Victor Julio Suarez Rojas

FARC gerrillako buruzagi militarra hil du bonbardaketa batean Kolonbiak

Mono Jojoy buruzagia eta hura babesteko eremuan zeuden beste hogei gerrillari hil ditu armadak

Kristina Berasain Tristan.
2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun
FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrak gerrillaren kontrako azken urteetako operazio zabalena egin du egunotan Kolonbiak. La Macarena eremuan, hegoaldean, oihanean barrena egindako erasoldian, gerrillako egungo buruzagi militarra eta hura babesteko segurtasun eremuaren barruan zeuden beste hogei gerrillari hil ditu armadak bonbardaketa batean. Victor Julio Suarez Rojas Mono Jojoy da hildako buruzagia. Kolonbiako Defentsa Ministerioak 105 «ekintza terroristatan» parte hartzea leporatzen zion. Juan Manuel Santos presidenteak berak eman du hilketaren berri «lazturaren sinboloa» erori dela zehaztuz: «Mono Jojoy erori da eta albiste historikoa da hori. FARCen kontra inoiz egindako kolpe sendoena da».

NBE Nazio Batuen Erakundeak New Yorken duen egoitzan bertan mintzatu zen Santos -Batzar Nagusia egiten ari da NBE-. Sodoma Operazioaren inguruko xehetasunak eman zizkien kazetariei; asteburuan eman zuela erasoa egiteko baimena, eta astelehenean gauean abiatu zutela atzo goizaldera arte luzatu zen ekintza militarra. «Orotara 30 hegazkin eta 27 helikoptero hartu dute parte operazioan. FARCei ongi etorria emateko operazioa da hau; haren kontra egingo dugula jakinarazi nahi diet, ez dugula amore emango, eta bide luzea dagoela oraindik egiteko».

Santos abuztuan hartu zuen presidente kargua iragan ekaineko hauteskundeak irabazi ostean, eta gerrillaren kontra kanpainan iragarri zuen politika irmoa bururaino eramateko prest dagoela agerian utzi du orain. Aurretik ere, baina, haren hautua zein zen erakutsi zuen. Alvaro Uriberen Defentsa ministroa zenean egin zituen armadak gerrillaren kontrako eraso eraginkorrenak; Ingrid Betancourt askatzea ahalbidetu zuena tartean. Eta Raul Reyes buruzagiaren eta bozeramailearen hilketa eragin zuen operazioa ere zuzendu zuen Santosek, 2008ko martxoan.

FARCen gotorlekua

La Macarena FARCen gotorlekua zela adierazi dute iturri militarrek. Meta departamenduaren bihotzean dagon oihan eremua, eta hainbat informazio iturriren arabera, borroka gogorrak izan dira egunotan han, eta oraindik ere badira soldadu eta gerrillarien arteko enfrentamenduak. Rodrigo Rivera Defentsa ministroaren hitzetan, baina, erasoa «hutsik gabekoa eta biribila» izan da; «FARCen gordezulora iritsi gara, bihotzera, kanpaleku guztien amara; 300 metro luze ditu eta buruzagiak babesteko baliatzen zuen bunker bat ere bazuen».

La Macarenan, baina, poliziek eta paramilitarrek hildako bi mila zibilen hobi komunak ere badaude. Positibo faltsuen auzian hildakoak direla salatu dute gobernuz kanpoko hainbat erakundek -gerrillariak zirela sinestarazteko paramilitarrek hildako zibilak-. Kolonbia Planaren hurrengo fasea aurrera eramateko gune estrategikoa dela ere eman dute aditzera ikerlariek. Washingtonek eta Bogotak 1999an ustez narkotrafikoari aurre egiteko sinatutako akordio horren emaitzak zalantzan jarri dituzte adituek; landatutako soroak murriztu badira ere, militarrek eremu horietan gerra krimenak egin baitituzte .

