AEBetako Merkataritza Batzorde Federalak ikerketa bat hasi du Facebookeko milioika erabiltzaileren datuekin zer gertatu den argitzeko. Duela lau urte hasi zen guztia, 2014an. Orduan, Erresuma Batuko Cambridge Analytica enpresak 50 milioi erabiltzaileren datuak bereganatu zituen. Horretarako, Cambridgeko Unibertsitateko irakasle bat kontratatu zuen, zeinak ikerketa baterako zirela esanez hainbat erabiltzaileri buruzko informazioa eskuratu zuen.
Facebookek 2015ean jakin zuen erabiltzaileen datuak Cambridge Analyticaren esku zeudela, eta azalpenak eskatu zizkion hari. "Datuak suntsitu egin zituztela esan ziguten", argudiatu du Facebookeko presidenteorde Paul Grewalek. Ordea, gerora jakin denez datu horiek erabili egin zituzten 2016an Donald Trumpen presidentetzarako kanpaina prestatzeko.
Orain, milioika dolarreko isuna jaso lezake Mark Zuckerbergek zuzentzen duen enpresak, erabiltzaileei buruzko informazioa zabaltzeagatik. Dena den, lehendik ere salaketa ugari izan ditu enpresa horrek, besteak beste, albiste faltsuak zabaltzeagatik. Iazko irailean, esaterako, iragarki politikoak kontratatzeko sortutako gezurrezko 470 kontu identifikatu zituzten.