Ez dituzte gehiago isilaraziko

Argentinan, 'Nik sinesten zaitut' mugimenduak eta Sare Bizia erakundeak salatu dute justiziak baztertu egiten dituela adin txikikoek eta haien gurasoek aurkeztutako abusu salaketak, eta horiek egiaztatzen dituzten profesionalen aurka jotzen dutela maiz.

Haurrentzako justizia eskatzeko elkarretaratze bat, Buenos Airesen. ROMINA LEMA.
Buenos Aires
2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
OME Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, adin txikiko bost neskatik batek eta adingabeko 13 mutiletik batek jasaten dituzte edo jasan dituzte noizbait sexu abusuak. Argentinan ez dago ikerketa estatistikorik zigortzen dituzten abusu salaketen inguruan. Carlos Rozanski epaile federalaren arabera, mila sexu abusutik ehun salatzen dira, eta bakarra zigortu. Hau da: gehiegikeriak eragin dizkienaren esku gera daitezke sexu abusuak salatzen dituzten ehun adin txikikotik 99. Hori salatzeko ikusgaitasun jardunaldiak egin dituzte Argentinako hamalau probintziatan, eta gaian espezializatutako erakundeek, feministek eta giza eskubideen aldekoek sinatutako adierazpen bat aurkeztu dute.

Erakundeek zabaldu dutenez, adingabeen aurkako erasoak ikertzeko beste delituentzako baliatzen dituzten tresna berak erabiltzen ditu justiziak, kontuan izan gabe haurren adierazpen moduak ez direla helduenak bezalakoak. «Adibidez, espero dute 5 urteko haur batek deskribatzea zer egunetan, ordutan eta tokitan gertatu ziren erasoak. Aintzat hartu gabe ez daukatela nahikoa hiztegirik eta esperientziarik gertakari jakin batzuk izendatzeko», esan du Sara Barnik, Sare Bizia erakundeko kideak; erakunde horrek 700 abusu kasu baino gehiagotan lagundu du herrialde osoan. Dokumentuak prozesuan parte hartzen duten eragileen gain jartzen du gertatzen denaren erantzukizuna: epaileak, fiskalak, auzitegi medikuen erakundeak, eta adin txikikoak defendatu eta babesteko ministerioak. «Eta horiei gehitu behar zaizkie eskubideen aurkako taldeak: profesional gutxi batzuez osatuta daude, eta oso aktiboak eta erasokorrak dira sexu abusuak egin dituztenen defentsan, batez ere intzestu kasuetan», zehaztu du Barnik.

Nik sinesten zaitut mugimenduak eta Sare Bizia erakundeak deskribatu dituzte salaketak jartzeko orduan zer oztopo aurkitzen dituzten behin eta berriro: «Salaketa jartzen dugunean, ebaluatu egiten gaituzte, automatikoki. Botere judizialak ama babeslearengan jartzen du arreta, seme-alabek berek jasan duten sexu indarkeriari edo beste edozein indarkeriari buruz kontatutakoa salatu duen horrengan». Justizia ahalegintzen da heldu babesleen testigantzari sinesgarritasuna kentzen —gehienetan amak izan ohi dira—, umeek GAS gurasoen alienazioaren sindromea dutela argudiatuta —OMEk ebatzi zuen ez zela halakorik; horren arabera, amek esku hartzen dute, seme-alabak euren esanetara jarri, eta gertatu ez ziren gauzak konta ditzaten. Abusuak salatzen dituzten haurren ahotsei sinesgarritasuna kentzeko FMS oroitzapen faltsuen sindromea baliatzen dute; horri jarraikiz, hark gogoratzen duena amak, artatu zituen psikologoak edota medikuak «ezarritako» oroitzapen bat da.

«Egun, hiriburuko kasu batean lanean ari gara: ama batekerietxe publiko bateko pediatra baten kontsultara eraman zuen semea, eta, han, sexu abusuen zantzu fisikoak atzeman zizkioten; haurrak berak ere esan zuen aitak min egin ziola. Eskubideen aurkako abokatu ezagun batek pediatraren aurkako salaketa jarri zuen faltsutze ideologikoa egotzita, mediku lana egiteagatik bakarrik: historia klinikoan ikusitakoa eta haurrari entzundakoa idazteagatik», salatu du Barnik. Larriena izan da salaketaren ondorioz atzera bota dutela medikuaren testigantza. Abusuak egiaztatzen dituzten profesionalak beldurtzeko erabiltzen dituzte halako salaketak, praxi okerra salatuz auzitegietan, faltsutze ideologikoa egotziz, edo kasuetan esku hartzen duten psikologo, gizarte langile, abokatu eta medikuak mehatxatuz.

Barnik zehaztu du hori dela «eskubideen aurkako taldeen jokabidea ere»; horiek lortzen dute «mozal lege bat» jartzea sexu abusua aztertu duten profesionalei, eta, modu horretan, oztopatu egiten dituzte ikerketarako oinarrizkoak diren frogak. Azkenik, gerta liteke auzitegi medikuak erasoa ukatzea; halakoetan, profesionalak ukatu egiten ditu lesioak, edo beste zerbaitek eragindakoak direla zehaztu. «Profesionaltasunik eza dago, eta medikuen utzikeria ere bai, behar bezalako tresnak erabiltzen ez direlako; adibidez, oso kalitate eskaseko argazki kamerak erabiltzen dituzte, eta horrek ezinezko bihurtzen du froga behar bezala jasotzea», esan du Barnik. Askotan, justizia sistemaren funtzionamenduak bigarrenez jotzen du biktimen aurka, salaketa beste instituzio batera igarotzen den aldiro biktimak abusuak gogoratu behar dituelako, eta ehunka aldiz kontatu behar duelako istorio bera epaileen aurrean.

Erakundeen beste aldarrikapen bat da sexu delituak ez preskribatzearena. Nik sinesten zaitut mugimenduaren borroka luze baten ondoren, lortu zuten heldu izanda haurtzaroan jasandako abusuak salatzen dituztenei ezarritako debekua kentzea. Azken berrikusketan, epeak zabaldu zituzten, eta 2015etik aurrera abusuak jasan dituztenek edozein unetan jar dezakete salaketa. Aldaketek belaunaldirik helduenak oraindik harrapatzen ez dituzten arren, asko dira abusuak heldutan gogoratzen dituztenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.