Ezustekorik gabe, Obama izango da Etxe Zuriko bizilagun berria

Abantaila handia atera dio McCaini, kolokan zeuden estatu gehienak eta errepublikanoen bastioi bat bereganatuta

2008ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Barack Obamak egin du. Hilabeteetan saldu duen aldaketaren alde bozkatu dute estatubatuarrek, eta hura izango dute presidente datozen lau urtetan. AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentetza eskuratzeaz gain, Historia egin du, gainera. Izan ere, Etxe Zuriko lehen bizilagun beltza izango da, John McCain aurkari errepublikanoari izugarrizko abantaila atera ostean.«Aldaketa iritsi da», nabarmendu zuen atzo Chicagoko Grant Parken, demokratek antolaturiko ospakizunean hitzaldia egitean.

Atzoko 22:00etarako -goizaldeko 05:00ak Euskal Herrian- zekien Obamak irabazi zuela. Orduantxe bildu zituen Hauteskunde Batzordean irabazteko beharrezkoak zituen 270 botoetan azkenak. Batzorde horrek erabakitzen ditu, azken finean, hauteskundeak. Estatubatuarrek ez dute presidentea zuzenean aukeratzen, izan ere. Eta 22:00etatik aurrera, McCainen eta Obamaren arteko aldea handitu baino ez zen egin. Zenbatzeko bi estatu falta zirenean- Missouri eta Ipar Carolina, 26 boto guztira-, demokratak 349 boto zituen, eta, aurkariak, 163. Horiek hala, askok 1996an Bill Clintonek lorturikoa ekarriko zuten gogora. Bob Dole errepublikanoari irabazi zion urte hartan, alde handiarekin: 379 boto eskuratu zituen, eta aurkariak, 159.

Dena den, urtarrilaren 20a arte itxaron beharko du Obamak bulego obalean lanean hasteko.AEBetako hauteskunde sistemaren arabera, orduan dira txanda egitekoak Etxe Zurian.

Garaipenaren giltzarriak

Ziurtatuta zituenez gain eta inkestetan bere aldeko joera azaltzen zuten estatuez gain, zundatzeek bi hautagaien arteko berdinketa teknikoa ematen zuten estatu gehienak eskuratu ditu Obamak. Floridako, Pennsylvaniako, Ohioko eta Kaliforniako hautesleek bere alde egin dezaten lortu du, esaterako. Horrekin, 27, 21, 20 eta 55 boto ziurtatu ditu Hauteskunde Batzordean. Herrialdeko ekialdeko estatuetan ere nagusitu egin da: Main, Vermont, Massachussets, Connecticut, Delaware, Maryland, Hampshire Berria, New Jersey, Pennsylvania eta New York; baita AEBetako Washigton hiriburuaeta orain artean Senatuan ordezkatzen duen Illinois estatua ere. Daturik deigarriena, akaso, Virginiakoa da. McCaini kendu dio, izan ere, estatu hori. 1968ko bozetatik errepublikanoen bastioia izan da hamairu boto jokuan dituen estatu hori.

Obamak bere burua garailetzat eman eta ordu erdira, 22:30ean -Euskal Herriko 05:30ean- aitortu zuen porrota McCainek. Arizonako Phoenix hiriburuan egindako hitzaldia Obama zoriontzeko baliatu zuen, hala. George Bush presidenteak ere lehenbailehen aitortu zion garaipena Obamari. «Zure bizitzako bidaia handienetako bat hastear duzu. Zorionak eta on egin». Hitz horiek zuzendu zizkion urtarrilaren 20an presidentetzan ordezkatuko duenari.



Kongresuan nagusi

Demokratek, presidentetza eskuratzeaz gain, Kongresuan gehiengoa ere sendotu dute. Estatubatuarrek Ordezkarien Ganberako kide guztiak -435- eta Senatuko herenak-ehundik 34- ere aukeratu behar zituzten herenegun. Kongresua osatzen duten bi organo horietan nagusitu da Alderdi Demokrata, nahiz eta Senatuan ez duengehiengo kualifikatua eskuratu. Datuak behin-behinekoak dira, testu hau idazteko orduan ez baitzituzten estatu guztietako botoak zenbatu. Georgia, Minnesota, Oregon eta Alaska falta ziren.

