2002ko urritik lehenbiziko aldiz eseri dira Irlandako iparraldeko diputatuak dagozkien eserlekuetan, Stormonteko Legebiltzarrean. 2003ko azaroaren 26ko bozetako emaitzak emaitza, Londresek autonomia ia lau urtez etenda eduki izanak haiei Legebiltzarrean lanean hastea eragotzi die orain arte. Londresko eta Dublingo gobernuek hitzartutako plan bati jarraiki, iparraldeko diputatuak urratsez urrats ariko dira erakunde autonomikoak eta gobernu autonomoa osatzeko bidean. Helburua azaroaren 24a baino lehen autonomia berriz martxan eta exekutiboa osatuta edukitzea da. Atzo bide horretan lehen pausoak eman zituzten diputatuek, Stormonten unionista, nazionalista edota bestelako izenarekin erregistratuta.
Atzokoa formalitate hutsa izan zen, baina Legebiltzarra martxan jartzeko beharrezko neurria.
UUP Ulsterko Alderdi Unionistak autonomiaren inguruko batzorde bat eratzeko eskatu zuen, liskar politikoak saihesteko. Reg Empeyren alderdiaren 24diputatuei PUP Alderdi Unionista Aurrerakoiaren diputatu bakarra lotu zaio, elkarlanean aritzeko eta Sinn Feinen 24 diputatuak gainditzeko. Horrela, gainera, errepublikanoek baino ministro bat gehiago lortu ahal izango dute. Hain justu, PUP onartzeagatik UUP gogor kritikatu zuen atzo Raymond McCordek. UVF Ulsterko Boluntarioen Indarra talde paramilitar loialistaPUPren ingurukoa da, eta haren seme Raymond jipoituta hil zuen 1997an, Belfasten. «IRA egiten ari zenagatik utzi zuen Legebiltzarra UUPk duela hiru urte. Baina provo-ak ez zebiltzan protestanteak hiltzen, bai, ordea UVF».
Ordu batzuk geroago, UUPren eta PUPren arteko akordioa gaitzetsi, eta haiekin gobernua ez zuela partekatuko iragarri zuen DUP Alderdi Unionista Demokratikoko buru Ian Paisleyk. DUP alderdi nagusia da, 32 diputaturekin.
LONDRESEN AURKAKO KRITIKAK. Komunitate protestanteko zein katolikoko klase ertaineko ordezkariak biltzen dituen AP Alliance Partyko kideak izan ziren lehenak diputatu paperak betetzen. Ez direla ez unionista eta ez nazionalista zehaztu zuten, eta bestelako izena hautatu dute. Alderdiko diputatu eta Legebiltzarreko eledun Eileen Bellek Londresek bidalitako gutuna irakurri zuen. «Osoki martxan dagoen Legebiltzarrerako trantsizioa ikusteko esperantza dugu. Jakina, gainditu beharreko oztopoak egongo dira. Gainditu behar dira, diputatuek Ipar Irlandak azken urteotan pairatzen duen defizit demokratikoaren jarraipena haiei ez leporatzea nahi badute», zioen gutunak. Gutunaren egileak, Londresen Ipar Irlandarako ministro Peter Hainek, ez du deusetarako aipatu Londres izan zela, bere kasa, 2002ko urrian autonomia bertan behera utzi zuena. Eta oraindik Irlandako sei konderri okupatuta dituena.
Gainera, orduko hartan autonomia eteteko baliatu zuen argudioa, IRAk Stormonten espioi sarea zuela, faltsua zela agerian geratu zen. Espioi bat egon bazegoen, Denis Donaldson (Sinn Feinek Stormonten zuen bulegoko burua), baina IRArentzat ez, baizik eta britainiarrentzat lanean ari zela aitortu zuen Donaldsonek berak iazko abenduan.
Atzo Paisleyk Hain kritikatu zuen, «IRAk paramilitarismoa eta kriminalitatea betiko baztertu dituela konbentzituta» egon behar dutela berretsita. Orain arte Sinn Feinekin boterea partekatzeari uko egin dio DUPek, eta atzo ildo beretik aritu zen Paisley, Haini honela esanez: «Ene alderdiak ez du gobernuan inolako harremanik izango terrorismoarekin, hiltzaileekin eta krimenarekin lotuta dagoen ezein alderdirekin».
Sinn Feineko presidente Gerry Adamsek, aldiz, DUPren teilatuan utzi zuen prozesu politikoa gehiago ez trabatzeko ardura. «Gure lehentasuna exekutiboa albait lasterren eratzea izango da».
Bestalde, zortzi soldadu britainiar zauritu ziren atzo Drumanessen (Down konderria), zihoazen ibilgailuak istripua izanda.
Exekutiboa osatzea xede, abian da Ipar Irlandako Legebiltzarra
UUP UVFren adar politikoarekin, PUPekin, elkartzea gaitzetsi du DUPek, eta lankidetzari uko egin dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu