Joan den ostiralean abiatu ziren Eslovakiara, eta, hiru egun errepidean igaro ondoren, finkatutako helburutik gertuago daude Nergroup enpresa elkartearen egitasmoan parte hartu duten boluntarioak: 27 ukrainar iheslari ekarri nahi zituzten Euskal Herrira, eta dagoeneko ezagutu dituzte aurrez aurre. Kosice hirian elkartu dira goizean goiz, Eslovakian: azkenean 26 ukrainar izango dira; horietako zazpi umeak, eta hiru zakur eta katu bat ere ekarriko dituzte. Boluntarioetako bat da Idurre Lazkano BERRIAko Edizio arduraduna, eta bidaiaren berri ematen ari da sare sozialen bitartez.
Gurekin doazen ukrainarrak ezagutu ditugu! ðŸÂÂÂÂÂÂÂÂ’™ðŸÂÂÂÂÂÂÂÂ’› @berria@nergrouppic.twitter.com/Qfn97Bmlna
— Idurre (@_idurre_) March 7, 2022
Musuak, malkoak, irribarreak... Denetarik izan da furgonetetan sartzean. Gerratik alde egin duten iheslariak soilik ez, egitasmoan parte hartu duten boluntarioak eta gidariak ere hunkiturik mintzatu dira: «Hasi gara emozioekin: haur txikiak, banandu egingo diren familiak... Buelta egiteko gogoz gaude, eta dena ondo atera dadin nahi dugu», adierazi du Pablo Beristain gidariak. Barruak mugituta hitz egin du Jose Ignazio Amondarain gidariak ere. Giro ona sortzen saiatu da iritsi eta berehala: «Hementxe naiz, Natasha, Leo, Victoria eta Yanarekin hitz egiten, gustura».
â„ï¸ÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂElurretarn egin dituzte lehen kilometroak @berria@nergrouppic.twitter.com/doTpV8BitI
— Idurre (@_idurre_) March 7, 2022
Euskal Herrira bidean, elurretan egin dituzte lehen kilometroak. Bidaia luze eta nekeza dute aurretik, eta, sabela bete eta indarra hartzeko, lehen geldialdi bat ere egin dute. Euskal Herrira iritsitakoan, hutsik dauden eta hainbat boluntariok egitasmoaren antolatzaileen eskuetan jarri dituzten etxe eta logeletan egokituko dira 26 iheslariak. Antolatzaileen esanetan, «dei pila bat» jaso dituzte ukrainarrei logela zein etxeak eskaintzeko. Hala ere, bestelako laguntza ere beharko dutela nabarmendu dute; erakundeena, esaterako.
Ikusi gehiago:Furgonetak heldu dira Eslovakiara, eta deskargatu dute laguntza
Ukraina eta Eslovakia arteko mugara joan dira laguntza eskaintzera, Ukraina eta Polonia artekoan iheslari asko bai, baina gobernuz kanpoko erakunde asko ere badaudelako, eta laguntza saretuago dagoelako. «Eslovakiara ere ukrainar asko joaten ari dira, eta laguntza behar dute», adierazi du Atzio Orexa Nergroupeko Gizartearekiko Konpromisoko koordinatzaileak.
Bera da laguntza egitasmoaren arduradunetako bat, eta nabarmendu du ukrainarrei laguntzeko ekinbide hau ez dela ekintza bakana Nergroupentzat: elkarteko enpresek 11 urte daramatzate irabazien %5 elkartasun eta gizarte proiektuetarako baliatzen, eta langileek lanerako denboraren %2 eskaintzen diete. NegoBide Circulo Empresarialen laguntza izan dute.
Ikusi gehiago:Ukrainarrak hartzeko etxebizitza erabilgarriak behar direla azaldu du Jaurlaritzak