FARCen kontrako azken operazioa hau, bestetik, gerrilla erabat ahulduko duela eman dute aditzera hainbat adituk. Mono Jojoy-k eragin handia zuen gerrillarien artean eta haren fronteak izan dira aktiboenak azken hamabost urtean. Alfredo Rangel Segurtasuna eta Demokrazia Fundazioko zuzendariaren hitzetan «umezurtz» gelditu da erakundea eta «nekez lortuko du orain buruzagia ordezkatzen». Raul Reyes eta Manuel Marulanda Tirofijo hil zirenean ere, baina, gerrilla erabat hautsi egingo zela uste zuten adituek. Marulanda Reyes hil eta hogei egunera hil zen, bihotzekoak jota, eta buruzagi karismatikoaren heriotzak gerrillaren barruko zatiketa sakondu zuela eman zuten aditzera adituek. Guillermo Saenz Alfonso Cano da FARCeko buruzagi nagusia orduz geroztik. Bide politikoaren aldekoa da buruzagia, jarrera moderatuagoa duena, eta aste honetan bertan, asteazkenarekin, luzatu zion presidenteari aurre baldintzarik gabe negoziatzeko proposamena. Santosek soilik armak uzten dituztenekin hitz egingo duela adierazi du behin baino gehiagotan.

FARC Latinoamerikako gerrilla zaharrena da; 1964an ekin zion borroka armatuari eta orduz geroztik milaka hildako eragin ditu gatazkak. Bere garai sendoenean 20.000 gerrillari baino gehiago izatera iritsi zen erakundea, baina egun 7.000 eta 8.000 gerrillari artean ditu. Hilabetearen hasieran egin zuten azken operazio gogorrena; Caqueta departamenduan hamalau polizia hil zituen FARCek. Gerrillaren kontrako borroka gogortzeko eskatu zuen orduan presidenteak. Asteburuan bete 27 gerrillari hil zituzten.

Soslaia

Victor Julio Suarez Rojas

Marulandaren kutuna

Victor Julio Suarez Rojas (Cabrera, 1953) ankerren artean ankerrena izatearen fama eskuratu zuen bahituen artean -oihaneko hari arantzaduneko kartzelak sortu zituen-, baina gerrillarien artean errespetatua zen, zorrotza eta irmoa izateagatik, eta, batez ere, gerrillaren ikuspegi iraultzailearen defendatzaile sutsua zelako.

FARCen 1975. urtean sartu zen, 22 urterekin, gerrillari soil baten moduan. Aita ere gerrillaria zuen, eta anaietako bat ere komandantea da fronteetako batean; German Grannobles. Analfabetoa zen gerrillan sartu zenean, baina pixkanaka egituran mailan gora egiten joan zen, 1993an zuzendaritza taldeko bost kideetako bat bilakatzeraino. Ekialdeko Gerra Blokeko burua izan zen eta egun erakundeko bigarrena zen, buruzagi militarra eta estratega, iraultzaren ideologo. Manuel Marulanda Tirofijo buruzagia izan zuen maisu horretan; haren oso gertukoa zen, haren kuttuna; gidari izan baitzuen gaztetan, eta harekin batera hartu zuen parte bake negoziazioetan; Andres Pastrana presidente zen garaian. Gizon «argia eta maltzurra» zenaren fama eskuratu zuen negoziazio horietan Mono Jojoy-k.

Suarezek, ezen, bi ezizen zituen; Jorge Briceño -gerrillariek ezarria- eta Mono Jojoy. Azken deitura bitxi hau militarrek ezarri zioten egoera makurretan ihes egiteko zuen abilezia zela eta; mojojoy izeneko oihaneko har batetik eratorritakoa.

Urtarrilean izan zuten azkenekoz haren berri. Kolonbiako «mendietatik» idatzi bat argitaratu zuen «bake eskaintza faltsuak» ez zituela onartuko adierazteko. Azken urteetan osasunez oso larri zegoenaren zurrumurruak zabaldu ziren, azkenetan zegoela ere. Diabetea baitzuen eta, antza denez, botikak jaso ahal izateko eratutako korridore humanitarioen bidez antzeman dute ederki ezagutzen zuen oihanean.

Kolonbiako armadako pertsona bilatuenen zerrendan aurreneko lekuetan zegoen buruzagia, eta haren kontra 62 atxilotze agindu zeuden; bizirik edo hilik, haren truke, ordainsari mamitsua eskaintzen zuten. Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamenduak, esaterako, bost mila milioi dolar eskaintzen zituen. K.B.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.