Ezagutza kolektiboa sortzen, sakoneko arazoari heltzeko

Kenyako hiriburuko kokagune informaletan foroak antolatzen ari da Emakumeen Elkartasun Sarea. Errealitatea mugatzen dieten egitura bortitzak kolektiboki aztertzea daukate helburutzat, eta alternatibak sortu eta elkarrekin eraikitzea.

Emakumeen Elkartasun Sarearen saio bat, Nairobin. OSKAR EPELDE JULDAIN
Emakumeen Elkartasun Sareak helburutzat dauka, besteak beste, errealitate materiala moldatzen duten egitura bortitzak kolektiboki aztertzea. Irudian, Kenyako hiriburuan egindako saio bat. OSKAR EPELDE JULDAIN
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2024ko apirilaren 12a
05:10
Entzun

Eseri eta elkar entzutea da helburua. Munduan gertatzen diren genozidioak euren eguneroko borrokarekin lotuta daudela esan die antolatzaile batek. Bertako artistek Palestinako, Sudango eta Kongoko herriei elkartasuna adierazteko sinboloak margotu dituzte. Euren esperientziak eta sentipenak elkarri azaltzeko gune bat sortu dute haima (kanpaleku) gorriaren barruan. Elkarrizketak sortuz, parte hartzaileek esandakoak entzunez eta horiei erantzunez ezagutza kolektiboa elkarrekin sortzea, hori da gakoa, Ruzuna Akoth Azuh ikertzaile feministaren esanetan.

Ghettoko errealitate materialak eragiten duen bazterketa aztertzen ari dira. Argi dago Njirun —Nairobiko aldirietako auzo bat da— zerbitzu sozialak ukatzen dizkietela. Auzotarren arabera, ez da txorrotako urik ez errepiderik iristen. Joan-etorriak boda boda-n —bizikleta edo motoei erreferentzia egiten zaie hitz horrekin— egin behar dituzte, eta ura ontzietan erosi. Etxegintzan ere baztertuta daude: txapa eta papera besterik ez dute.

Emakumeetako bat haserretu egin da bere azken lanean jasandako injustizia kontatzen. Gaixo dagoen agure batek kontratatu zuen, jatera eman ziezaion eta garbitu zezan. 300 txelin (2,13 euro) ordaintzen zizkion; mediku gisa kontratatu zuen gizon bati, ordea, 5.000 txelin (35,49 euro). Entzuleak ozen hasi dira nazkatuta daudela esaten. Lana lortzeko, neskek enpresaburuarekin oheratu beharra dutela ere esan dute.

Njiruko sare feministak konpresen banku bat jarri du martxan, horiek erosteko dirurik ez dutenez neskek mutilei dirua eskatzen dietelako; trukean, mutilek sexu harremanak eskatzen dizkiete, eta, horren ondorioz, handitu egiten da haurdun geratzeko arriskua. 24 urte ditu Pauline Wanjiruk, eta eskola utzi du; orain zabortegian ari da lanean, amarekin batera, berreskura daitezkeen hondakinak biltzen. Egiten dituzten lanak bazterketa eremu batean sortuak dira.

Astindu, hezi, askatu eta ospatu, hori da Emakumeen Elkartasun Sarearen leloa. Umetan amak lotsa eragiten ziela aitortu du Babadogo auzotik etorritako batek, Damarisek. Amak polizia etxean amaitzen zuen sarritan, kale bazter batean lantegiko langileei jaten ematen zielako. Hala ere, egunero barazkiak ekartzen zituen mahai gainera, eta, horri esker, ez ziren gosez oheratzen. Damaris ez zen dagoen lekura iritsiko amagatik izan ez balitz. Mari Anne Kajoleko justizia sozialeko eragilea zutitu da. Esan die euren burua sentitzen eta entzuten ikasi behar dutela, eta nortzuk diren erakusten.

