20:00
Nuria Seguer ANCko kideak pena du eguna "tristea" izan delako; "estatu baten aurrean, herritarrok defendatu behar izan dugu botoa emateko eskubidea. Ez nuen uste inoiz halakorik bizi behar izango nuenik". Harentzat, erreferendum eguna ez da festa bat egun bat izan, "baina bai demokrazia ariketa bat".
L'Hospitaleten nahikoa normal joan da eguna, ez dute liskar handirik izan. Hautetsontzi guztiak bertan daude, eta, orain, botoak zenbatzen ari dira. "Ez daukagu parte-hartze daturik, baina jendea etenik gabe aritu da botoa ematen".
Behin bozkalekuak itxita, herritarrak lasaiago daudela sumatu du Seguerrek. "Polizia beste toki batzuetan egiten ari zena ikusi dugu, eta angustiaz bizi izan dugu eguna". Hala ere, jendearen jarrera "txalogarria" izan dela uste du.
19:00
Botoa eman berri du Fonollosako alkate Eloi Hernandezek. Ez du eman bere herriko udaletxean, nahiz eta berez han zegokion. Guardia Zibilak, ordea, hango hautetsontzia eraman du, eta, ondorioz, beste hauteskunde mahai batera joan behar izan du bozkatzera. "Oso ondo sentitzen naiz orain. Egin nezakeen gutxienekoa zen botoa ematea", adierazi du.
19:00etarako jada bozkaleku guztiak itxi egin dituzte bere udalerrian —hiru zeuden—, ustez bozkatzeko asmoa zuten guztiek botoa eman dutelakoan. "Jendea oso urduri dago, eta ixtea erabaki dugu". Kontaketa egin, eta datu guztiak Kataluniako Generalitateari igorriko dizkiote lehenbailehen.
Espainiak erreferenduma "lehertu" egin duela uste du Hernandezek, eta orain itxaron egin beharko dela. "Ea bihar nola jaikitzen den Katalunia". Bien bitartean, gaur gauean Bartzelonara joango dira bera eta beste hainbat herritar. "Pasatutakoa pasatu eta gero, sentitu behar dugu jendearen babesa".
18:00
Bozkalekuak lehenago ixtea pentsatzen ari direla esan du Elisabeth Oliveras Sant Quirze del Vallès herriko alkateak: "hain beteak daude hautetsontziak, pena ematen du alferrik galtzeak". Eta Polizia etorri eta eramango balitu, alferrik galduko lirateke botoak. "Horregatik, orain, arreta guztia daukagu jarrita azken ordu hauek ondo bukatzeko".
Botoen kontaketa atzeratzeko aukera ere pentsatua dute. Izan ere, mahai batzuetan parte hartzea %62tik gorakoa izan dela dio Oliverasek; "oso handia", eta boto horiek denak ongi kontatzeko beharrezkoa den denbora hartu nahi dute.
Poliziaren bisitarik ez dute izan, baina inguruan ibili dira, "eta astakeriak egin dizkiete hainbat ordezkariri". Eguerdiko etenaldiaren ondotik, jendea berriro ere bozkalekuetara etortzen hasi dela nabarmendu du. Hala, berriro ere festa giroa dagoela azpimarratu du. "Bukaeraraino iritsi behar dugu"
17:00
L'Hospitaleten, Nuria Seguer ANCko kideak bozkatu behar duen tokian, ez da Poliziarik azaldu: "Udaltzaingoa soilik, bozkatzeko zain geundenak errepidea okupatu baitugu". Ilara luzeak osatu dira goizean, baina, orain, arratsaldean, jendea arinago ari da bozkatzen, Seguerrek adierazi duenez. Arazo informatikoak ari dira izaten egun osoan, eta tarteka geldoago joan arren, etenik gabe ari da jendea bozkatzen. "Orain, 200 bat lagun daude zain". Berak jada eman du botoa.
