Munduko Meteorologia Agentziak berretsi behar du oraindik berria, baina Italiako agintariek jakinarazi dute Europan inoiz erregistratutako tenperaturarik altuena jaso dutela Siziliako Sirakusa hiritik gertu, Italian: 48,8 gradu. Afrikatik heldutako antizikloi batek eragin du Italia jasaten ari den bero bolada —orain arteko tenperaturarik altuena, 48 gradu, Grezian neurtu zen 1977an—. Goi presioko gune bat da antizikloia, non presio horren eraginez haizea beherantz mugitzen den, poliki eta errotazio mugimendu bat eginez; hala, eguraldi egonkorra mantendu ohi du.
Meteorologoek iragarri dute Luzifer-ekiparraldera egingo duela hurrengo egunetan, kontinentean zehar eta datozen 24 orduetan tenperaturak zortzi eta hamabost gradu artean igotzeraino. Ondorioz, Italiako Osasun ministroak alarma gorria piztu du beroak eragin ditzakeen arazoengatik. Azken urteetako bero boladarik okerrena jasaten ari da Italia azken asteetan, eta horrek suteak eragin ditu hainbat eskualdetan, alerta mailarik gorena pizteraino. Sizilia, Calabria eta Puglia dira gogorren jotako eskualdeak.
Suhiltzaileek jakinarazi zuten atzo, Sizilian eta Calabrian bakarrik 300 esku hartze egin behar izan zituztela, 12 orduko tartean. Hildakoak ere eragin dituzte suek, hiru orain arte, bi Calabrian eta bat Sizilian. Italian bakarrik ez, Grezian ere hondamendia eragiten ari dira suak. Han Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak aitortu du «inoizko udarik okerrena» dela.
IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko taldeak aste hasieran iragarri zuenez, gainera, datozen urteetan ugaritu egingo dira halako fenomenoak klima larrialdiaren aurkako neurriak hartu ezean, eta, horiek hartuta ere, adituek zail ikusten dute 2040rako tenperaturak 1,5 gradu igotzea saihestu ahal izatea —dagoeneko 1,1 graduko igoera erregistratua dute adituek—.