«Nabaria da emakumeek jada ulertzen dituztela euren baldintza materialek eragin dituzten injustiziak».

RUZUNA AKOTH AZUHIkertzaile feminista

Gero, aldaketa soziala eragin nahi duten artistek hartu dute hitza. Natura eta emakumea bat direlakoan, lehortzen ari den lakuaz mintzatu zaie Rian Njeri entzuleei, eta horrelaxe bukatu du: «Ez gatoz eskean, gure eskubideak exijitzen ditugu, eta ordaindu beharko dituzu!».

Azuhek esan die emakumeek egiten dituzten lanak bizirik irautekoak izaten direla. «Milioiduna bazara ere, bizi ahal izango zara ezin baduzu ez jan ez zeure burua garbitu?». Zera galdetu die: «Emakumeon izerdi hori beste norbaitek bizirik irauten duela bermatzeko bada, etekinak norentzat izan behar du?». Oihu batez erantzun diote: «Guretzat!». Izan ere, ugazabak jasotzen du onura; langileek irabazten dutena ez da nahikoa eskola tasak ordaintzeko ere.

Ume bat zaintzeko 100 txelin (0,71 euro) inguru ordaintzen zizkioten Faith Kasinari, eta etxe osoa garbitu behar izaten zuen alde egin aurretik. Horretaz aritzean, besteei esan die «duintasunik gabeko bizitzaren oinetakoetan ibili» dela: «Eta ezin duzu protestarik egin: bestela, buru gogorra duzula esan, eta kaleratu egiten zaituzte».

Janariari dagokionez, Azuhek legegintza neoliberala jarri du jomugan. Kenyako lege berri batek debekatu egiten die nekazariei hazi autoktonoak edo naturalak trukatzea, eta merkatuan dauden hazi guztiak estandar berrien arabera erregistratu behar direla agindu.

Nekazarientzako laguntza

Nekazari txikiak defendatzeko laguntza eskatu die ikertzaile feministak, bakarrik geratuko balira baztertu egingo bailituzkete, eta janari guztia multinazionalen esku geratuko litzateke hala. «Eta nork egiten du lana baserrian?», galdetu die; «emakumeek», erantzun diote; «amonak, bereziki», esan du batek. «Eta lurra harena al da?»; erantzuna, ezetz. «Eta zergatik?», galdetu diote euren buruari, dena lotua dagoela ikusita.

Historia ezin dela aldatu baina euren patua aldatu ahal dutela esan die Emakumeen Mundu Martxako Sofie Dolak. Emakume bakoitzak borroka anitz darama bizkarrean, eta berriro azpimarratu du borroka horien zergatietan sakondu ahal izateko zer-nolako garrantzia duen elkartasun mugimenduetan jarduteak.

Njiruko foroak izandako hutsuneak ere aztertu ditu gero Emakumeen Elkartasun Sareak. «Ez al da hori antolakuntza? Lorpenak bildu eta ahal dena hobetzea», dio Azuhek. Lorpenak hauexek dira: «Mobilizazio oso ona; askotariko parte hartzea; hizketagai argiki subertsiboa, komunitatean egina. Artistek parte hartu dute, apenas genuen dirurik, baina hala ere egin egin da».

Ezagutza kolektiboari dagokionez, adierazi du ekinaldiak bidea ematen duela ezagutza elkarrekin sortzeko. Zenbat eta foro gehiago izan, orduan eta ezagutza gehiago eraikitzen dute elkarrekin. «Nik gauza batzuk ikasi ditut, besteek ere bai, eta hurrengoan hortik abiatuko gara. Nabaria da emakumeek jada ulertzen dituztela euren baldintza materialek eragin dituzten injustiziak. Hurrengo elkarrizketak hasteko eta antolatzeko prest daude. Hori garaipen handia da. Lau emakume hurbildu zitzaizkidan eskerrak emateko. Horiek ez dira garaipen txikiak», dio ikertzaile feministak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.