Giroa lasaia dela dio, "barealdi garratza da hemengoa". Hala ere, kalean eta bozkalekuetan egotea etxean albisteak entzuten egotea baino hobea dela uste du. "Kalean jendea lasai dago, kantuan, hizketan... baina Poliziaren balizko agerraldiak kezkatzen gaitu, noski".
16:00
Fonollosan gainezka egin die 13:30 aldera bertan jazo denak. "60 guardia zibil etorri dira, plazara, eta bertan zeuden 80 bat lagunei oldartu zaizkie. Jendea mezetatik atera berria zen, umeak jolasean ari ziren..." Eloi Hernandez alkateari kosta egiten zaio hitzez azaltzea bizi behar izan dutena. "Amorrua ikusten zitzaien begietan; mina ematera etorri dira".
Kolpeen ondorioz ospitalera eraman dituzte hainbat herritar; tartean, adineko emakume bat.
"Udaletxeko ateak txikitu dituzte bozkalekuaren bila. Ordura arte, pleno aretoan ari ginen bozkatzen, eta han aurkitu ez dutenean, udaletxeko beste bulegoetara sartzen hasi dira, indarrez". Azkenean, kalean aurkitu dute bozkalekua, "herrian kalez jantzita zegoen emakumezko polizia batek esanda". Bozkalekua hartu eta joan egin dira.
"Espainiak galdu gaitu. Hemengo umeek eta gazteek ez dute inoiz ahantziko hemen ikusi dutena", adierazi du alkateak. "'A por ellos!', zioten, eta halaxe egin dute. Berdin zitzaien independentistak izan edo ez izan, guztion kontra egin dute. Espainiari maskara erori zaio: hau diktadura bat da".
Herrian beste bi hauteskunde mahai zabalik daude oraindik, eta, gorputz txararrekin bada ere, arratsaldean bozkatzera joango da Hernandez.
15:00
Elisabeth Oliverasi inoiz ez diote horrenbeste aldiz esan "eskerrik asko". Sant Quirze del Vallès (Bartzelona) herriko alkatea da, eta 13:00etarako 5.000 biztanle baino gehiagok eman dute botoa —2014ko azaroaren 9ko erreferendumean 8.800 pertsonak eman zuten botoa—. Oraingoz, Poliziarik ez da joan herrira, eta bakean ari dira botoa ematen. Hori bai, alkateak esplikatu du jendea lasai baina "emozionalki astinduta" dagoela, Espainiako Poliziaren oldarraldiaren irudiak ikusi eta gero.
"Jendea gauza asko ulertzen ari da gaur, heltzen ari da jendea. Egoera ekonomiko egonkor bat duen gizarte batean zaila da gertatzen ari dena ulertzea: gertatu egin behar da gertatzen ari dena, jendea jabetzeko", azaldu du Oliverasek.
14:00 Nuria Seguer: "Oso triste gaude denok; hau ez da atsegina inorentzat"
Botoa emateko ilaran dago Nuria Seguer (ANCko kidea) L'Hospitaleten, eta, bitartean, bozgoragailuetatik gomendioak entzuten ari da, Polizia oldartzen bada zelan babestu jakiteko: bizkarra eman poliziei, geldirik geratu, eta fetu-posizioan jarri, makurtuta eta besoekin burua babestuta. Horixe da egorea, oraintxe bertan, Katalunian.
"Oso triste gaude denok; hau ez da atsegina inorentzat. Demokraziaren jai bat izan behar zuen honek, baina hau ez da festa bat, gaur ez da", dio saminez Seguerrek.
Hala ere, jende asko dago L'Hospitaleteko bozkalekuetan. "400 pertsona inguru daude kanpoan zain, hiru ordutik gora daramate ilaran". Seguerrek azaldu du hiriko beste bozkaleku batera sartu dela Espainiako Polizia —halere, ez dituzte eraman hautetsontziak—, baina oraingoz ez dira agertu Seguer bozkatzen ari den zentrora.
