Jalal Talabani Irakeko presidentearen atzetik alderdi kurduko bigarren buruzagia da Mala Bakhtiar. PUK Kurdistango Batasun Patriotikoko bozeramailea ere bada eta Kurdistango gobernu autonomoko ahots garrantzitsuenetakoa. Gerrillari ohia, Anfal izeneko Saddam Husseinen arabiartze kanpainen biktima izan zen bere familia eta 2005ean bizirik irten zen atentatu batetik. Etorkizuna, baina, oparoa dela uste du, bai kurduentzat bai Irakentzat oro har.
Kurdistanen Iraken aldean segurtasuna eta erakunde indartsuak daude. Suleimanija Bagdaden aldean beste mundu bat da.
Kurdistanen mundu osoko bi mila enpresa ari dira arazorik gabe lanean, Kurdistango gobernuarekin egindako hitzarmenen bidez. Gauez lasai pasea zaitezke, gizon zein emakume, beldurrik gabe, geu ere horrela ibiltzen gara eta horretan dihardugu egoera ekonomikoa hobetzen, eta datozen urteetan hobetu dadin. Baina ez gu bakarrik, egia da Kurdistango egoerari inbidia diotela askok, baina Irak osoan ari da demokrazia indartzen, oso bizkor gainera. Kurdu gisaa, sinets iezadazu guretzat eskatu duguna besteentzat ere nahi dugula.
Indarkeriaren jaitsiera okupatzaile gehiagok bakarrik ekarri duela diote batzuek, hau da, erakundeak oraindik oso ahulak direla.
Badakit oso eraso bortitz eta odoltsuak egon direla, baina hiri eta herri batzuetan egondako atentatuak izan dira, ez Irak osoa harrapatu duen gerra zibila. Hori ere gerta zitekeen, Estatu Batuak hemen egoteak lortu du gerra zibileraino ez joatea. Egin kontu Iraken historia laburrean -80 urtez baino ez da izan estatua- ia ez duela bake unerik izan. Lau aldiz egin dio gerra Israeli, zortzi urtez Irani, Kuwait okupatu du, hamahiru urteko nazioarteko bahimendua pairatu du. Kurduok ez dugu bakerik ezagutu XX. mendearen azken zatira arte, etengabe altxamenduak eta zapalkuntza bortitzak sufritu ditugu. Hori da Irak, etengabe odolustu den lurraldea. Ez da zuzena estatubatuarrei egoztea errua. Indarkeria oso errotua dago. Hori gaindituta dago? Ez, noski, eta horregatik badakigu erretiratzea ez dela berehalakoa izango. Ondorioz, azaroko hauteskundeen ostean estatubatuarrek badoazela esanda ere denbora beharko dute, bi urte behintzat bai, eta ordurako askoz erakunde indartsuagoak izango ditugu.
Kurdistandik kanpo ere bai?
Orain daukagu benetako aukera demokrazia ekartzeko Irakera, eta horren aurka dihardute terroristek, ez okupazioaren aurka. Demokraziak terrorismoa hondora darama, fundamentalismoaren amaiera da. Hurrengo bi hamarkadetan ikusiko duzu nolako aldaketak dauden eskualde osoan. Ziur nago muturrekoak garaituko ditugula eta Irak demokratikoa izango dugula laster, aukera handia dago Irak izan dadin Ekialde Hurbileko eredu demokratikoa.
Azken hauteskundeetan autodeterminazio erreferenduma bultzatu zenuten kurduek. Baztertu duzue independentzia, ala Iraketik kanpo pizten diren errezeloekin tentuz ibili beharra dago.
Besteek eskubidea badaukate, Kosovok izan badu, kurduok ere badaukagu. Nork esango zuen duela hogei urte, hemen Anfal betean geundela, Europan estatu berriak egongo zirela, mugak aldatuko zirela? Orduan, etorkizunean ere zergatik ukatu aldaketa aukera, hori bada borondatea? Ekialde Hurbilean tentsioak pizten ditu horrek, baina argi dago onartezina dela kanpoko inork, Turkiak, Iranek, Siriak edo beste inork esatea guk zer egin behar dugun.
Kirkuk hiria da konpondu gabeko auzietariko bat. Turkiak ere presio egiten du turkmenoak babesteko aitzakian eta ez dirudi Stefan de Mistura NBEko ordezkariaren proposamenak inoren gustuko izan direnik.
Ezagutzen genituen Stefan de Misturaren proposamenak, gutxi gorabehera, luzaroan erabili ditu, eta eztabaidatu ditugu. Guk onartzen ditugu aldaketak, de Misturak dakartzan oharretatik, 2005eko hauteskundeetan oinarrituta, kurdu kopuruak goraegin badu ere, konponbidearen alde ari gara lanean. Orain bertan ezin da esan zein izango den Kirkuken etorkizuna, kurduontzat gure hiriburua da, eta Konstituzioko 140. artikulua [Kirkuken erreferenduma aurreikusten du Kurdistanen sartu ala ez erabakitzeko] betetzea da bidea, erreferendumean, errolda bidez edo De Misturaren proposamenarekin, baina biztanleen borondatea errespetatuz behintzat.
Hego Koreako mirariaz hitz egiten da, zeinen herrialde behartsua zen duela mende erdi eta moldatu den munduko aberatsenen artean kokatzen. Petrolioa daukazue, eta horrek aberastasuna baina arriskuak ere baditu.Zeintzuk dira Kurdistanen erronkak?
Demokrazia da erronka, gizarte zibila, erakundeak indartu eta begirunea lor dezaten. Saiatzen ari gara, gizabanako orok aukerak izan ditzan. Bai gure alderdia, bai Kurdistango eta Irakeko gobernuko besteak horretan sakontzen ari gara, erakunde indartsuak eta bai ekonomikoki eta bai eskubide zibiletan aurrera egiteko gaitasuna duen gizartea.
Estatu Batuetako hauteskundeek aldaketarik ekar dezakete Irakera begira?
Ez dut uste AEBetako egoera politikoa aldatzeak, demokratek zein errepublikarrek irabazi, aldaketa handirik ekarriko duenik. Aldaketa 2003an lortu genuen, askatasuna lortu genuen, orain gertatzen denak ez du horrenbeste eragingo.
Baina badakizu aldea dagoela demokratek edo errepublikarrek irabazi. Obamak tropak erretiratzeko borondate argia agertu du.
Berehala aterako balituzte, bai, kaosa hedatuko litzateke ezinbestean. Baina demokrazia sakon errotzen ari da, muturrekoak gainditzen ari gara, eta erretiratzea ez da bat-batekoa izango. Orain bertan hasiko balira ere bi urte beharko lituzkete burutzeko. Eta ordurako Irakeko agintariak eta erakundeak are indartuago egongo dira eta erraz kontrolatuko dute egoera. Aliantza estrategikoa dago AEBekin eta hala jarraituko du tropek alde egin eta gero ere.
«Ezin da esan zein izango den Kirkuken etorkizuna, gure hiriburua da kurduontzat»
PUK Kurdistango Batasun Patriotikoko kidearen ustez, oso bizkor ari da hedatzen demokrazia ez soilik Kurdistanen, baita Irak osoan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu