Azken urteetako ekitaldi eta mobilizaziorik gabe ari dira ospatzen irailaren 11 Katalunian. Pandemiaz gain, bestelako berezitasun batzuk ditu aurtengo Diadak: batasunik ez indar independentisten arteko estrategian, hauteskunde aurreko giro politikoa eta Espainiako Auzitegi Gorenak datorren ostegunean Quim Torra Kataluniako presidentea inhabilitatzeko aukera. Eragile subiranistek hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaurko, baina bakoitzak bere aldetik.
Torraren kasuan, litekeena da atzo eman izana azken diskurtso ofiziala Kataluniako Generalitateko presidente bezala. Ohartarazi zuen orain arteko bideari eutsiko diotela, «askatasunerako eta independentziarako» bideari: «Eusten diogu eta eutsiko diogu gure herriaren askatasuna lortzeko borondateari, gure herriaren osotasun nazionala lortzeko: independentzia».
Gaur Rafael Casanovaren monumentuan egin duten lore eskaintzan izan da Torra. Segurtasun neurriekin egin dute ekitaldia, maskararekin, eta Els Segadors jo ohi duen orkestrarik gabe. Gobernuko ordezkariak ere gutxi izan dira: Torraz gain, Pere Aragones presidenteordea eta Meritxell Budo bozeramailea soilik. Budok gatazka politikoari konponbidea politikoa eman behar zaiola aldarrikatzeko aprobetxatu du.
Goizeko lehen orduan, urteroko lore eskaintza egin dio Kataluniako Gobernuak Rafael Casanovari. Ezohiko neurriekin egin dute. Torra presidenteak, Aragones presidenteordeak eta Budo bozeramaileak parte hartu dute soilik @berriapic.twitter.com/V5njeJtife
— Gorka Berasategi (@GorkaBerasategi) September 11, 2020
Arran ezker independentistaren gazte erakundeak ere manifestazio bat egin du goizean. Manifestazioaz gain, ekitaldi bat egin dute Espainiako polizia indarrek duela 42 urte hil zuten Gustavo Muñoz oroitzeko, eta Poliziaren biktima guztiak omentzeko.
Ezker independentistaren gaztediak Espainiako polizia indarrek duela 42urte hil zuten Gustavo Muñoz oroitu dute, eta Espainiako Estatuaren "errepresioaren" biktima guztiak oroitu. Tartean, Igor Gonzalez Sola, orain egun gutxi espetxean hil zen euskal presoa @berriapic.twitter.com/1mJVv43tTa
— Gorka Berasategi (@GorkaBerasategi) September 11, 2020
Diadako ekitaldirik garrantzitsuenetako bat Omnium Cultural arratsaldean zehar egiten ari dena da, preso politikoen askatasuna aldarrikatzeko. Espetxean den Jordi Cuixartek zuzendutako erakundeak 2.850 aulki huts jarri ditu Bartzelonako Garaipenaren Arkuan, bakoitza izen batekin, prozesu independentistak eragin dituen «2.850 errepresaliatuak» irudikatzeko. Torra han izan da, baita beste hainbat alderdietako eta erakundeetako ordezkariak ere.
.@omnium-ek eguerdian hasiko du Diadako ekitaldi nagusia, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan. Prozesu independentistaren kontrako auziek eragin dituzten "2850 errepresaliatuak" izango dituzte gogoan. Beste horrenbeste aulki huts izango dira ekitaldian @berriapic.twitter.com/pAfyzFjXJY
— Gorka Berasategi (@GorkaBerasategi) September 11, 2020
Marcel Mauri Omniumeko presidenteordeak hartu du hitza, eta ziurtatu du Espainiako Estatuaren «errepresioak eta mendekuak» ez duela independentismoa garaituko. Haren esanetan, «errepresaliatuek konponbidearen parte izan behar dute». Amnistia eta autodeterminazioa aldarrikatu ditu: «Amnistiarik ez bada, autodeterminazioa aitortzen ez bada, Espainiako Estatuak arazo bat izaten jarraituko du bere demokraziarekin».
ANCk deituko duen ekitaldi nagusia 17:30ean hasi da, Espainiako Ogasunaren egoitzaren parean. Konexioak egin dituzte ANCk, Omniumek eta AMIk deituta Katalunian egin diren elkarretaratzeekin. 59.600 manifestari bildu dira guztira, 131elkarretaratzetan; antolatzaileen esanetan, «Europako mobilizaziorik handiena COVID-19aren garaian». CUPek eta CDRek ere mobilizazioetara deitu dute iluntzerako.
ANCko boluntarioak azken prestaketa lanetan ari dira Diada eguneko ekitaldi nagusia izango den tokian. 200 lagun bilduko dituzte Espainiako Ogasunak Bartzelonan duen egoitzaren parean, 'Etorkizun bat eraiki, independenteak izan' lelopean @berriapic.twitter.com/7ksd9f65E1
— Gorka Berasategi (@GorkaBerasategi) September 11, 2020
Lau atxilotu Lleidan
Diada eguneko ekintzekin lotuta, Espainiako Guardia Zibilak CDRetako lau lagun atxilotu ditu Balaguerren (Lleida). Ustez, gauean pneumatikoak erre dituzte Renferen trenbideetako hainbat gunetan, baina ez diote zirkulazioari kalterik egin. Renfek jakinarazi duenez, ez dira trenbideetan egin diren ekintza bakarrak izan.