Raquel Marti UNRWA Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Espainiako Agentziako zuzendaria da (Madril, 1966). Maiatzean Sirian izan zen. Inguruan zituen siriar guztiek alde egiteko asmoa besterik ez zuten buruan. Bidaiaren arriskuaz ohartaraztean, berehalako erantzuna jasotzen zuen: «Zer uste duzu, ez dakigula?». Mafiek antolatutako ontziei, adibidez, herio ontzi deitzen diete errefuxiatuek. «Bidaia hori egiteko gai badira, pentsatu beharko genuke nolakoa behar duen hango egoerak, erabaki hori har dezaten», dio Martik. Herenegun, Nafarroako Parlamentuan izan zen, eta Siriako gerraz gain, Gazako egoera «jasanezinaz» ohartarazi zuen.
Parisko atentatuen inguruko zer irakurketa egiten duzu?
Izugarriak izan dira. Nire ustez, gizateria osoaren aurkako atentatua da, eta elkartasuna adierazi behar zaie biktimei, munduko edozein bazterretan.
Frantziako eskuinak Siriako gerratik ihesi Europara etorri diren errefuxiatuen aurkako neurriak gogortu behar direla diote. Okerra dela deritzozu?
Bai. Errefuxiatuei babesa ematea erraztu behar zaie. Modu antolatu eta kontrolatu baten bidez egin behar da; baina azkar, era berean. Ez dira mugak itxi behar, ez dutelako erlazio zuzena Parisko atentatuekin. Utzi behar zaie ikerketei aurrera egiten. Egunero errefuxiatuen artean 700 haur iristen dira, eta ezin diegu atea itxi, Parisko atentatuko indarkeria beretik ihesi baitoaz.
Michael Kingsley UNRWAko zuzendariak dio Sirian errefuxiatu palestinarrak «ahaztuen artean ahaztuak» direla. Hala al da?
Gerraren aurretik 500.000 errefuxiatu palestinar zeuden Sirian, eta jada egoera zailean ziren, herrialdearen barruan errefuxiatu guneetan bizi zirelako. Lau urteko gerraren ondoren, egoera asko okertu da. Erdiek baino gehiagok alde egin dute, eta etxea galdu dute. UNRWA da errefuxiatu palestinarrei laguntzeko mandatua duen agentzia bakarra, eta guk ez badugu dirurik jasotzen, eurek ez dute laguntzarik jasotzen.
Diru faltak nola eragiten du?
Gazako egoeraren antzera gaude. 2015erako egindako larrialdizko deialditik diruaren %35 jaso dugu, eta horrek banatzen dugun giza laguntzan eragiten du. Dirua banatzeko programa bat dugu, eta funtsezkoa da. Nahiko genuke diru gehiago banatzea. Eguneko 35 zentimo banatzen ditugu; nor bizi daiteke diru horrekin? Egoera normal batean ezin bada, are gutxiago gerra egoera batean.
Errefuxiatu palestinarren erdiek alde egin badute, gainerakoak non daude?
Sirian lehenago gure eskolak ziren 37 babestoki ditugu. Hara pertsonarik ahulenak iristen dira, Siriatik irten ezin direnak. Ez dute dirurik mafiei ordaintzeko. Sendi batek pertsona bakoitzeko 5.000 eta 10.000 euro artean behar ditu Europara iristeko. Sendi askotan guztien artean biltzen dute dirua, eta euretako batek hartzen du Europara joateko arriskua, normalean gizonezko gazte batek. Ondoren ahalegintzen dira familiako gainerako kideak ekartzen edo gutxienez dirua bidaltzen. Gure zentroetara normalean elbarriak, zaharrak, haurrak eta alargunak iristen dira. Imajinatu nola dauden dena galdu dutenak.
Errefuxiatuen guneetan nolakoa da egoera?
Sirian 1950eko hamarkadatik zeuden errefuxiatuentzako kanpalekuak, eta, egun, hiri nagusietan, auzo bihurtu dira. Palestinarrak ez ziren gerran inplikatu, baina 2012 amaieran talde armatuak errefuxiatuen eremuetan sartzen hasi ziren, eta Siriako erregimena toki horiek bonbardatzen hasi zen. Gune batzuetan ia biztanle guztiek ihes egin dute bonbardaketen ondorioz. Adibidez, Jarmuken. Egun, 28.000 lagunek han harrapatuta jarraitzen dute. Beste gune batzuk indarrez hustu dituzte edo setiatuta daude.
Martxotik ezin zarete Jarmuken sartu. Zer dakizue hango egoeraren inguruan?
Bi kilometro koadroko azalera duen eremu txikian, Jarmukek Siriako gerraren osagai guztiak ditu. Etengabe bonbardatu dute, eta talde armatu guztiak han dira. Gainera, setioa gerrako arma gisa erabili da, eta galarazi egin du giza laguntza sartzea, besteak beste ura eta sendagaiak. Jendea gosez hil da. Ez dugu daturik, ezin garelako sartu, baina sare sozialek diote gosez hildakoak ehundik gora direla. Ezin izan dugu hori egiaztatu. Estatu Islamikoa apirilean Jarmuken sartu zenean 2.000-3.000 pertsonak alde egin zuten, eta pertsona horiei osasun arreta eman diegu. Horien artean bi urtez tratamendurik jaso ez duten gaixo kronikoak daude; adibidez, intsulinarik jaso gabeko diabetes gaixoak. Haurren eta zaharren artean, malnutrizioa atzeman dugu, baita tifusa eta hepatitisa ere, ur kutsatua edan behar izan dutelako gunean.
Europako gobernuek zer egiten dute Sirian bertan?
Guk eskatzen diegu ez ahazteko. Europan errefuxiatuen egoera izugarria dela iruditzen bazaigu, ezin dugu ahaztu tokirik okerrena Siria dela eta ondoriorik larrienak han direnek sufritzen dituztela. Funtsezkoa da giza laguntza handitzea eta neurriak hartzea indarkeria amaitzeko.
Gazari buruz ere hitz egin duzu parlamentuan. Zein da hango egoera?
Israelen iazko azken erasoaldiaren ondoren, egun, etxea galdu duten 100.000 palestinar daude. Batzuk senide eta lagunen etxean daude, baina beste batzuk euren etxeko hondakinen artean bizi dira. Etxe asko erdi-eraitsita daude. Saiatu dira zuloak estaltzen, baina laster bigarren neguari aurre egingo diote. Iaz, hipotermiaren eraginez haurrak hil ziren. Egoera traumatikoa eta etsigarria da. Gazan suizidio kopurua handitu egin da, ez dutelako etorkizunik ikusten. Israelgo eta Egiptoko gobernuek mugak itxita dauzkate, eta ez dago modurik ateratzeko. Horrek ekonomia eta biztanleriaren egoera okertu besterik ez du egiten.
Raquel Marti. UNRWAko ordezkaria
«Ezin da ahaztu ondorio larriena Sirian direnek jasaten dutela»
Nafarroako Parlamentuan izan berri da Marti, eta bertan azpimarratu du Europara iritsi diren errefuxiatuen egoera izugarria izanagatik «okerrago» direla Siriatik irten ezin direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu