Boliviako ministro ohia

Nila Heredia: «Evok jende toxikoa du inguruan, eta ezinbestekoa dela sinetsarazi diote»

Nila Herediak, Boliviako ezkerreko militante eta Evo Moralesen gobernuan bi aldiz Osasun ministro izandakoak, abuztuko hauteskunde orokorren atariko egoera aztertu du.

Nila Heredia. BERRIA
Nila Heredia. BERRIA
Cecilia Valdez
2025eko uztailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nila Heredia (1943) Boliviako ezkerreko militante historiko bat da, Evo Moralesen lehen bi gobernuetan Osasun ministro izandakoa. Ernesto Guevara Che-rekin batera hasi zen aktibismoan, eta diktadura garaian jazarpena sufritu zuen. Orduko haren mutil laguna, Luis Stamponi argentinarra, desagertuta dago, eta Kondor planaren biktima izan zen —plan haren bidez, hainbat ekintza koordinatu zituzten Hego Konoko diktaduretan—. Atxilotu Desagertuen Senideen Elkarteko presidente izan zen Heredia, baita Boliviako Egiaren Batzordekoa ere, baina pena du epaiketarik egon ez izana. Urteak eta urteak eman ditu Boliviako politikarekin engaiatuta, eta abuztuaren 17ko hauteskunde orokorren atariko egoeraren analisia egin du; Evo Moralesen MAS Sozialismorako Mugimendua alderdiaren barruko istiluen ondorioz, jokaleku berriak sortzen ari dira. 

Behin esan zenuen MAS gobernuan egiten ari den prozesu politikoa burokratizatzen ari dela, sozialismo komunitarioa ez atzera ez aurrera gelditu dela eta, haren ordez, kutsu antineoliberaleko herri sozialismo nazionalista bat nagusitzen ari dela.

Bai. Neoliberalismoaren kontrako borroka zen logika. Garai hartan, prekaritate handia zegoen lan munduan, eta pobrezia ere asko areagotu zen, eta, beraz, neoliberalismoaren kontrako erreakzio oso handia piztu zen eskualdean. Bolivian egonik, gainera, gure biztanleriaren ezaugarriak ere gehitu behar zaizkio horri guztiari, indigena eta nekazari asko eta asko guztiz baztertuta bizi baitira arrazismoaren ondorioz. 2006an, Evok irabazi zuenean, prozesu politiko bat sortu zen, langile mugimendu nahiko ahuldu batean oinarritua. Prozesu politiko hark goraldi handia izan zuen 2000. urtean, uraren gerran, eta gatazkak 2003an jo zuen goia; hainbeste, non greben eta blokeoen eraginez gobernua behartua egon baitzen lehen aldiz nekazariekin eta aimarekin mahaian esertzera. Beraz, 2003an ondoez hura guztia ere izan zen, baina, oroz gain, logika antineoliberal bati eutsi zitzaion, ez logika antikapitalista bati.

Zer irizten diozu Evo Moralesen eta Luis Arce presidentearen arteko liskarrari?

Aipatu dudan logika horren ondorioa dela uste dut. Aitortzen dut Evok ondo gobernatu zuela lehen urteetan, baina funtsezko mamiari ez zitzaion heldu. Alegia: garai hartan, diru sarrerak handitu ziren enpresa sektore batzuekiko harremana aldatu zelako, gasaren eta petrolioaren sektoreekikoa batez ere, baina faboritismo handiz jokatu zen Ekialdeko Enpresa Agroindustrialarekin —Beni, Pando eta Santa Cruzeko departamentuek osatzen dute ekialdeko lurralde hori—. Ekialdea guztiz kontra zegoen, baina gobernuak kontzesio nabarmenak egin zizkion sektore horri, eta, beraz, haiek izan ziren gehien irabazi zutenetako batzuk. Hori ez da oraingo arazoa: aspalditik dator. Izan ere, mesede tratua eman diete, baina haiek ez diote ekarpen handiagorik egin herrialdeko ekonomiari, hau da, izugarri babestu da enpresa pribatua. Era berean, egia da gizarteari onuragarriak zaizkion zenbait tresnari ere eutsi zaiela, hala nola hezkuntza bonuei; horri esker, eskola uztea nabarmen apaldu da, eta ikasleak unibertsitatera iritsi dira, eta jende asko pobreziatik atera da. Haraneko eta ordokiko sektoreentzako nekazaritza politikarik, ordea, ez da egin, eta haiek eutsi diote eta eusten diote prozesu politikoari.

«Aitortzen dut Evok ondo gobernatu zuela lehen urteetan, baina funtsezko mamiari ez zitzaion heldu»

Horiek horrela, nola ikusten duzu Moralesen jarrera?

Nire ustez, Evok jende toxikoa du inguruan, eta ezinbestekoa dela sinetsarazi diote. Hortaz, Arceren kontra duen jarrera hori, jakinik Evok berak jarri zuela hor eta bazekiela nolakoa zen Arce, ezin da ulertu. Arce teknikari bat da, eta hor jarri zuen pentsatuz bere ministro izan zenean bezala erantzungo zuela, baina herritarrek berek eta oposizioak Arceri exijitu zioten bere nortasunari eusteko, eta hori ere logikoa da. Beraz, Arce pixka bat apartatu zenean, orduantxe piztu zen liskarra. Nik uste dut beti izan dela hor bosgarren zutabeko jendea, hots, Evoren inguruko jende bat hura barrutik ahultzea helburu duena. Denek aitortzen dute Evo aproposa dela gidari izateko, baina, aldi berean, badakite Arceren kudeaketa blokeatu duela eta hura neoliberala dela esaten ibili dela, eta ni ez nago ados horrekin. Ez da iraultzailea, baina oposizioaren alde ere ez dago.

Eta MASeko beste hautagaietako bat den hori, Andronico Rodriguez?

Uste dut Andronicok oinarri politiko sendoa duela, baina ez dirudi lehiarako aski indartsu dagoenik. Nekazarien esparrutik dator, eta prestakuntza ona du, baina orain arte ez du erakutsi diskurtso bat daukanik, edo aski indarrik Evorengandik urruntzeko eta aldi berean MASen ildoarekin bat datorren jarrera bat izateko. Hala eta guztiz ere, hauteskundeetara begira, hura da ezkerrak daukan figurarik sendoena.

Nola deskribatuko zenuke abuztuaren 17ko hauteskundeen atariko egoera?

Iruditzen zait eskuina oso nahasita eta sakabanatuta dagoela; hamar hautagaietatik zazpi-edo ditu, eta zazpi horiek zera egiten ari dira, hedabideak izugarri erabiltzen beren buruaren sustapena egiteko. Are: inkesta batzuek diote aurreneko tokietan geldituko direla Tuto Quiroga ultraeskuineko presidente ohia eta Doria Medina itxuraz ez hain eskuindarra, baina inkesta horiek manipulatuta daude. Hemen, noren alde bozkatuko duen esatetik ondo gordetzen da jendea, eta askok ez dute azkenera arte erabakitzen noren alde egin, baina, nolanahi ere, nire ustez Andronico hautatuko dute gehienek, eta Del Castillo ere bai, gaur egungo presidente Luis Arceren hautagaia.

Ez duzu uste eskuinak irabaziko duenik?

Hori ere baliteke, azkenean bat egingo dute-eta agian, baina, oraintxe, erdi liskartuta dabiltza denak. Uste dut litekeena dela bigarren bozaldi bat egotea, eta espero dut Evok orduan ez duela keinurik egingo eskuinaren alde bozkatzearen edo abstentzioaren alde, baizik eta jendea bozkatzera joatearen alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.