Ez du nahi batasun nazionaleko gobernua. «Konstituzioaren aurkako estatu kolpea litzateke, prozesu demokratikoa amaitzeko saialdia», azaldu du Irakeko lehen ministro Nuri al-Malikik. Haren Zuzenbide Estatua koalizio xiitak lortu zituen boto gehien iragan apirilaren 30eko bozetan. Jarduneko lehen ministroaren esanetan, hauteskundeen emaitzen aurkakoa izango litzateke etnia eta erlijio guztietako ordezkariek osatutako gobernua.
Asteroko telebista bidezko hitzaldian dei egin du «terroristen eraso bortitzaren» ondotik herrialdeko indar politiko guztiak «adiskidetzera». Halere, ez dio inolako keinurik egin suniten komunitateari. Politika baztertzaileak egitea leporatu dio komunitate horrek, eta haren haserrea baliatuta egin du aurrera ISIS Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoak. Muturreko islamistei sostengua emandakoen aurka egin du Al-Malikik: «Konstituzioaren aurka altxatu dira».
John Kerry AEBetako Estatu idazkariak sektore erlijioso eta etniko guztiak kontuan hartuko dituen gobernu baten eraketaren alde egin zuen astelehenean Bagdagera eginiko bisitan, gatazka bideratuko duelakoan. Bide horretan, beste ahots asko batu zaizkio, Arabiar Ligarena eta Irakeko xiiten, suniten eta kurduen alderdi batzuenak, kasurako.
«Egoera zail honetanez dute esan gobernua babestuko dutela. Harrapakina banatzeari buruz hitz egiten dute», salatu du Al-Malikik.Apirilaren 30ean egin zituzten parlamenturako bozak, eta ekainaren 1ean berretsi zituzten emaitzak. Al-Malikiren koalizio xiitak irabazi zituen bozak, 325 eserlekutatik 92 eskuratuta. Hirugarren legealdiari ekiteko prest zen dagoeneko, harik eta gatazkak eztanda egin dion arte.
ISISeko jihadistei beste talde sunitak batu zaizkie, eta agerian utzi dute Al-Malikiren inguruan kontsentsua batzeko ezintasuna. Ez da gai izan suniten komunitateari eginiko konpromisoak betetzeko. Esaterako, Salahedine eta Dijala probintziei eskumenak emateari uko egin dio. Halaber, suniten hainbat buruzagi auzipetu dituzte. 60 eserleku dituzte guztira parlamentuan suniten alderdiek.
Gutxiengoen ezinikusia
Kurduekiko harremana ere ez da ona. Aurrekontua gutxitu die gobernuak, eta ez dute egin Kirkuk eskualde autonomoan sartu edo ez erabakitzeko erreferenduma, konstituzioan iragarri arren Turkiaren aurkako auzibidea irekidu, gainera, kurduei haien kabuz petrolioa esportatzen uzteagatik. ISIS eta beste matxinoen aurka borrokatzeko laguntza militarra eskaini diote, baina Al-Malikik ez du onartu. 53 eserleku dituzte kuduek legebiltzarrean.
Lehen ministroak, gainera, ez du xiita guztien babesa. Moktada al-Sadr buruzagi erlijiosoaren aldekoek ez dute hark eginiko promesetan sinesten. 60 bat eserleku dituzte haren aurkako xiitek. Aitzitik, ISCI Irakeko Kontseilu Islamiko Gorena alderdi xiitak Al-Malikiren aurkako jarrera leundu du, eta armada berregiten lagundu dio.
ISISeko jihadistek erasoaldia hasi zutenetik, orain bi aste pasatxo, Irakeko armada ez da gai izangaldutako eremua berreskuratzeko. Aire erasoak izan dira armadaren erantzun bakarrenetakoak. Adituen iritziz, ezinbestekoa du gobernuak beste komunitateen laguntzaherrialde osoa kontrolatu eta batu nahi badu. Horretarako, baina, beharrezkoa izango zaio batasuneko gobernua.
AEBen esku hartzea estuki lotu dute Irakeko lidergo bateratu bati. AEBetako hainbat ordezkari politikok Al-Malikiren dimisioa ere eskatu dute. Iran da lehen ministroak duen atzerriko sostengu nagusia.
AEBetako 130 aholkulari iritsi dira Bagdadera, eta egin dute lehen bilera Irakeko armadako buruzagiekin. Bi herrialdeek akordioa izenpetu dute tropei lege immunitatea bermatzeko. Lan talde mistoak osatuko dituzte, eta, hasieran behintzat, hiriburua defendatzen jarriko dituzte indarrak. Xiiten buruzagiek borrokara eginiko deien ondotik boluntario asko batu dira armadara, eta hiriburua defendatzeko indarrak handitu dituzte. Beste lantalde bat ere osatuko dute iparraldean bi herrialdeetako militarrek.
ISISen aliantzak
Siriako Giza Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez, Al-Bukamal herrian, Sirian, aliantza berria lortu du ISISek. Yund al-Haq (Zuzenbidearen soldaduak) taldeak bat egin du haiekin, nahiz eta Al-Nusra fronteari lotuta egon. Al-Qaedaren menpekoa da hori, eta etsaituta daude ISISekoekin. Bi taldeak elkarren aurka borrokatzen dira Sirian, nahiz eta azkenaldian adiskidetzeko saialdiak egin.
Siriako armadak ISISen menpeko zonaldeetan aire erasoak egin ditu, Deir ez-Zor eta Raqqa probintzietan, Irakeko mugatik gertu. Gutxienez hamabi lagun hil dira, eta beste asko zauritu. Lekukoen arabera, hildakoetatik gutxienez bost zibilak dira.
Irakeko armadak ere hegazkinak erabili ditu matxinoak erasotzeko, Baiji findegi inguruan. Lekukoek diotenez, ordea, hamasei zibil hil dituzte, eta beste hainbat zauritu. Bi aldeek diote findegia kontrolatzen dutela.
Ez du boterea partekatu nahi
Irakeko lehen ministro Nuri al-Malikik baztertu egin du batasun nazionaleko gobernurik ezartzea.«Estatu kolpetzat» jo du herrialdeko etnia eta erlijio guztien ordezkariekin gobernua osatzea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu