Ekuador. Hauteskundeak

Ezkerraren proiektua jokoan

Correaren neurriekin jarraitu ala ez erabakiko dute bihar Ekuadorko hauteskunde orokorretan. Ustelkeria kasuek gobernuari erasan badiote ere, irabazteko aukera handiak dituzte ofizialistek

Ezkerraren proiektua jokoan.
Quito
2017ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
2007an hartu zuen presidente kargua Rafael Correak, jokalekuberriak sortuko zituen prozesu bat aginduta. Urrun geratzen dira inbestidura saioan esan zituen hitzak: «Herri iraultza lortzeko borroka, sistema politiko, ekonomiko eta sozialaren muturreko aldaketa sakon eta azkar batekin». Garaipenerako eta porroterako garaiak izan ditu, eta, hamar urteren ostean, Correa ez da aurkeztuko bihar Ekuadorko hauteskunde orokorretara —besteak beste, presidentea eta legebiltzarraren osaketa hautatuko dituzte—. Ofizialismoaren eta zatitutako oposizioaren arteko borroka handia izango du herrialdeak.

Aurreko hauteskunde orokorrak 2013an egin zituzten, eta egungo testuingurua nabarmenki desberdina da. Batetik, eskualdeko gobernu aurrerakoi edo postneoliberal delakoen indarra ahuldu egin da, eta, horrekin batera, eskualdeko integrazioaren aldeko apustua. Testuinguru geopolitiko berri bat dago: esaterako, Argentinan Mauricio Macriren neoliberalismoa, Brasilen Dilma Rousseffen aurkako kolpe politiko-parlamentarioa eta AEBetan Donald Trump ultraeskuindarraren garaipena. Bestetik, Ekuadorren egoera ekonomikoa ez da bera: petrolioaren prezioa erori egin da, inguruko herrialdeen txanpona debaluatu da, eta, 2016ko apirilan izandako lurrikaren ondorioz, gobernuak 3.151 milioi euro bideratu behar izan ditu berreraikitze planak finantzatzeko. Aurreko urtean, %1,7ko atzerapen ekonomikoa izan zen, baina agintariek %1,42ko hazkundea iragarri dute urte honetarako. Zulo hori gaindituta, Correak uste du datozen urteetan 251.000 lanpostu sortuko dituztela, gobernuaren neurriei eta inbertsioei esker.

Moreno, faborito nagusia

Zortzi presidentegai lehiatuko diren arren, lauren arteko borroka izango da lehen itzulian. Faboritoak, baina, bi dira: boterean dagoen AP Herri Aliantza alderdiko Lenin Moreno —2009tik 2013ra presidenteorde izandakoa—, eta Guillermo Lasso CREO mugimendu kontserbadoreko liderra —eskuinekoa eta bankari ohia—. Hauteskunde kanpainak argi utzi du ekonomia, zergak, babes soziala, ustelkeriaren aurkako borroka eta enplegua direla eztabaidagai nagusiak. Azken bi horiek, batez ere. Morenok orain arteko politikekin jarraitzeko asmoa agertu du, betiere estilo pertsonala ezarriz; hala, 2025. urterako 250.000 lanposturen sorrera eta BPGaren hamar puntuko hazkundea iragarri ditu. Gainera, herrialdearen eta ministerioen burokratizazioarekin segitu nahi du, eta Txinarekin petrolioan oinarritutako aliantzari eutsi nahi dio. Haren hitzetan: «Ekitatea, pobreziaren amaiera eta ongizate soziala, gizakia kapitalaren gainean izateko».

Kanpaina hastear zela jo zuen Odebrecht kasuak Ekuador. Estatuko administrazioko langile ugarik 31,5 milioi euro jaso zituzten 2007tik 2016ra, ikerketaren arabera. Hala, 109,3 milioi euroren etekinak lortu zituen enpresak. Panamako paperenauziak ere agerian utzi zuen Ekuadorko hainbat funtzionario eta funtzionario ohi ustelkeria kasuetan inplikatuta zeudela. Ustelkeriaz gain, Correaren gobernuak kritika asko jaso ditu Amazonian dagoen Yasuni natura erreserba ustiatzeagatik. Han dagoen petrolioa ingurunea eta indigenak errespetatuz aterako zuela zin egin zuen, baina ez du hitza bete. Horren ondorioz, hainbat indigenak beren habitat naturala utzi behar izan dute.

Oposizioa, zatituta

Kritika horiek eta beste hainbeste egiten dizkion zatitutako oposizioa du parean, baina denek helburu bera dute: correismoa boteretik botatzea. Bigarren itzulira iritsi nahi dute —apirilean izango litzateke—, hauteskundeak irabazteko aukera handiagoa izango dutela uste baitute —lehen itzulian garaitzeko, botoen %40 eta bigarrenarekiko hamar punturendiferentzia behar da—. Aukera zabala dute boto emaileek: sozialdemokratak, kontserbadoreak, independenteak, neoliberalak, sozialkristauak, eta abar. Lassok, oposizioko presidentegai indartsuenak, proposamen neoliberalak ditu, eta ekonomia «berpizteko» neurriak: hala nola turismoaren sustatzea, zerga gutxiago ordaintzea eta lau urtean milioi bat lanpostu sortzea. Eta hori argudio boteretsua izan daiteke: biztanleria aktiboko hamarretik sei langabezian daude. Landa guneetan, berriz, hamarretik zortzi daude lanik gabe.

Zentro-ezkerrera begira, Ezker Demokratiko alderdiko Paco Moyanok obra publikoaren sustatzea defendatzen du, 285.000 enplegu sortzeko; sistema bere onera ekartzearen aldekoa da gainera, erakundeen independentzia bermatzeko. Laugarren hautagai nagusia Cynthia Viteri da, Alderdi Sozialkristaukoa. Lauren artean aukera txikien duena izan arren, kanpaina dinamiko eta eraginkorra egin du, bere komunikazio gaitasunean oinarritua —kazetaria da—.

Ekuadorren botoa ematea nahitaezkoa da, eta, inkesta ia guztiena arabera, Morenok aukera handiak ditu hauteskundeaklehen itzulian irabazteko, eta APk Asanbleako diputatu gehien lortzeko. Dena den, herritarren %35 zalantzati daude oraindik, eta erabakigarriak izango dira biharko emaitzan. Ofizialismoaren aldeko apustua egin, ala hamar urte iraun duen proiektuari amaiera eman, horixe dago jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.