OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, munduan eritasun infekziosoen %17 bektore edo organismo bizidunek —eltxoak izaten dira sarri askotan— hedatuak dira. Horietako bat da, esaterako, Zika birusa, eta badira, gaitz klase horien artean, gaixotasun ezagun gehiago: dengea eta malaria, kasurako. Zenbait herrialdetan osasun arazo larrien motibo dira: malariak, esaterako, 600.000 heriotza eragiten ditu urtean, gehienak 5 urtetik beherako haurrak. Dengearekin kutsatzeko arriskuan daude, halaber, 2.500 milioi lagun munduan. Klima tropikala duten herrialdeetan dira ohiko eritasun horiek gehienak, eta usu lotuta daude ur garbia izateko zailtasunekin. Baina, oro har, gaitz horien inguruko kezka gero eta agerikoagoa da mundu osoan. Izan ere, klima aldaketaren eta globalizazioak planetan zehar dakartzan mugimendu etengabeen ondorioz eritasun klase horiek ugaritzera egingo dutela ohartarazi dute hainbat alditan adituek.
OMEk, esaterako, iragan irailean txosten bat egin zuen klima aldaketaren ondorioak zerrendatzen. 2030-2050 urteen artean klima aldaketak urtean 250.000 heriotza gehiago eragingo dituela ondorioztatu zuen, eta egoeraren okertzearen motiboetako bat eltxoen bidez hedatzen diren gaixotasunetan egongo diren «eredu aldaketak» izango direla iragarri zuen. Malaria eta dengea hedatzeko arriskuak, esaterako, handituko direla pentsatzen du. «Eragin handia du klimak malarian», ohartarazi dute OMEko adituek. «Eta dengea transmititzen duen Aedes eltxoak ere aldaketa agerikoak izaten ditu klimaren arabera». Hortik ezinegona. Horri erantsi behar zaio, gainera, globalizazioak dakarren pertsona eta merkantzien mugimendu ia etengabea. Montepellierko (Okzitania) IRD institutuan ari da David Roiz entomologo medikua gai horiek lantzen, eta jendearen mugikortasun etengabea arreta handiz hartzeko moduko auzia dela nabarmendu du: «Afrika erdialdean hango birus batekin infektatutako pertsona bat, hamabi orduren bueltan, Europan da».
Ikertzaileen artean gaiaren gaineko kezka agerikoa dela azaldu du Carlos Dommar ekologo teorikoak ere. «Komunitate zientifikoa adi dago». Venezuelakoa da sortzez, baina Katalunian dihardu gaur egun, IC3 Klimaren Zientzien Kataluniako Institutuan. «Eredu konputazionalak lantzen ditut». Horien bidez, diziplina anitzeko lantalde batean txertatuta, saiatzen da geroan gaixotasun mota horiek zer bilakaera izan dezaketen iragartzen. Nazioartean antzeko azterketak egiten dituzten aditu gehiago ere badira, eta denen artean ahalik eta irakurketa osoena egin nahi dute.
Chikungunya eritasuna
Dommarrek chikungunya gaitzaren inguruan egin ditu orain arte azterketa garrantzitsuenak. Intsektuen bitartez —Aedes motako eltxoen ziztadak dira gaitzaren kausa, zikan eta dengean bezalaxe— transmititzen den gaixotasun bat da, eta berriki eboluzio handia izan du. Afrikan eta Asian eritasun ezaguna zen, baina 2013an erruz zabaldu zen ordura artean ezezaguna zen leku batean: Kariben. «Ordura arte ez zuen inoiz Atlantikoa zeharkatu», azaldu du Dommarrek. Bizkor batean, Hego Ameriketako beste hainbat herrialdetara ere zabaldu zen. Hainbat kalkuluren arabera, 1,2 miloi lagun eritu ditu infekzioak urteotan; eboluzio «ikaragarri azkarra» izan zuela ohartarazi dute hainbat adituk. Kasurik gehienetan ez da gaitz hilgarria —sukarra eta ondoeza eragiten ditu—, baina arazo handiak eragin ditu. Infekzio horren eboluzioari begira, zikak eta beste hainbat eritasunek izan dezaketen bilakaera iragar daitekeela uste du Dommarrek. Horretan ari da. «Europak begiratu beharko luke 2013an Hego Amerikan chikungunya eritasunarekin zer jazo zen, eta orain zikarekin zer gertatzen ari den». Geroa ikusten saiatzeko.
Dommarrek, esaterako, chikungunyaren inguruko ikerketa egiteko hegaldi komertzialei erreparatu zien; Karibera —handik sartu zen gaitza, San Martin uhartetik— garai hartan heldu ziren hegaldiei, ikusteko nola sartu zen eritasuna, eta nola zabaltzen joan zen. Argi dute hipotesia: kutsatutako bidaiariren bat ziztatu zuten irlako eltxoek, eta hortxe hasi zen izurria. «Tokiko eltxoak infektatu ziren, eta gai izan ziren jendea kutsatzen hasteko». Oso bizkor. Aedes familiako eltxoen artean «espezie» asko daudela ohartarazi du, eta gerta daitekeela, gainera, horiek birus bat baino gehiago transmititzeko gai izatea.
