Azken bost egunotan Bolivian 24 pertsona hil dituztela salatu du Evo Morales herrialdeko presidente ohiak erbestetik, eta erantzuleak identifikatzeko eskatu dio La Pazen ezarritako gobernuari. «Nazioartearen aurrean salatzen ditut gizateriaren aurkako lege hausteak; ezin dira zigorrik gabe geratu», esan du presidente ohiak Twitterren bidez.
Izan ere, Jeanine Añez Boliviako de facto-ko presidente izendaturikoak dekretu bat sinatu zuen joan zen ostiralean, indar armatuetako kideei justiziaren aurreko erantzukizun oro kentzeko «euren buruak defendatzen edo ezinbestean aritzen direnean».
«Atzotik, bederatzi pertsona hil dituzte Poliziaren eta indar armatuen errepresio bateratuan», Giza Eskubideen Ameriketako Batzordeak gaur adierazi duenez. Protestak hasi zirenetik denera 23 pertsona hil eta beste 715 zauritu dituztela salatu du erakundeak.
Nekazarien manifestazioa
Yungas eskualdeko nekazariek «manifestazio handi bat» antolatu dute gaurko El Alto hirian, gobernuaren ordezkaritzaraino. La Pazetik ipar-ekialdera dago eskualdea.
Manifestariak «giza eskubideak defendatzeko» bilduko dira, «wiphala [Boliviako indigenen bandera] errespetatzea eskatzeko, eta estatu kolpea eta indar armatuek Boliviako herriaren kontra arma hilgarriak erabili izana arbuiatzeko», Yungas eskualdeko Nekazarien Konfederazioaren Kontseiluak (Cofecay) gaur adierazi duenez. Manifestazioa goizeko 09:00etan hasiko da, Euskal Herrian 14:00ak direnean.
Moralesek presidentetzari uko egin zion azaroaren 10ean, indar armatuen presioak argudiatuta, urriko hauteskundearen emaitzen inguruko ika-mikaren erdian. Bi egun geroago, erbestera joan zen, Mexikora. Geroztik, eskuineko oposizioak behin-behineko gobernua osatu du Bolivian. AEBetako senatari Bernie Sandersek gaur salatu du Bolivian gertaturikoa «estatu kolpea» dela, eta Moralesek «lan ona» egin duela gaineratu du. Sanders demokraten hautagai izateko faboritoetako bat da AEBetako hurrengo presidentea aukeratzeko 2020ko hauteskundeetarako.