«Ez dago hiltzeko modu basatiagorik»

Irakeko gay eta lesbianen egoera asko larritu da 2003tik, AEBek Saddam Hussein agintetik kendu zutenetik. Madi ezizeneko emakumea Bagdadeko bi babeslekuetako batean bizi da.

Madi, gay eta lesbianak babesten dituzten etxean, Bagdaden. KARLOS ZURUTUZA.
Bagdad
2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Bagdadekoa da, eta 26 urte dauzka. Madi ez da haren benetako izena. Duela lau aste gurasoen etxetik alde egin zuen, mezu elektroniko bat jaso ondoren: herrialdetik berehala alde egin ezean familiari lesbiana zela esatearekin mehatxatu zuten. Mehatxugileek ezagutzen zuten, haren benetako izenean baitzegoen mezua.

«Etxean egia jakingo balute, ezkontzera behartuko nindukete, kasurik onenean. Okerrenean, nire anaia zaharrenak akabatuko ninduke». Aspaldidanik zekien egun hau iritsiko zela, baina ez zuen uste horren azkar izango zenik: «Egoerak erabat gaindituta nago».

2003az geroztik, Iraken milatik gora gay eta lesbiana hil dituzte miliziek, segurtasun indarrek edota, besterik gabe, biktimen familiek. «Neronek zazpi lagun on galdu ditut horrela berriki». Saddam Husseinen garaian inork ez zituen kriminaltzat hartzen, baieztatu du; inork ez zuen ikerketa bat eskatzen sexu joera dela eta. «Gaur, herrialdea hiltzailez josita dago. Hala, amesgaizto batean bizi gara homosexualok Iraken».

Etsairik amorratuenak? Moqtada al-Sadren Mehdi miliziak dira erasotzaileenak, haren ustez. Duela lau urte, Ali Sistanik gure kontrako fatua bat bultzatu zuen, araudi islamikoaren barruko legea. «Apaiz xiitak zioen modurik krudelenean hil behar genuela homosexualok». Torturatu ondoren, su eman diete askori, oraindik bizirik daudela. Beste batzuk zatikatu egin dituzte, baita bizirik egonda ere. Orain beste modu bat dagoela esan diote: ipurtzuloan itsasgarri bat jartzen diete, kaka ez egiteko. Ondoren, beherakoa eragin duen zerbait edatera behartzen dute, barrutik lehertu arte. «Ez dago hiltzeko modu basatiagorik».

Ospitalera gorpu erreak eta zatikatuak iristen direnean, medikuek badakite homosexualak direla hildakoak, eta ez da inongo ikerketarik egiten. Aldi berean, familiek nekez jarriko dute salaketa bat Justizia aurrean. «Lotsagarria eta mingarria da oso homosexual bat haienean izatea. Ohore krimenekin gertatzen den legez, etxe barruan gelditzen da dena; kanpoko inork ez dauka horretan parte hartzeko eskubiderik».

Irakiar «zuzenek» euren eskubideak aldarrikatzeko eskubide osoa dutela uste du, gay eta lesbianek, berriz, «pentsaezina» dute jendaurrean adieraztea. Ezkutatu besterik ezin dute egin,eta ahal badute, herrialdetik atera.

Azken urteotan Londresko gobernuz kanpoko erakunde batekin harremana izan du Madik,Irakeko gay eta lesbianei laguntzeko eratua da eta. Homosexualen komunitatea babestea da haren helburua, bisak lortu behar direla edota aterpeak direla... Momentu honetan bi aterpetxe daude Iraken, Bagdaden biak. 50 lagun inguru daude babes hartuta haietan, nola edo hala bidaiatzeko bisa lortu arte. Batzuekin, baina, oso zaila da, ez baitute inongo dokumentaziorik eraman. Edo korrika ihes egin zuten etxetik, edo ez zuten aukerarik izan etxetik igarotzeko alde egin aurretik. Haiek ezkutuan eduki besterik ezin dute egin.

Pasaportea daukatenek Libanora edota Jordaniara alde egiten dute. Iaz arte Siriara ere joan ohi ziren, baina gaur egun, gerra dela eta, ezinezkoa da. Madik berak ere, duela hiru urte Siriara jo eta urtebete egin zuen Damaskon, harik eta hamaikagarren aldiz mehatxatu zuten arte.

Duela lau aste, Libanora hegazkinez joaten saiatu zen, Arbildik (Iraken menpeko Kurdistandik), baina han dituen lagunek ere arazoak zituzten eta, azkenean, ezin izan zuen herrialdetik atera.

Orain, erabat ezinezkoa zaio. «Lagun batek esan zidan nire familiak nire izena eta argazkia banatu dituela ni aurkitzeko. Aireportu eta muga guztietan daukate nire berri».

Ez du familiarekin inolako harremanik; ezin du arrisku hori hartu. Jakin badaki zerbait susmatuko dutela, lesbiana dela alegia. Inoiz ez die deus ere aipatu. «Oso mingarria da haientzat ere», eta euren alaba «zuzen» gisa gogoratzea nahiago luke.

Isilpeko genozidioa

Iraqi LGBT elkartearen kalkuluen arabera (http://www.iraqilgbt.org.uk/), 720 gay eta lesbiana baino gehiago hil dituzte azken sei urteotan, muturreko milizien eskuetan gehienak. Iraqi LGBTk Londresen du egoitza. Gobernuz kanpoko erakundeak Irakeko Gobernuaren utzikeria salatu du talde horiek ikertzeko eta monitorizatzeko garaian, eta hainbat apaiz xiitaren jokabidea gogor kritikatu du aldi berean.

Erakundeak dio «heriotzaren eskuadroi horiek» biderkatu egin direla 2003tik, amerikarrek herrialdea inbaditu zutenetik, eta makina bat gay eta lesbiana haren ondorio lazgarriak pairatzen ari direla egun.

The Observer Erresuma Batuko egunkariak 2009an argitaratutako artikulu batek «hilketa basatiak eta tortura erritualak» salatu zituen. Ildo berean, Human Rights Watch erakundeak zioen biktima asko torturatu zituztela, «balizko beste biktimen izenak lortzearren». «Erasotzaileek tortura ankerrak baliatzen dituzte, hots, ipurtzuloa kolaz josten», gaineratu zuen gobernuz kanpoko erakunde estatubatuarrak 2009ko abuztuan.

Amnesty Internationalek ere bere ondoeza helarazi zion Irakeko lehen ministro Nuri al-Malikiri. 2009.urtean bidalitako eskutitz batean, gay eta lesbianen kontrako erasoen gaineko ardura publikoki ez agertzea leporatu zion agintariari. Bestalde, krimen horiek behar bezala ikertzeko eta errudunak Justiziaren aurrera eramateko eskatu zion AIk Al-Malikiri, baina ez dago egoera aldatzeko asmoen zantzu izpirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.