Europako Batasunean kezka iturri diren Hungariako Konstituzioko puntuak aldatzeko prest agertu da Viktor Orban lehen ministroa Europako Parlamentuan egin duen agerraldian. «Bruselarekin harremanetan jarri naiz, eta agintariei jakinarazi diet euren kezkak argitzeko ez dela arazorikegongo». Dena den, argi utzi du ez datorrela bat Europako Batzordeak egindako kritikekin, konstituzioaren erreforma erregimen komunistaren herentzia atzean uzteko egin dutela argudiatuz eta hori egiteko zailtasun handiei aurre egin behar izan dietela nabarmenduz.
Europaren eskakizunei men egingo badie ere argudioekin ez datorrela bat adierazi du Orbanek. Herenegun, Hungariako Konstituzioko hainbat puntu «Europako Batasuneko zuzenbidearekin bat ez datozela» argudiatuta, hiru zigor prozedura ireki zizkion Europako Batzordeak herrialdeari, eta hiru lege aldatzeko hilabeteko epea eman zion. Izan ere, lege horiek Banku Zentralaren, Justiziaren eta datuen babesaz arduratzen diren agintaritzen independentzia «arriskuan» jartzen dutela adierazi zuten EBko 27 komisarioek.
«Banku Zentraleko presidentea lehengo legebiltzarrak aukeratu zuen. Haren agintaldia 2013an amaituko da, eta hori ez da aldatuko», azaldu du Orbanek. «Finantza batzordeko kideak ere aurreko parlamentuak aukeratu zituen. Orain, kontseiluko kideen kopurua handitu baizik ez dugu egin nahi». Bruselak, baina, erakunde horren independentzia kolokan dagoela uste du; izan ere, gobernuari zuzendariorde berria nahi duen eran aukeratzeko ahalmena ematen dio konstituzio berriak. Orbanek, hala ere, atzera egiteko borondatea agertu du: «EBk horrekin arazoak baditu, prest gaude hark exijitutakoak onartzeko, baita Banku Zentralaren kalterako bada ere».
Konstituzioa aldatuko duela hitzeman duen bitartean, Hungaria kritikatzen dutenei legedi berriari «begirada bat» botatzeko eskatu die, eta herrialdearen kontra Europan altxatu diren ahotsak kritikatu ditu, bide batez: «Hungaria demokratikoa da eta izango da. Gure balioen alde egiten dugu, baita haizeak kontra jotzen duenean ere, baita haize horren indarra urakan baten parekoa izanda ere».
Bestalde, Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barroso kezkatuta agertu da, Hungariak aldaketak egingo dituela jakinarazi badu ere. «Hiru prozedura martxan jartzera bultzatu gaituzten kontu juridikoengatik baino gehiago, egoera politikoagatik nago kezkatuta. Hungariako demokraziaren osasunak arduratzen nau». Demokrazia errespetatzeko deia egin dio gobernuari, eta oposizioarekin eta gizarte zibilarekin dituen harremanak zaintzeko. «Bere herriaren eta Europako familiaren hobe beharrez Orbani zuzen eta irmoki erantzuteko eskatzen diot, anbiguotasunik gabe», gaineratu du Barrosok.
Orbanek burua makurtu izanaren arrazoia, berriz, NDF Nazioarteko Diru Funtsa eta Europako Batasuna Hungariari ematekoak diren 15.000 eta 20.000 milioi euroko maileguetan dago, askoren ustez. Lehen ministroak ukatu egin du hori. «Segurtasun sare bat nahi dugu, baina ez erreskaterik». Greziako egoera Hungarian errepikatzea saihestu nahi duela ere adierazi du. «Nahiago dugu merkatura joan Alemaniarren dirua onartu baino». Dena den, NDF maileguaren beharrean «tematzen» bada onartuko dutela jakinarazi du. Hungariak beharrezkoa du nazioartearen laguntza, kasik 5.000 milioi euroko zorra baitauka eta datozen hilabeteetan amaituko baita diru hori itzultzeko epea.
Prentsaren askatasun falta
Bestalde, Neelie Kroes Europako Batzordeko presidenteordeakprentsa askatasuna errespetatzeko eskatu dio, berriz ere, Hungariako Gobernuari, Klubradio irratiaren itxieraren ondotik. Izan ere, oposizioko irratirik garrantzitsuena zen Klubradio. Gobernuak lizentzia ez berritzea erabaki du hil honen hasieran, eta horrek Bruselan «geroz eta kezka handiagoa» eragiten duela jakinarazi du Kroesek. Oraingoz neurri juridikorik hartuko ez badute ere, ohartarazpen formal bat igorriko dute eskubideak betetzen ez badituzte.
Zoltan Kovacs Hungariako estatu idazkariaren arabera, egun indarrean dagoen Komunikabideen Legea bertako egoerara egokituta dago. Dena den, zerbait aldatu behar bada halaxe egingo dutela adierazi du.
Europaren eskariei men egingo die Hungariak, bat ez etorri arren
Barroso kezkaturik agertu da Hungariako demokraziaren egoerarekin, eta aldaketa irmoak egiteko exijitu dio OrbaniEuropako Batzordeak prentsa askatasuna errespetatzeko eskatu dio gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu