Gerrillako ordezkariek ostiralean iragarri zuten "eten bat" egingo zutela elkarrizketetan, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak bake akordioaren inguruan erreferenduma egiteko lege aldaketa bat egingo duela esan ondoren. Asmo hori aztertzeko zutitu zen gerrilla negoziazio mahaitik.
Santosek ere Kolonbiara itzultzeko agindu zion gobernuaren ordezkaritzari. "Prozesu honetan, etenak egin edo erabakiak hartzen dituena ez da FARC", ohartarazi zuen. Haren esanetan, "ulertzekoa" da gerrillak gobernuaren proposamena aztertu nahi izatea, baina erantsi zuen "herritarren pazientziak mugak" dituela. Gaur batzartuko dira berriro bi aldeak Habanan.
Rodrigo Londoño Echeverri Timochenko FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako kideak kritikatu egin du Santosen erreferendum proposamena, argudiatuta berriro presidente karguan hautatua izateko erabili nahi duela Santosek galdeketa.
FARCen webgunean argitaratutako ohar batean, Londoñok adierazi du bake prozesuari buruzko galdeketa hauteskunde egun batean egiteko asmoa ez dela "gobernuak aurkeztu nahi duena bezain garbia". Halaber, ohartarazi du FARCek gobernuaren politikei atxikimendua adieraztea baino ez duela nahi Bogotak, "eta hori ez litzateke akordio bat izango".
Nolanahi ere, Londoñok berretsi du FARCen nahia bake prozesuarekin aurrera jarraitzea dela, "adostutakoaren arabera, gobernuaren amarruei entzungor eginda". "Kolonbiak eta munduak jakin behar dute nor ari den arauak urratzen", gaineratu du.
Kolonbiako Gobernuak eta FARCek iazko azaroaren 19an hasi zituzten bake negoziazioak, Habanan. Bake negoziazioak hasi eta sei hilabetera amaitu zuten agendako lehen eztabaida, maiatzaren 27an. Bost puntu ditu negoziazio agendak.