13:00 Eloi Hernandez: "Espainiak betiko galdu gaitu gaur"
Sentimendu bat indartu da gaur Kataluniako herri eta hiri askotan. Honela laburbildu du sentimendu hori Eloi Hernandezek, Fonollosako alkateak: "Espainiak betiko galdu gaitu gaur, argi daukagu. Hautetsontzietan eta bozketarekin edozer gertatzen bada ere, gaurkoak ez du atzera-bueltarik: ez da estatu demokratiko baten irudia estatuak bere Polizia bere herritarrak jipoitzera eta odoleztatzera bidaltzea".
Zentsu erregistroaren webgunea tarteka funtzionatzen ari dela azaldu du, eta herritarrak bozkatzen ari direla herriko hiru bozkalekuetan. Edonola ere, sakelakoan eta telebistan ikusten ari dira Kataluniako gainerako herri eta hirietan gertatzen ari dena, eta jakitun dira edonoiz Espainiako Polizia joango dela beren herrira ere, Fonollosara (Bartzelona). "Zain gaude Espainiako Polizia noiz etorriko. Larrituta gaude, estututa. Gertuko herrietako auzokideak odolez bustita ikustea izan daitekeen gauzarik ikaragarriena da".
12:00 Elisabeth Oliveres: "Non daude euren burua demokratatzat daukaten espainiarrak?"
"Jendea haserre dago, eta beldurtuta", azaldu du Elisabeth Oliverasek, Sant Quirze del Valles (Bartzelona) herriko alkateak. Oraingoz, 20.000 biztanleko herri horretan normal ari dira bozkatzen. Dagoeneko, boto emaileen %16k eman dute botoa herrian, eta, euria ari badu ere, jende asko dabil kalean, eta ilara luzeak daude bozkalekuetan. "Egun familiarra da, ez dago istilurik. Demokraziaren festa da hau". Edonola ere, Oliverasek aitortu du badakitela eguneko edozein momentutan irits daitekela Espainiako Polizia hautetsontziak eramatera.
"Konbentzituta gaude etorriko direla", dio Oliverasek, eta prest dute erantzuna: erresistentzia baketsua. "Ez diegu erraz jarriko; mossoei esango diegu babes gaitzatela".
Galdera zuzena bota die Oliverasek espainiarrei: "Non daude euren burua demokratatzat daukaten espainiarrak? Estatuko Kongresuan gehiengoa dutenak direnez, ea aurpegia lotsaz erortzen zaien Euskal Herriarekin eta orain hemen gurekin egiten ari direnarekin"
11:00 Nuria Seguer: "Polizia oldartzen ikusi arte, ez genuen pentsatzen min egingo zigutenik"
Nuria Seguerrek ez du botoa eman oraindik. Aitortu du beldur direla geroago hautetsontziak ez ote dizkieten eramango poliziek; baina "lasaitasun bat" ere badaukala adirazi du, zentsu unibertsalarekin edozein bozkalekutan eman dezaketelako botoa. Berez, L'Hospitaleten eman behar du botoa ANCko kideak, eta arratsaldean du asmoa botoa emateko. Azaldu duenez, L'Hospitaleten arazorik gabe ari dira botoa ematen herritarrak hiriko 19 bozkalekuetan, baina beldur dira edonoiz Espainiako Polizia joan daitekeela hautetsontziak kentzera.
Harrituta dago Seguer: "Tentsioa dago. Baina, egia esan, Polizia oldartzen ikusi arte, ez genuen pentsatzen min egingo zigutenik. Baina, orain... Hau oso gogorra izaten ari da".
Behar baino ordubete beranduago ireki dituzte bozkalekuak L'Hospitaleten: "Arazoak izan direla esan digute, baina ez dakit zein izan den arazoa". Poliziarik ez da joan hiriko bozkalekuetara: ez Espainiako poliziarik, ez mossorik. "Jende asko eta asko dago bozkalekuen aurrean, eta ordubetetik gorako ilarak daude botoa emateko", esplikatu du Seguerrek.
10:00 Eloi Hernandez: "Beste webgune bat martxan jartzeko lanten gabiltza"
Arazorik gabe bozkatzen hasi dira Fonollosan (Bartzelona) 09:00etan, baina ordu erdira erori egin da zentsuko erregistroaren webgunea, eta eten egin behar izan dute bozketa. Herri txikia da Fonollosa, 1.400 biztanle ingurukoa, eta hango alkate Eloi Hernandezek azaldu du Guardia Zibilak itxi egin duela webgunea. "Aurreikusita zegoen hori gertatuko zela, eta orain beste webgune bat martxan jartzeko lanetan ari direla azaldu digute", esplikatu du. Bien bitartean, herriko hiru bozkalekuetan zain dago jendea, ilaran.
Hernandezek kontatu du Fonollosan Mossoak joan direla bozkalekuetara goizean, eta arduraduna zein zen galdetzerakoan bertan zegoen jende guztiak altxatu duela eskua. Kataluniako Poliziak bozkatzen laga die herritarrei, harik eta Guardia Zibilak zentsuko webgunea itxi duen arte.
Arduraz ikusten ari da Hernandez inguruko herri eta hirietan gertatzen ari dena. "Basatia eta neurriagabea da Guardia Zibilaren jokaera", saladu du alkateak. "Jendea odolez ikusi dut irudietan, Polizia aitona-amonak arrastaka ateratzen... Basatia". Polizia Nazionalik eta Guardia Zibilik ez da iritsi Fonollosara, "baina seguru asko etorriko dira", alkatearen iritiziz.
09:00 Oliveras: "Demokraziaren hondamendia da"
09:00ak pasatuta egon arren, oraindik ezin izan dute bozkatzen hasi Sant Quirze del Valles herrian (Bartzelona). "Arazoak dauzkagu Internet sarearekin", azaldu du Elisabeth Oliveras alkateak. Zortzi bozkaleku dituzte prest herrian, eta bakoitzean 200 lagunetik gora daude bozkalekuak zaintzen.
Sant Quirze del Vallesen giroa "lasaia eta ona" izan da gauean, eta hala da goizean ere, baina minez hitz egin du Oliveras alkateak, Bartzelonan eta Gironan Espainiako Polizia eta Guardia Zibila bozkaleku batzuetan sartu direneko irudiak ikusi eta gero: "Demokraziaren hondamendia da". Azpimarratu du bereziki min ematera joan dela Polizia, Sant Quirze del Vallestik gertu, Sant Vicent del Hortseko hautetsontziak kentzera sartu delako, Oriol Junqueras Kataluniako Generalitateko presidenteordea alkate izan zen herrian.
08:00
L'Hospitaleteko bozkaleku baten kanpoaldean dago Nuria Seguer. ANCko kidea da bera, eta goizean goizetik dago bozkalekuak zaintzen: "Berrehundik gora izango gara gutxi gorabehera, baina zurekin hitz egiten nagoen bitartean jendea etorri eta etorri ari da".
Gaua "lasaia" izan dela dio Seguerrek, eta ez dela istilurik izan. Kataluniako aire eremu osoan bezala, hala ere, L'Hospitaleten ere helikopteroak ikus daitezke; izan ere, Espainiako Gobernuaren aginduz, aire eremua itxi dute joan den astean hegazkin txikientzat, inork airetik irudirik hartzeko aukerarik izan ez dezan, besteak beste.
09:00etan zabalduko dituzte bozkalekuak Katalunia osoan. Zenbait tokitara lehen orduan heldu dira hautetsontziak eta botopaperak. "Hona ez dakit iritsi ote diren; gu kanpoan gaude, baina posible da beste nonbaitetik sartu izana eta dagoeneko bartan egotea material guztia".