Ez da ikerketa publikorik egingo Litvinenkoren heriotza argitzeko

Auziari buruzko hainbat informazio sekretupean mantentzea nahi du Erresuma Batuak

2013ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Litvinenko kasuan oraindik bada zer esanik. FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federaleko Aleksandr Litvinenko espioi ohiaren hilketaren inguruan ez da ikerketa publikorik egingo, Erresuma Batuko Gobernuak eskaera baztertu baitu. Hala adierazi du kasuaren epaile Robert Owenek.

Ikerketa prozesua polemikaz betea egon da hasieratik, batez ere zenbait informazio sekretupean mantentzeko Erresuma Batuko Gobernuak egindako presioagatik. Horren adierazle da Owen epaileak, segurtasun nazionalaren babesa argudiatuz, ustez Errusia inplikatzen duten dokumentu ugari ikerketatik kanpo utzi izana.

Ben Emmersonek, FSBko espioi ohiaren alargun Maria Litvinenkoren abokatuak, auzi honetan gobernuak «profesionaltasun falta erabatekoa» erakutsi duela esan du: «Gobernuak egindako promesak bete ez izanak gure eskuetatik at doan zer edo zer badela adierazten du».

Litvinenkoren hilketari buruzko epaiketak urrian hasi beharko luke, baina epaileak aitortu du atzerapen gehiago izango dituela, eta hasiera eguna airean utzi du.

Moskuren erantzukizuna

Litvinenko 2006ko azaroan hil zuten, polonium 210 ekai erradioaktiboak pozoituta. 43 urterekin hil zen Errusian jaio eta britainiar herritartasuna hartua zuen espioi hori, eta Erresuma Batua hunkitu zuen, herrialdeak Errusiarekin zituen harreman diplomatikoak hozteraino.

Familiaren arabera, MI6 zerbitzu sekretu britainiarrentzat ari zen lanean Litvinenko, eta Moskuri egotzi zion hilketa. Hain zuzen, espioi ohiak hil aurretik idatzitako testuan, Vladimir Putin Errusiako presidenteari bere heriotzaren erantzule izatea leporatu zion. Litvinenkoren sendiak Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo zuen heriotza argitzeko.

Erresuma Batuko Justiziak Andrei Lugovoi FSBko kide ohiari eta Dmitri Kovtumi egotzi zien espioia hiltzea. Londresera estraditatzeko saioa ere egin zuten, baina Errusiako agintariak erbesteratzeari uko egin diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.