AEB-ak

"Euskal mafiarekin" lotu dute Dave Bieter Boiseko alkatea

Alkate euskaldunak adierazi du bere aurkari politikoaren kanpainako boluntario batzuk bera eta "euskal komunitate osoa" kriminalizatu nahi izan dituztela udalerako bozketaren bigarren itzuliaren atarian. "Euskal amerikarra izateaz harro" dagoela nabarmendu du.

Dave Bieter Boiseko jarduneko alkatea, Boisen, ekitaldi batean, urriaren 16an. @BIETER4BOISE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko azaroaren 28a
15:19
Entzun

Dave Bieter Boiseko jarduneko alkateak bigarren itzulian lehiatuko da igandean, Idahoko hiriburuko alkatetzarako hauteskundeetan, Lauren McLean alderdikide demokrataren aurka. Eta bozketa erabakigarrirako egun gutxira, mikaztu egin da kanpaina. Bieterrek Twitter bidez jakinarazi duenez, herritar batek ohartarazi dio McLeanen kanpainako boluntario batzuk "euskal mafiarekin" lotu dutela. Euskal jatorriko alkateak onartezintzat jo du, eta barkamena eskatzeko galdegin dio bere aurkari politikoari.

"Euskal amerikarra izateaz harro nago. Boisekoa izateaz harro nago. Artzain baten alaba izanik, nire amak ulertu zuen komunitate batean ongi etorria izatearen garrantzia, Boisek gure familiari duela ehun urte baino gehiago egin bezala", adierazi du Bieterrek.

Jarduneko alkateak Twitterren zabaldu du herritar batek bere kanpainako arduradunei bidali dien mezua. Irakur daitekeenez, Bieterren aldeko plataformari ohartarazi dio McLeanen kanpainako boluntario batzuk "euskal mafiarekin" lotu dutela Bieter. "Esaten ari dira euskal mafiak babesten zaituela eta haren parte zarela".

Bieterren esanetan, "negargarria" da bere aurkariaren kanpainakoak bera "eta euskal komunitate osoa" erakunde kriminal sare batekin lotzea. "Hizkera hori ez da iraingarria bakarrik, arriskutsua ere bada".

Gaineratu du halako mezuak ez direla kontu berria. "Aurretik ikusia dugu hau: migratzaileak gaizkile eta errudun gisa aurkezten dira, azpiratzeko eta komunitatetik isolatzeko". Mexikar estatubatuarrek eta migratzaile latinoek jasaten dituzten erasoekin alderatu ditu mezu horiek. "Nire aurkariaren kanpainakoen ekintza horiek mingarriak dira niretzat eta nire familiarentzat, mingarriak dira euskal komunitatearentzat eta mingarriak Boiserentzat".

Bieterrek McLeani eskatu dio bere ibilbidea edo bultzatu dituen politikak kritikatu ditzala nahi badu, baina ez dezala kriminalizatu "etnia oso bat edo arraza talde bat". Alkateak ziurtatu du Boise hiri adeitsua dela, eta balio horri eutsi beharko lioketela hautagaiek ere. "Berdin dio nor garen edo nondik gatozen, gure adeitasuna da elkar lotzen gaituena eta boisear egiten gaituena".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.