NASAk azpikontratatutako Orbital Sciences Corporation enpresaren suziri batek eztanda egin du aireratu eta berehala. NASAk Wallops irlan (Virginia, AEB) dituen instalazioetan gertatu da ezbeharra. Handik aireratu dute Antares suziria, materialarekin Nazioarteko Estazio Espazialera zihoana. Bidaiaririk gabe zihoan ibilgailua, eta eztandak ez du biktimarik eragin.
NASAk jakinarazi duenez, jaurtiketatik sei segundora gertatu da leherketa, eta, konpainiako presidente eragile Frank Culbertsonek adierazi duenez, “oraindik oso goiz da gertatutakoaren xehetasunak jakiteko”. Orbital Sciences enpresak, berriz, jakianarazi du ikerketa bati ekingo diotela, “porrot honen arrazoiak argitzeko eta errepika dadin saihesteko”.
Antares suziriak bi tona material zeramatzan Cygnus izeneko kapsulan, Nazioarteko Estazio Espazialeko tripulatzaile eta esperimentuetarako. Besteak beste, espaziotik Lurrera sartzen diren meteoritoei behatzeko tresneria zeraman.