Behin-behineko zenbaketaren arabera, beraz, Barack Obamaren alderdiak bost eserleku gehiago lortu ditu Senatuan. Orain arte 49 senatari zituzten demokratek. Hemendik aurrera 54 izango dituzte, aurreikuspenen arabera. Bi senatari independenteek, Connecticuteko Joe Liebermanek eta Vermonteko Bernie Sandersek, demokraten alde egin ohi dutenez, guztira 56 botorekin konta dezaketela esan liteke. Zenbaketa amaitzerako 59 izatea espero dute, gainera.

Eserlekuak eserleku, ez dute gehiengo kualifikatua izango; 60behar dira horretarako. Horiek eskuratuz gero, proposamenak blokeatzeko saiakera oro saihes liteke. Errepublikanoek 41 senatari izango dituzte.

Bestalde, Ordezkarien Ganberan orain artean zuten gehiengo zabala sendotu du Alderdi Demokratak. 235 eserleku izatetik 252 izatera igaroko da, hala. Eta errepublikanoak 199 izatetik 173 izatera.Halako babesarekin, presidente berriari ez zaio gehiegi kostako ekimen gehienetan Kongresuaren onespena eskuratzea.



Azken bost hamarkadetako parte-hartzerik handiena

AEBetako hauteskundeetan 131 milioi herritarrek eman zuten botoa, herrialde osoko barrutien %83tan boto zenbaketa amaituta eginiko estimazioen arabera.Parte hartzeko izena eman zuten herritarren %64,1ek bozkatu zuten; hala, John F. Kennedyk 1960ean Richard Nixoni irabazitako bozen maila gainditu zuen.





62 milioi

Obamak boto kopuru historikoa. Boto zaku historikoa jaso zuen Barack Obamak. Izan ere, George Bushen 2004. urteko marka hautsi zuen-62.040.610 boto-, zenbaketa amaitu gabe zegoela. 63.243.881 boto eskuratu zituen Obamak, eta John McCainek 55.896.420.





Kenyan jai eguna egingo dute gaur, Obamak irabazi duelako

Barack Obama AEBetako 44. presidentea izango dela ospatzeko Kenyan jai eguna egingo dute gaur. Obamaren aita hangoa zen, eta amona eta sendia bertan bizi dira. Hala, bozen emaitzak poza eta algara eragin zuen Kenyako kaleetan. Mwai Kibaki presidenteak Obamaren jatorri kenyarra nabarmendu zuen.





Sexu berekoen ezkontzaren aurkakoak nagusi Kalifornian

Kalifornian boto ia guztiak zenbatuta zeudela, sexu berekoen arteko ezkontzen aurkakoek irabazi zuten erreferenduma: %52 izan ziren debekuaren aldekoak, eta %48 kontrakoak.Hala, presidentea aukeratzeaz gain, Kaliforniako Auzitegi Gorenak baimendutako ezkontza homosexualen erabakia ezeztatu zuten.





%66

Gazteak Obamaren alde. Hauteslekuen irteeran eginiko inkesten arabera, 18-29 adin tarteko gazteen bi herenek, %66k, Barack Obamari eman zioten botoa. Bestalde, 65 urtetik gorakoen artean %53k John McCain errepublikanoen hautagaiaren alde bozkatu zuten.





Gobernadoreak hautatzeko bozetan demokratak garaile

AEBetako 11 estatutan gobernadoreak ere aukeratu zituzten hauteskundeetan, eta Alderdi Demokratak garaipena biribildu zuen, zazpitan irabazita. Washingtoni eutsi zion, eta Ipar Carolinako eta Missouriko lehia estuan irabazi zuen. Indianan, Vermonten, Ipar Dakotan eta Utahn errepublikanoek irabazi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.