Ez du zalantzarik Dommarrek: «Klima, oro har, gero eta egokiagoa da eritasunak zabaltzen dituzten bektoreentzat». Gero eta leku gehiagotan hazi eta zabaldu daitezke. Horren inguruko irakurketa errazik ezin dela egin dio, ordea. Klima epeldu ahala leku batean intsektu jakin batzuk izateko arriskua handituko denik ezin dela esan argi du: askoz ere konplexuagoak dira klimaren inguruko azterketak, aldagai gehiagok ehundutakoak. «Esaterako, klima euritsua den ere ikusi behar da; ura ezinbestekoa dute eltxoak ugaltzeko. Beroa badago baina urik ez, ez da eltxorik izango». Roizek ere irakurketa errazak saihesteko esan du. Klima aldaketak intsektuen bizilekuetan «desplazamenduak» ekarriko dituela argi du: nabarmendu nahi du ez direla berehalakoak izango, ordea. «Prozesu hori oso motela izango da. Horregatik, arriskurik handiena ez da klima aldaketa; aldaketa globala da, jendearen eta merkantzien mugimendua». Hegazkinez, autoz eta itsasontziz dakartza gaitzak: ordu batzuetan.Hegaldi komertzialak aldagai nagusi gisara hartzen dituzten ereduak ere horrexegatik lantzen ditu Dommarrek: «Gizakiek gero eta gehiago bidaiatzen dute, hori kontuan hartu beharrekoa da».
Transmisio arriskua
Globalizazioak, batetik, eltxoak garraiatu ohi ditu ohiko ez dituzten bizilekuetara. Eltxo espezie inbaditzaileak izaten dira. Horietako bat da, esaterako, tigre eltxoa; dengea transmititzen du, besteak beste, eta Iberiar penintsulan, adibidez, bizkor zabaltzen ari da. «Pneumatiko batean, esaterako, tigre eltxoaren arrautza batek sei hilabete egin ditzake», esplikatu du Roizek. Nazioartean egindako landare salerosketen ondorioz ere eltxoak zabaldu ohi direla azaldu du. Migrazio proiektuek eta bidaiek, bestetik, batetik bestera mugitzen dituzte pertsona kutsatuak. Eta eltxo horietako batek infektaturen bati zizta egiten badio, ziztada hori, jazoera xume hori, «transmisio autoktonoen» lehen urratsa izaten da. Prozesu horiek, Europan, kanpotik heldutako eltxo espezieen bidez izan behar dutela oroitarazi du entomologoak: «Europan ez dago espezie autoktonorik gaitz horiek transmititzeko gai denik».
Tigre eltxoan aditua da Roiz, eta orain arte arrotzak izan diren eritasunen hainbat agerraldiri arretaz erreparatu die urteotan bere ikertzaile jardunak eskaintzen dion talaiatik. Nimesen (Okzitania), esaterako, denge agerraldi «autoktono» bat izan zen iaz. «KaledoniaBerritik infektatutako pertsona bat heldu zen, tigre eltxo batek ziztatu zuen, eta 11 lagun gaixotu ziren». Okzitanian bertan, 2014an, Montpellierren, chikungunya kasuak azaldu ziren. Italian eta Kroazian ere izan dira gaixotasun tropikalen agerraldiak. «Horregatik guk zelatan jarduten dugu, eltxoak non diren ikusteko», azaldu du Roizek. Portuetan eta aireportuetan ere eltxoak atzemateko ahaleginak egiten dira. «Merkantzietan, esaterako, espezie inbaditzaileren bat ikusten bada, fumigatu egiten da». Halaber, osasun zerbitzuek berehala ematen dute abisu: pertsona gaixoren bat atzeman orduko. Eta kontrol neurri horiekin denekin adi segitu behar delakoan daude adituak. Izan ere, ziur daude: agertzen segituko dute kasuek. «Europan egon daitezke, esaterako, zika kasuak: autoktonoak», azaldu du Roizek. «Datorren udaran, esaterako, zika birusak infektaturiko jendea bada, transmisio kasuak egon daitezke», ohartarazi du. «Neguan, hotzarekin, arriskurik ez da izaten».
Aedes generoko eltxoak Europako hainbat tokitan —batez ere «epelenetan»— badirela nabarmendu du Dommarrek ere, eta, ondorioz, zikaren kasuan ere, espero izatekoak direla tankera horretako transmisioak. Hortik aurrerako iragarpenik egiteko modurik ez du ikusten, ordea. «Zaila da jakiten eritasun horiek Europa inbadituko duten», azaldu du. «Baina komunitate zientifikoa adi-adi dago». Eta, ildo horretan, gaitzek izan dezaketen eboluzioa iragartzeko lantzen dituzten «ereduen» garrantzia nabarmendu du, lausoan argia jartzeko: «Eredu guztiak dira faltsuak, baina batzuk erabilgarriak dira».
Ikerketak egiteko aldagaiak zerrendatzean, ingurumenarekin lotutakoez gain, bizi baldintzak ere beti aintzat hartu behar direla ohartarazi du Dommarrek, erretratuaren ikuspegi osoa izateko. «Hego Amerikan, esaterako, ur mozketak ohikoak izaten dira zenbait tokitan, eta ura biltzeko ohitura izaten du sarritan jendeak; eltxo gehiago izatea dakar horrek». Roizek ohartarazi du, baita ere, birusek izan ditzaketen «eboluzioen» gainean. Zikari, esaterako, adi erreparatu dio, eta antzaldatuta ikusi du: erasokorragoa orain. «Lehen baino mikrozefalia gehiago eragiten ditu».
Erne egon beharko dela ohartarazi dute adituek; Euskal Herrian ere —Neiker, esaterako, adi dago tigre eltxoarekin; 2014an agertu zen Gipuzkoan— hala ibili beharko dela. Argi baitu Roizek: egoerak, bere konplexuan, halaxe segituko du. «Globalizazioari Lurrak emandako erantzuna da».
Zika birusa. Globalizazioaren ondorioak
Ez dira edonolako ziztadak
Mundu globalizatu honetako ibilerek eta klima aldaketak eltxoen bitartez hedatzen diren eritasunen areagotzea ekar dezaketela ohartarazten ari dira zenbait ikertzaile.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu