Ukrainarrak hartzeko etxebizitza erabilgarriak behar direla azaldu du Jaurlaritzak

Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak adierazi duenez, Ukrainatik datozen errefuxiatuak hartzeko «baliabideen mapa» lantzen ari da Jaurlaritza.

Ukrainako herritarrek herrialdea utzi dute. Leopolis hiriko autobus geltokia, joan den ostiralean. BORJA SANCHEZ TRILLO/ EFE
unai etxenausia
2022ko martxoaren 7a
11:40
Entzun

Ukrainatik milioi eta erdi lagunek egin dute ihesi dagoeneko, eta horietako batzuk Euskal Herrira etorriko dira edo jada iritsi dira. Gerra hasi zenetik euskaldunek elkartasuna adierazi diete errefuxiatuei. Eusko Jaurlaritza hasia da errefuxiatuei harrera egiteko guztia prestatzen. Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak adierazi duenez, Ukrainatik datozen errefuxiatuak hartzeko «baliabideen mapa» lantzen ari da Jaurlaritza. Orain garrantzitsuena «errefuxiatuentzat bizitokia bilatzea» dela esan du.

Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Elorzak azpimarratu du asteburuan zehar ukrainarrak «modu leunean» iritsi direla. Are, gehienbat, «harrera sozial eta familiarreko sare bat» duten pertsonekin etorri direla zehaztu du: «Gutxi izan dira sarerik gabe iritsi direnak, eta Euskal Herrian laguntzen zien familia bat zeukaten pertsonak izan dira orain arte iritsi diren gehienak».

Orain gehien behar dena ostatu erabilgarriak direla esan du Elorzak. Asteburuan, esaterako, laguntza eskaintzeko asmoz 1.700 familia ingururen mezuak jaso dituztela adierazi du. «Zati batek etxebizitza eskuragarriekin du zerikusia, eta beste batek, adingabeak hartzeko eskaintza egiten duten familiekin», zehaztu du. Eskaintza horiek guztiak Eusko Jaurlaritzak asteburu honetan horretarako prestatutako helbide elektronikoan jasotzen ari dira.

Bestalde, ohartarazi du Errusiaren aurka hartutako «aurrekaririk gabeko zigorrek Errusiako ekonomian ez ezik gainerako herrialdeetan ere eragina izango dutela».

Pablo Gonzalez euskal kazetariaren atxiloketari dagokionez, Elorzak esan du Eusko Jaurlaritza «harreman estuan» dagoela familiarekin eta Espainiako Gobernuarekin. «Varsoviako enbaxadarekin eta Ministerioarekin gestioak egin ditugu bere egoera ahalik eta lasterrena argitzeko eta dituen eskubideak zaintzeko», amaitu du.

Nafarroatik ere laguntza

Nafarroan ere Sos Ucrania izeneko klusterra osatu dute, gerran kaltetutako errefuxiatuei laguntza humanitarioa emateko. Ekinbidea Alas de Ucrania eta Berehynia elkarteetatik abiatu zuten. Bi elkarteekin batera, bat egin dute Nafarroako Erizainen Elkargoak eta Mugarik Gabeko Farmazialariek, besteak beste. Aldi berean, egitasmoak Iruñeko Udalaren, Foruzaingoaren, Guardia Zibilaren, Iruñeko Udaltzaingoaren eta Polizia Nazionalaren babesa du.

Berehynia elkarteko Yuriy Kvasnitskik prentsaurrekoan azaldu duenez, klusterraren helburua Nafarroako gizarteak Ukrainarako dohaintzak bideratzea da, materialak zein ekonomikoak. Horretarako, Guardia Zibilak Nafarroa osoan dituen 52 kuartelak eta Iruñeko udal merkatuak egokitu dira bilketa gune gisa. Nafarroako herritarrek botikinak, mantak, elikagaiak, latako janaria, lo zakuak, linternak, koltxonetak, ur berogailuak eta dirua eman dezakete, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.