Escola Valenciana elkarteak hezkuntza eredua hobetzeko proposamena aurkeztu du duela gutxi. Hizkuntza gutxitua izanik, katalana indartu behar dela defendatzen dute. Helburua, hain justu, hizkuntza aniztasuna bermatzea dela dio Vicent Moreno (1957, Massanassa, Valentzia) elkarteko presidenteak. Valentziako Hezkuntza sailak baina gaztelera, katalana eta ingelesa parekatuko dituen eredua aurkeztu berri du Escola Valencianaren proposamena aintzat hartu gabe.
Gaur Valentziako hiru hiriburutan manifestazioak egingo dituzte Hezkuntza Sailaren proposamenaren aurka.
Gaur protestak deitu dituzue. Zeintzuk dira zueneskaerak?
Gure hizkuntzaren normalizazio prozesuan oztopoak jartzeari uztea eskatzen diogu Gobernuari. Izan ere, aurkeztu duten eredua adituen esanei entzun gabe egin dute, valentzieraren eta gazteleraren desoreka kontutan hartu gabe. Horregatik, dekretua bertan behera uztea eskatzen diegu.
Zeintzuk dira gaur egun indarrean dauden hezkuntza ereduen emaitzak?
Valentzierazko ereduan ikasten duten haurrek bi hizkuntza ofizialak ongi menperatzen dituzte, eta hori Generalitateko Valentzieraren Kalitatearen Institutuak eginiko ikerketek diote. Programa hori baita benetan elebitasuna bermatzen duen bakarra.Gaztelerazko ereduan, hain justu, valentziera ikasten dute, baina horrek ez du hizkuntzaren erabilera bermatzen. Eta bada beste hirugarren kasu bat, gaztelaniaz irakasten den eremuan eskaintzen dena, non ikasleek valentzierazko klaseak ere jasotzen ez dituzten.
Zein da zuen aburuz jorratu beharreko bidea?
Gaztelerazko ereduek ez dituzte esperotako emaitzak ematen. Hori horrela, valentziera indartu behar da. Batetik, eredu elebidun bat onartzen dugu, baina bertan katalanaren presentziak %50ekoa izan beharko luke. Valentzierazko eredua mantentzea proposatzen dugu, bestetik, baina ingelesaren presentzia indartuz. Alderdi politiko guztiek PPk izan ezik, sindikatuek, guraso elkarteek, hezkuntza elkarteek eta beste hainbat kultur elkartek bat egin dute gure proposamenarekin. Eleaniztasuna sustatzeko valentzieratik hasi behar da, hizkuntza gutxitutik, alegia. Gainera eskola bakoitzaren testuingurua kontuan hartu behar da, gaztelera lehenago edo beranduago sartu erabakitzeko.
Dekretu berriak gaztelera, katalana eta ingelesa parean jartzen ditu. Nola eragingo du horrek hizkuntzaren normalizazioan?
Zalantzarik gabe valentzieraren kalterako izango da, izan ere, ezin dira gaztelera,valentziera eta ingelesa parean jarri, gizartean desoreka handiak existitzen direlako. Gaztelera nonahi dago, eta horrek nagusitasuna ematen dio. Guk ez dugu gure hizkuntzarekin Irlandan gaelikoarekin gertatu dena gertatzea nahi. Gazteek badakite, eskolan ikasten dutelako, baina ia inork ez du erabiltzen. Eta hezkuntza proposamen berriarekin hori gertatu daiteke hemen.
Gizarteak nola erantzun du proposamenaren aurrean?
Herritarrak haserre daude oso, eta nik uste dut gaur jendetza bilduko dela hiru hiriburutan.
Zer nolako ibilbidea egin du katalanezko ereduak?
Urtez urte eredu hori eskaintzen duten eskolen kopurua handitzen joan da, eta gaur egun 800 eskolatan baino gehiagotan eskaintzen dute. Gainera, eskaera eskaintza baino handiago da, berez.
Katalanezko eredua sustatzen duzuen eragileoi maiz politika egitea leporatzen dizuete.
Hala da. Gure leloa aldiz, bestelakoa da; hizkuntzak ez du kolore politikorik. Valentziera ez da alderdiena, herriarena baizik. Egia da valentziera politizatua dagoela eta PPk bere interesen arabera erabiltzen duela. Baina hori kontraesankorra da, PPko militanteen gehiengoak valentzieraz hitz egiten baitu.
Vicent Moreno. Escola Valenciana elkarteko presidentea
«Ezin dira gaztelera eta valentziera parean jarri, desoreka handia baitago»
Valentzian hizkuntz aniztasuna bermatzeko bide bakarra hezkuntzan katalanaren presentzia indartzea dela defendatzen du Vicent Moreno. Hizkuntza despolitizatu behar dela dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu