Francesc-Marc Alvaro. El Clauer egitasmoko kidea

«Ez dugu berdin pentsatzen, baina ados gaude independentziarekin»

Kataluniaren independentziaren aldeko argumentu multzoa osatzeko, hainbat sektoretako eragile eta elkarteak bildu dira El Clauer-en. Behetik gora sortu den dinamika artikulatu nahi dute, gal ez dadin.

ARITZ GALARRAGA.
Aritz Galarraga.
Bartzelona
2013ko azaroaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kazetaria eta idazlea, Francesc-Marc Alvaro (Vilanova i la Geltru, 1967) El Clauer egitasmoko kidea da. Gizarte zibileko hainbat erakunderen bilgune, Claus sobre la independencia de Catalunya liburuan independentziari buruzko 132 gakori erantzuna eman diete.

Zertan da El Clauer?

Katalunian, historikoki, bakoitzak egin du berea. Orain dugun desafioari aurre egiteko, ordea, gizarte zibileko hainbat erakundek erabaki genuen elkartzea. Erakunde guztiek ez dugu berdin pentsatzen gauza askotan, gero azentu eta ñabardura asko daude, baina ados gaude independentziarekin. Gauza da bakoitzak bere aldetik eginak genituela argumentu multzo sektorialak. Lehen proiektua izan zen, beraz, guztion ezagutza baliatu eta argumentuak emateko plataforma potente bat sortzea. Nola esplikatzen dugu, arrazoiekin, independentzia interesgarria delako ideia? Hala sortu zen web orria, eta gero liburua. Alde horretatik, ez dago Espainian jarraitzeko arrazoiak azaltzen dituen libururik. Eta hori prozesu sentimentala dela esaten duenak ez du askorik ulertu: izango da gehien ikertutako prozesu subiranista, gehien arrazoitua, paper gehien duena. Bestela, martxan jarri dugu erakunde mahai bat, subiranismoaren barruan sortzen den dinamika soziala koordinatzeko.

Zer garrantzi du gizarte zibilak Kataluniako prozesu subiranistan?

Jendea da gertatzen ari denaren motorra. Jende antolatua, erakundeak. Alderdi politikoak eta instituzioak gainditu ditu. Behetik gorako mugimendu bat izan da. Agenda aldatu du. Denbora azkartu. Eta alderdien dinamikak zalantzan jarri ditu. Erradikaltasun demokratikoari dagokionez, prozesu eredugarria da. Politika ofizialak zer egin du? Magma hori guztia kudeatu, eta bide eman. Madrildik diotenaren aurka, ez du Kataluniako Gobernuak modu perbertsoan ezer gidatu. Prozesua ez du alderdi bakar batek ere kontrolatu, ez eta ikusi ere. Horren froga da erabakiak hartu ahala hartzen direla. Jendeak, modu transbertsalean, gauza diferenteak bozkatzen zituenak, bozkatzen ez zuenak, esan du «Goazen». Horrek indar asko dauka, baina ahultasun bat ere bai: mugimendu dinamiko hori ez bada egoki artikulatzen, arriskua dago denborarekin barreiatzeko, zapuzteko, puskatzeko. Prozesuaren gakoa da, beraz, nola eutsi beheko indarrari, baina egitura minimoa emanez xedea erdiesteko.

Mugimendu subiranistaren transbertsaltasuna aipatu duzu.

Katalanismoa jatorritik izan da transbertsala, ez soilik mugimendu burgesa. Indar historiko handia eman dio horrek. Hain transbertsala ez balitz, Katalunia aspaldi bilakatuko zen Valentzia gisako bat, elementu nazionala urtua, talde txikietara mugatua. Katalunian iritsi zen momentu bat katalanistak ia guztiak zirela, bai enpresa bateko jabea eta bai ezer ez zuen langilea. Eta orain hori dena indartu da, XXI. mendeko begirada batekin. Klase gatazkak hor dirau oraindik, noski. Baina desberdin: erdiko klaseko mugimendu bat da katalana, enpresari txikia eta ikasle bekaduna, gauza bera dira, eta denak dira katalanistak. Zein gelditzen da kanpoan? Espainiako interesei lotutako eliteak, gutxiengo bat, baina eragin handikoak; eta gera daiteke klase popularren sektore bat, Espainiako iruditeriari afektiboki lotua. Gainontzekoa, katalanismo zabalaren aldekoa da.

Eta zein litzateke Kataluniako Estatu berri horretan bizitzearen abantaila, oraingoaren aldean?

Estatu katalana egitera iristen bagara, izango da berdin gizarte bat arazoekin. Ez gara mundu ideal bat eskaintzen ari. Baina gauzak guk erabakiko ditugu. Eta kontziente gara oso zaila dela Espainiako Erresumak egin duena baino okerrago egitea. Gizarte justuago bat, gardenago bat, orekatuago bat nahi dugu. Mugimendu subiranistak, independentzia ez ezik, demokrazia birsortzea ere nahi du. Ez da soilik identitate kausa bat, errotik da demokrazia afera bat.

Eta hori iritsi da bereziki subiranista ez zen jende askorengana: ulertu dute egun subiranismoak bizitza publikoaren birsortze mugimendu bat hezurmamitzen duela. Hori da horizontea. Mugimendu subiranistan bada oso jende kritikoa, iraultza guztiak batera egin nahiko lituzkeena. Tarteko toki batean kokatu behar dugula uste dut, ordea. Iraultza guztiak batera egin nahi baditugu, ez dugu segur aski bakar bat ere egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.