Ezkerreko blokeak gehiengo osoa eskuratu du Islandiako Legebiltzarrerako bozetan

Finantza krisiak kontserbadoreen porrota eragin du, eta urteetako hegemonia amaitu

2009ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Independentzia eskuratu zutenetik (1944) lehen aldiz ezkerreko gobernuaren alde egin dute Islandiako herritarrek. Kontserbadoreen hegemoniaren amaiera ekarri du finantza krisiak, eta horri esker lortu dute sozialdemokratek agintea eskuratzea. Ezker Berdearen Mugimenduaren sostenguarekin, izan ere, Legebiltzarrean gehiengo osoa duela aginduko du Johanna Sigurdardottirrek, aurrerantzean lehen ministro izango denak. Botoen %49, 7 eskuratu ditu Aliantza Sozialdemokratak: %28,8 Sigurdardottirren alderdiak eta %20,9 ezker berdeek. Parlamentuko 63 eserlekuetatik 34 ezkerreko blokearen esku izango dira, beraz.

Porrota kontserbadoreena izan da. Independentziaren Alderdiak ez du botoen %22,9 besterik lortu. Urteetan berak bakarrik agindu du Islandian; baina finantza krisia garesti atera zaio. Urtarrilean Gobernua utzi behar izan zuen, herritarren protestak tarteko. Eta herenegungo hauteskundeetan azken kolpea jaso zuen, bederatzi diputatu galdu baititu Parlamentuan, hamasei eserlekurekin geldituz.

Europako Batasunera begira

Inkestak aurka zituen Independentziaren Alderdiak, eta, beraz, ez du ustekabean harrapatu hauteskundeetan bigarren gelditu izanak. Hala ere, sostengua berreskuratzeko esperantza duela agertu duBjarni Benediktsson buruzagi kontserbadoreak, sozialdemokraten garaipena aitortu eta segituan: «Oraingo honetan galdu egin dugu, baina irabaziko dugu berriro aurrerago».

Boto-emaileek aldaketa nahi zutela adierazi du Johanna Sigurdardottirrek. Eta lehenengo aldaketa EB Europako Batasunari begira egingo du lehen ministro berriak. Islandia EBko estatu kide bihurtzea da horren asmoa, Bruselarekin negoziazioak hasi aurretik etxekoak konbentzitu beharko baditu ere. Ezker Berdearen Mugimendukoak, izan ere, ez dira Islandia EBra begira jartzearen aldekoak, nahiz eta herri galdeketa egitea erabakiz gero, ez direla horren aurka agertuko ziurtatu duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.