Erresuma Batuak heldu den urteko martxoaren 29an utziko du EB Europako Batasuna. Bi aldeen hasierako asmoa zen udazkenaren hasierarako akordio bat egina izatea, Erresuma Batuko Parlamentuak eta Europakoak itun horren inguruan bozkatu dezaten. Egutegia estutzen ari da, ordea. "Urria izanen da egiaren ordua", adierazi du gaur Tuskek, Erresuma Batukoa ez bertze 27 estatuetako agintari gorenekin Salzburgon (Austria) elkartu ondoren. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak joan den uztailean aurkeztu zuen brexit-erako plana, baina Europar Kontseiluari ez zaio baliogarria iruditu: "Lankidetza ekonomikorako proposatu den zirriborroak ez du balio".
Aduana batasunarekin, eta, horrekin lotuta, Irlandako mugarekin gertatuko dena da desadostasun iturri nagusia. May goizean elkartu da Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroarekin. Varadkarrek erran du "hagitz bilera ona" izan dutela, baina Mayri ohartarazi dio "denbora bukatzen" ari dela. "Irlandak akordiorik gabeko egoera bat eragotzi nahi du, bistan denez". Mayk adierazi du "denbora gutxi barru" aurkeztuko duela mugarentzako bertze proposamen bat. Irlandan britainiar unionisten eta irlandar nazionalisten arteko bake akordioan (1998) puntu nagusietako bat izan zen errepublikaren eta Ipar Irlandaren artean muga irekia eta trabarik gabea ezartzea, eta errepublika eta Erresuma Batua EBren parte izateak hori erraztu zuen. Egoera hori mantentzeko ados paratu ezean, horren ondorioen beldur dira uhartean.
Europar Kontseilu honi "bilera informala" erran diote, eta kontseilu formala urriaren 18an eta 19an eginen dute. Hortik akordio batekin ateratzea espero du kontseiluak, eta, Tuskek jakinarazi duenez, "behar izanez gero" azaroan berriz elkartuko dira.