Faborito argirik gabeko bozak

Aldibereko eta nahitaezko hauteskunde primario irekiak egingo dituzte bihar Argentinan. Urriaren 22an egitekoak diren hauteskundeetarako termometroa izango dira bozak

Primarioetara aurkezten den alderdietako baten kartela, Buenos Airesko kale batean. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2023ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bihar, PASO deituriko bozak eginen dituzte Argentinan, aldibereko eta nahitaezko hauteskunde primario irekiak. Halakoetan, alderdi bakoitzeko hautagaiak aukeratu ohi dira, baina, oraingo honetan, termometro gisa ere balioko dute urriaren 22an egitekoak diren hauteskundeetarako.

Inkestek askotariko emaitzak islatzen dituzte, eta erabateko desengainua nabari da giroan, batez ere krisi ekonomikoak ez duelako arnasa hartzeko tarterik ere ematen. Peronismoa, hau da, Aberriaren Aldeko Batasuna eta haren aliatuak borrokan ari dira Buenos Airesko probintzian aginteari eusteko, hura baita kirchnerismoaren gotorleku nagusia eta han biltzen baitira erroldatutako hautesleen %37. Alabaina, badirudi Elkarrekin Aldaketaren Alde talde eskuindarrak irabaziko dituela hauteskunde orokorrak. Baliteke PASO bozetan antzemandako boto aldeek zenbait zantzu ematea urriko bozetan zer gertatuko den jakiteko.

Primarioetan, alderdiek pertsona bat baino gehiago proposa dezakete kargu bererako hautagai izateko, eta herritarrek, afiliatuak izan ala ez, aukera dute egokiena iruditzen zaienaren alde bozkatzeko. Bertzalde, primarioetan zehazten da hauteskunde orokorretara zer alderdi aurkezten ahalko diren ere, gutxienez botoen %1,5 eskuratzen ez dutenak ezin izanen baitira lehiatu urrian; eta, halaber, orduan finkatuko da alderdi bakoitzaren behin betiko hautagai zerrenda.

Aurten, gainera, berritasun bat ere bada; izan ere, bi alderdi politiko nagusiak ez ezik Aberriaren Aldeko Batasuna, kirchneristek eta haien aliatuek osatua, eta Elkarrekin Aldaketaren Alde zentro-eskuineko indarra, Askatasuna Aitzinera alderdi ultraeskuindarra ere arituko da lehian, Javier Milei buru duela.

Fernandezen ordezkoa

Peronismoaren barreneko ildoentzat eta horien jarraitzaileentzat are, baita oposizioarentzat ere, garrantzitsua zen jakitea nor izanen zen Cristina Fernandez presidente ohiaren hautagaia, horren arabera posizionatu ahal izateko.

Azkenean, kirchnerismoaren jarraitzaile ugarik eskuinekotzat jotzen duten baten alde egin du Fernandezek, Sergio Massa Ekonomia ministroaren alde. Massaren hautagaitza NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin izandako negoziazioen emaitzaren mende zegoen, baita ekonomiaren bilakaera orokorraren mende ere.

Azken hilabeteetan bai inflazioak eta bai langabezia tasak beheiti egin badute ere, urteko inflazioa %100etik goitikoa da, eta lana, prekarioa; gainera, erosahalmena etengabe apaltzen ari da, eta pobrezia datuak larritzeko modukoak dira. NDFrekin abiatutako negoziazioetan akordioa egitea lortu zuten azkenean, eta horrek hatsa eman zion Ekonomia ministroari, baina ez dago argi gai izanen ote den kanbio krisia eta inflazioaren goititzea eragozteko, arlo horietan goiti-beheiti handiak izaten baitira hauteskunde garaietan, merkatuan ezinegon handia pizten denez gero.

Massa izan zen Aberriaren Aldeko Batasuna gobernu aliantzan lehen Denen Frontea izena zuen hartan babesik zabalena lortu zuen hautagaia, eta kontuan hartzekoa da aliantzaren barrenean ez dela ez batasun handirik eta ez denen fronte sendorik ere. Are, elkarrizketa falta gailentzen da, jakina baita Alberto Fernandez presidenteak aspaldi samarretik ez duela solasik egiten presidenteordearekin.

Itxura guzien arabera, Fernandez presidentearen kudeaketa kaskarraren ondorioz, kirchnerismoari tarte txikia gelditu zitzaion mugimenduak egin eta negoziatzeko, baita bere esparru politikoaren barrenean ere; beraz, Cristina Fernandezek Massa babestea erabaki zuen, eta botere guzia Buenos Airesko probintzian biltzea, hari eusteko moduan.

Analista batzuek uste dute parlamentuko zerrendak buruzagi leialez betetzea izan zela egungo presidenteordearen estrategia, galduta ere Kongresuan indar handia izateko, batetik, eta indar hori baliatuz bere aurkako auziei buru egiteko, bertzetik, immunitatea galduko duenez gero. Primarioetan, Juan Grabois izanen da Massaren aurkaria, «kirschnerismoaren hautagai progresista». Grabois aita santuaren laguna da, eta zenbat herri mugimendutako liderra. Hala, botoak lortuko ditu mugimendu horietako kideen artean, baina baita Massaren hautagaitzarekin gustura ez daudenen artean ere.

Berdinketa oposizioan

Oposizioari dagokionez, Mauricio Macri presidente ohiaren alderdian, hau da, Elkarrekin Aldaketaren Alde taldean, Buenos Airesko egungo alkate Horacio Rodriguez Larreta eta Segurtasun ministro ohi Patricia Bullrich izanen dira lehiakide nagusiak. Nahiz eta urteak diren inkesten sinesgarritasuna ez zela hain apala, egunotan plazaratutako emaitzek adierazten dute berdinketa teknikoa izanen dela bi hautagaien artean.

Bullrich ordenaren eta zorroztasunaren hautagaia da, bietan eskuindarrena, eta, beraz, hark irabazten baldin badu, baliteke urriko hauteskundeetan Mileiren boto emaileak erakartzea, ematen baitu eskuin muturreko hautagaiak beheiti egin duela azkenaldian. Larretak irabazten baldin badu, ordea, zailagoa da asmatzea jokalekua zer-nolakoa izanen den, Massaren antz handiagoa duenez ez baitago hagitz argi zentroko boto emaileek noren alde eginen luketen.

Bertzalde, ez dirudi Milei ultraeskuindarrak aukera anitz dituenik. Komunikabideen eta sare sozialen bidez haren kapital politikoari oihartzun handia eman bazaio ere, erran daiteke haren jarraitzaileek ez dutela hagitz ongi hartu ez ekonomia dolarizatzeko promesa, ez organo salerosketa defendatu izana eta ez haren alderdia hautagaitzak saltzeagatik ikerketapean egotea ere.

Bada bertze datu kezkagarririk hauteskundeekin lotuta: abstentzio tasa handia eta boto zurien kopurua, eta biak ere bat datoz gizartean nabari den desengainu handiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.