoa eman diote, eta PSCko gainerako legebiltzarkideek abstentzioaren alde egin dute. 135 legebiltzarkidetatik 84 egon dira alde, 25 abstentzio, eta 21 kontra. Lau legebiltzarkide falta ziren (bi CiUko eta bat PSCko), eta sozialisten mahaiko presidenteordeak, Higini Clotasek, ez du botorik eman.

Autodeterminazioaren gainean galdetzeari buruzko hiru ebazpen aurkeztu dituzte, baina CIU eta ERCrenak egin du aurrera soilik. ICVk eskatu du galdeketa «halabeharrez» egitea datorren legealdian «lehentasunez» egin beharrean, eta PSCk eskatu du «legearen barruan» katalanek «aske erabakitzeko» eskubidea izatea, bi formula emanez horretarako: erreferendumaren bidez —Espainiako Gobernuaren babesa behar luke—, edo binkulantea ez den galdeketaren bidez —Legebiltzarrak proposa lezake Madrilen baimenik behar izan gabe—.

Manifestazioan eskatutakoari bide egiteko, Madrilek nazio gisara hazteko etengabeko trabengatik eta katalanek nahi dutena izateko eskubidea dutelako erabaki dute galdeketari bidea egitea. Negoziazioetan egutegi finkorik ez egoteak sortu du hika-mika gehien. Proposamenarekin bat egiteko beharrak duen garrantzia kontuan hartuta, berriz, ahal bada, lau urteko epean egitearekin konformatu behar izan dute baiezkoa eman dutenek. ERCk 2014ko data ere eskatua zuen, ANC Biltzar Nazional Katalanak eskatzen duen bezala.

PSC, bidegurutzean

PSCk buruhauste handia izan du ebazpenen kontura, alderdiaren barruan gaur egun daukaten nahastearen isla. Alderdian Madrilera edo Kataluniara begira daudenen artean ez dute erabaki xamurra hartu. PSCren talde parlamentarioak CiUk eta ERCk egindako proposamenari abstentzioarekin erantzutea erabaki du hiru orduz luze eztabaidan aritu ondoren. PSCk berak aurkeztutako ebazpenari eman diote soilik baiezkoa, erreferendumera deitzeko beharrezko aldaketak eskatuz. Galdeketa hitza ere aipatu dute, eta Parlamentek haren alde bultzatutako balizko prozesua onartzeko aukerari ere bidea irekita utzi diote, baina nork bere botoa emateko aukerari uko egin behar izan diote, alderdiaren interesen alde. Ernest Maragallek apurtu du taldearen erabakia. Itun fiskalari buruzko bozketan ere gauza bera egin zuen.

PSCren bigarren eledun Rocio Martinez-Samperek eman ditu argudioak. Bi alde oso bereizita ikusten dituzte Kataluniako Legebiltzarrean, eta bien arteko aldeak nabarmendu nahi izan ditu, «legetik hutsera igaro nahi dutenen eta legea inmobilismorako ezkutu gisara erabili nahi dutenen artean», eta beraz, bere alderdia «Kataluniaren hirugarren estandarte» gisara aurkeztu du.

Abstentzioa horregatik proposatu du. «Gauzek aldatu behar dute, baina denak berdinak egiten gaituen legearen barruan», eta erreforma dago, haren ustez, «muturreko» bi aldeen artean:«Ez gara dena edo ezer ez nahi dugunak; hirugarren bidea proposatzen dugu», eta erantsi du: «Eta herri bakar bat gara». PSCk bihar jakinaraziko du taldea osatzeko prozesua. Primarioak ez dituzte egingo, eta euren artean dagoen krisia estaltzeko ahaleginak egingo dituzte. Proposamen argiak egitea, ordea, zailagoa dute.

PPCk egunotan esandakoaren bidetik egin du agerraldia legebiltzarrean. Haren ustez, behin eta berriz errepikatu izanagatik, CiUk hauteskundeak aurreratu ditu bere politiken eta neurrien porrota ezkutatzeko, eta autodeterminazioaren inguruko herri galdeketaren gainean ohartarazi dio ez duela babes juridiko konstituzionalik, ezta nazioartekorik ere, eta Europako Batasunetik kanpo geratuko litzatekeela.

Pujolek aurreikusitakoa

Jordi Pujol Gereralitateko presidente izandakoak Madrilen egin zuen azken agerraldian, 2003an, Jose Maria Aznar orduko Espainiako presidenteari leporatu zion gobernua hobetzeko eskaera bat bera ere ez zuela aintzat hartu, bainaohartarazi zion bere ondorengoak ez zirela gutxiagorekin konformatuko. Ia hamar urtera beste behin autogobernu gehiago eskatzera joanda Mariano Raxoiren ezezkoarekin topo egin du Pujolen ondorengoak. Oraingoan itun fiskalari ezezkoa eman diote, baina lehenago Estatutua izan zen. 2010ean milioi bat lagun haserre atera ziren kalera Kataluniako Legebiltzarrak onartutakoa Espainiako legebiltzarkideek eta Auzitegi Konstituzionalak txikitu egin zutelako. Legebiltzarrean onartutako itun fiskalak ere bide bera egiteko zori bera zuen, baina 1,5 milioi pertsonak geldiarazi zuten aldez aurretik itxia zegoen prozesua. Manifestazioan du abiapuntua atzo onartutako ebazpenak, herritarren borondateari zor zaion ekimen politikoa dela nabarmenduz. Herritarren ekimen gehiago beharko du aurrerantzean prozesuak hitz hutsean gera ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.