Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian heriotza zigorraren aurkako ebazpena aurkeztekoa da Europako Kontseilua hil honetan. Hori egitearen alde bozkatu zuen EBren Ministroen Kontseiluak iragan ekainean. Ekimena munduko beste eskualdetako hainbat estaturen aliantzarekin batera aurkeztuko dute. Asmoa, NBEk mundu osoko estatuei eskatzea heriotza zigorra bertan behera uzteko. Hori urrats bat litzateke zigor hori ezabatzeko.
AIk ekimen horrekin bat egiten duela esan du, baldin eta gidaritza eskualdeartekoa bada, hots, ez soilik EBk zuzendua.
AIren iritziz, exekuzioak bertan behera uzteko deiak ez du denbora mugarik izan behar. Izan ere, estatuek denbora behar dute legedia berriz aztertzeko eta zigorra ezabatzeko, edo behintzat nabarmen murrizteko, neurriak hartzeko.
Erakundeari jarraiki, 129 estatuk indargabetu dute heriotza zigorra, legedian edota praktikan. 2006an 25 estatuk exekutatu zituzten presoak. 2006an jakinarazitako exekuzioen %91 Txinan, AEBetan, Iraken, Iranen, Pakistanen eta Sudanen egin zituzten. Amerikan AEBetakoa da 2003tik exekuzioak egin dituen bakarra. Europan ez dute ia inor exekutatu azken urteetan, salbuespen nagusia Bielorrusia izaki. Afrikan sei estatuk egin zituzten exekuzioak iaz. Asiako kopuru orokorrik ez dute eman.
2005ean baino exekuzio gutxiago izan ziren iaz. 2005ean 2.148 exekuzioren berri eman zuen AIk; 2006an, aldiz, 1.591rena. «Kopuru horiek erakusten dute gaur egun heriotza zigorra ezabatzearen aldeko iritzi zabaldua dagoela. Joera hori ikusten da nazioarteko nahiz eskualdeko itunetan ere», dio AIk.
BRUSELAREN ESKAERA. Lisboan atzo EBko agintariek esan zuten EBko estatu kide guztiek heriotza zigorra inguruabar guztietan -bake nahiz gerra garaian- ezaba dezaten lanean segituko dutela. Espainia, Italia, Letonia eta Polonia dira Gizakiaren Eskubideen Europako Konbentzioaren XIII. protokoloa -gerra garaian ere heriotza zigorra ezabatzen duena- berretsi ez duten EBko kide bakarrak. Atzo Frantziak berretsi zuen hori, eta haren adibidea segitzeko eskatu zien haiei Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok.
Bestalde, Polonia da Heriotza Zigorraren Kontrako Eguna ospatzearen aurka agertu den EBko estatu bakarra. Jarrera aldatzeko eskatu dio Europako Batzordeko presidenteorde Franco Frattinik.
Pablo Ibar sosik gabe, urtea bukatu aitzin epaiketa eskatzeko
Floridako (AEB) kartzela batean heriotzaren korridorean dago euskal jatorriko Pablo Ibar gaztea, 2000an hiltzera zigortu zutenetik, 1990eko hamarkadan hiru pertsona hiltzeaz akusatuta. 1994tik dago preso. 2006ko martxoan Floridako Auzitegi Gorenak heriotza zigorra berretsi zuen, baina helegitea aurkeztea da epaiketa berria egiteko eskatzeko aukera bakarra . Horretarako, ordea, abokatuari ordaintzeko 250.000 dolar behar ditu, eta Ibar familiak ez du dirutza hori oraindik eskuratu. Atzo Gipuzkoako Batzar Nagusiek beren sostengua adierazi zioten Ibarren familiari.