Ekialde Hurbila. Gazaren aurkako erasoa. Ahmat Jacoubi. Idazle palestinarra

«Familia osoak deuseztatu dituzte, soilik seme bat Hamasekoa delako»

Etsita eta izututa pasatu izan ditu azken egunak Ahmat Yacoubik; 2009ko 'Berun urtua operazioan' bezala, ezintasuna sentitu du Israeletik heldutako etengabeko erasoen aurrean.

BERRIA.
Samara Velte.
2012ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
«54 urte ditut. Sirian jaio nintzen, errefuxiatu palestinarrentzako kanpamentu batean. Nire gurasoak 1948an deserritu zituzten Haifatik, gaur egun Israel iparraldea den lekutik, eta ordutik errefuxiatuak izan dira. Ni 2000. urtean itzuli nintzen Palestinara». Ahotsak ez dio dardararik egiten Ahmad Jacoubi idazleari, beldurra eta etsipena hezurretaraino sartuak dituen arren. Gaza Hiriaren kanpoaldeko etxebizitza bloke batean bizi da, itsasotik gertu; azken egunotan ia etengabe bonbardatu duten gune batean. Bere istorioa kontatzen ari zela, eten txiki bat egin du elkarrizketan: «Entzun, aditu al duzu kohetea?».

Bertan dituzue leherketak.

Ehun metrora ere ez. Etxean jada ez daukat beirazko ezer, dena txikitu dute. Etxea bera ez dute bonbardatu oraindik, baina ondorioak igartzen ditugu. Hiru seme-alaba ditut, 8 urteko bat, 6 urteko beste bat eta txikiena 2 urtekoa. Izuak gaixotuta daude, amorruz, suminez eta beldurrez. Ez daukat haiek babesteko biderik. Gaza osoan ez dago babesleku publiko bakar bat bera ere, ezta erasoa hastear dela abisatzeko alarmarik ere; ez dago hegazkinen aurkako mekanismorik, eta misilak eta bonbardaketak saihesteko modurik ere ez. Herritar guztiak patuaren zain bizi dira, baina ez dakite zer datorren. Denek uste dute bonbardaketak izango direla, heriotza etorriko zaiela.

Ez dago babesteko modurik?

Ezta bat ere. Misil bat eraikin baterantz datorrenean, dena suntsitzen du, berdin du bi solairukoa izan, hamarrekoa edo hogeikoa; dena zanpatzen du. Gerra lurretik zetorrela esan zutenean, hegazkinetatik papertxoak botaz, Gaza iparraldeko herritarrak korrika irten ziren kalera, ikastetxeetara eta ospitaleetara. Ospitaleak ez dira babeslekuak, baina jendeak uste du errukiorragoak direla halako lekuekin.

Zuentzat, nolakoak izan dira azken egunak?

Infernua izan da. Egun izugarriak, bonbardaketak, argindarrik ez, erregairik ez... infernu hutsa. Leherketak egun osoan, ordu erdiro edo orduro; zerutik datozen lurrikarak dira. Eta beste aldetik ere bai: Hamaseko jendeak ere botatzen ditu misilak, baina ez israeldarrek bezainbeste. Gazak ez dauka armadarik, tankerik edo itsaspekorik. Gaza lurralde txiki-txikia da: 300 kilometro koadro ditu. Munduan biztanle dentsitate handiena duen lekua da; harri bat botatzen duzun lekura botata ere, beti harrapatzen duzu haur bat, emakume bat, mediku bat, poeta bat... zibilen bat.

Komunikazioa zer moduzkoa izan da egunotan? Nola izan duzue beste lekuetako erasoen berri?

Irratia eta telebista dauzkat; azkenaldian, Israelgo armada Gazako irratiak kontrolatzen saiatu da, eta herritarrei mezuak bidali dizkie. Modako musika dantzagarria jarri dute, Hamasen aurkako gauzak esanez eta herritarrei ohartaraziz Hamasen lekuetatik urruntzeko, bonbardatu egin behar dituztela. Baina gero bonbardaketek ez dute bereizketarik egiten Hamaseko jendearen eta jende arruntaren artean.

Askotan egoten zarete argirik gabe?

Zortzi eta hamar ordu arteko argindar etenak izaten ditugu, eta ez dago gasolinarik etxeko motor txikia pizteko, argi pixka bat izateko. Iluntasuna erabatekoa da ia.

Haurrek nola bizi dute hori?

Ez dakit zer egin pasatu duten egoera histerikoa leuntzeko. Izu dira, aurpegia horitu egiten zaie malkorik ere gelditzen ez zaienean; aitari begiratzen diote, eta ezintasuna sentitzen dut. Ezin dut ezer egin haiek babesteko; soilik besarkatu egiten ditut, eta ez da nahikoa. Tragikoa eta jasanezina da.

Erasoen hasieran, espero zenuten halako ezer gertatzerik?

Inolaz ere ez. Bizitza arrunta egiten genuen; bazeuden Hamasekoen eta israeldarren arteko liskarrak —hori ia ohikoa da—, baina ez eraso erabateko eta zabal baten tamainakoak. Ezustekoa izan zen; inork ez zuen hau espero. Inork ez zuen janaririk erosi kalean edo merkatuan; dena normal zegoen.

Zuen inguruan izan da biktimarik?

Hemendik gertu, Hamaseko ekintzaile baten etxea bonbardatu dute; 25 urte zituen. Etxea birrindu dute, eta familia osoa hil dute: hamar pertsona, eta emakume baten bila ari dira oraindik. Diot: AEBetako tropa bereziek Osama bin Laden hil zutenean ez zuten haren emaztea hil, ezta seme-alabak ere. Hemen familia osoak deuseztatzen dituzte, soilik seme bat Hamasekoa delako. Aita, ama, lau anai-arreba, bizilagunak ere bai. Genozidio bat da.

Ahotsa sendo duzu. Nola sentitzen zara?

Animoz, ez nago batere sendo. Beldur naiz, ezin naizelako babestu, ezin dudalako neurririk hartu. Etxe osoan ez dago babestu naitekeen leku bakar bat bera ere. Eta ez ni bakarrik: beste etxebizitzetako bizilagunak ere ez daude salbu. Amorrua sentitzen dut eta oso haserre nago, ia lehertzear, ezer ez dagoelako nire esku. Ez daukat erremediorik hegazkinak eta misilak gelditzeko. Ezin dut ezer egin.

Su-etenaren ideiak lasaitzen zaitu?

Pentsatzen dut gerra orok helburu politikoak dituela, eta Israelek bereak lortzen dituenean geldituko duela erasoa. Oraingoz, hauxe da [Benjamin] Netanyahuk hauteskundeak irabazteko duen modu bakarra.

Azken erasoa ere hauteskunde bezperan izan zen.

Bai, Israelgo hauteskunde kanpainak palestinarren odolarekin egiten dira.

Nola oroitzen duzu 2009ko Berun urtua operazioa?

Ni orduan ez nintzen Gazan bizi; Ramallahen nengoen, baina emaztea eta seme-alabak Gazan zeuden. Ezin nuen haiekin elkartu, ezta haiek Ramallahera ekarri ere. Garai hartan erotzear egon nintzen, ikusten nuelako nire familia bonbardatzen ari zirela; ezin izan nuen ezer egin. Azken gerra hura ezagutu izan zutenek diote oraingo hau okerragoa dela, bonbardaketen kopurua askoz handiagoa delako.

Oraingoan desberdina dela diote, nazioarteko babesa desberdina delako; herrialde arabiarrena, batez ere. Zer iruditzen zaizu?

Oraingoz ez dugu presiorik ikusi. Ikusi ditugu bisita diplomatikoak, politikoak, humanoak... baina AEBei, Erresuma Batuari eta Israel babesten dutenei egindako presiorik ez dugu ikusi. Batez ere, Persiar golkokoen aldetik, petrolioaren jendearengandik. Palestinarrekiko elkartasuna adierazten dute, baina ez dute benetan presiorik egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.