FARC gerrillako buruzagi ohiei gerra krimenak egotzi dizkiete

Akusatu dituztenen artean dago Rodrigo Londoño 'Timochenko'. Delituak onartuz gero, zortzi urterainoko zigorra jar diezaiekete

Rodrigo Londoño Timochenko, artxiboko argazki batean. LUIS EDUARDO NORIEGA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
JEP Bakerako Justizia Bereziak har zezakeen neurririk gogorrena hartu zuen atzo FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak gerrillako ohiko zortzi buruzagiren aurka, bahiketa eta gerra krimena egotzita. Zerrenda beltz horretan ageri direnak dira Rodrigo Londoño Timochenko, gerrilla ohiaren eta Kolonbiako Gobernuaren arteko bake akordioa sinatu zituena, eta Comunes alderdiko burua lehen Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea zena; Julian Gallo eta Pablo Catatumbo senatariak, Jaime Alberto Parra, Milton de Jesus Toncel, Juan Hermildo Cabrera, Pastor Alape eta Rodrigo Granda gerrillaburu ohiak. Zehazki egozten dizkieten delituak dira giza hilketa, bahiketa, gizateriaren aurkako delituak eta gerra krimenak. Horrez gain, euren ardurapean zeudenek bahituei eragindako torturen eta sexu indarkeriaren erantzule ere egiten dituzte.

Orain zortzi buruzagi ohiek 30 eguneko epea dute leporatzen zaizkien delituak onartzen dituzten edo ez jakinarazteko. Onartuz gero, bost eta zortzi urte arteko etxeko atxiloaldiari egin beharko diote aurre; ukatzen badituzte, berriz, auzitegien esku geratuko lirateke, eta hogei urte arteko kartzela zigorrak ezarri ahal izango dizkiete. Lehen kasuan, etxeko atxiloaldiaz gain, hainbat gizarte lan ere egin beharko lituzkete auzipetuek «biktimei eta gizarteari eragindako mina erreparatzeko», besteak beste, eskolak eta errepideak eraikitzeko lanak egin beharko lituzkete edota ingurumena babesteko programetan parte hartu. Bestetik, leporatzen zaizkien delituak onartu ez eta auzitara joz gero, atzera egiteko aukera izango lukete epaia eman aurretik, eta kasu horretan ere bost eta zortzi urte arteko kartzela zigorrak jasoko lituzkete.

01 Kasua bezala ezagutzen dena 2018ko urrian zabaldu zuten, eta 1993 eta 2012 urteen artean egindako 21.400 bahiketa jasotzen ditu. Horietako gehienak 1998 eta 2002 urteen artean egindakoak. Hala ere, JEPeko kideek onartu dute ikerketa «kutsatua» egon daitekeela, ezin izan zelako biktima kopurua zehaztu: «Askok ez zuten salaketa jarri nahi izan, erasotzaileek mendekua hartuko zuten beldur, eta beste kasu batzuetan litekeena da ekintzen erantzuleak FARC gerrillarekin zerikusirik ez zuten gaizkileak izatea ere».

Bake akordioetatik sortutako auzitegi bereziak bi urte eta erdi behar izan ditu jasotako salaketa guztiak ikertzeko. Tarte horretan, polizia operazioetan konfiskatutako dokumentu eta ordenagailuak gainbegiratu ahal izan ditu, baita fiskaltzaren txostenak ere. Horrez gain, 257 gerrillari ohiri jasotako testigantzak ere aztertu ditu. Horiek taldeka eta banaka egindako aitortzetan onartu zuten bahiketetan parte hartu izana. «Bahiketak eta bestelako askatasun gabetzeak ez zituzten nahi gabe egin, eta gerraren ondoriozko erabakiak ere ez zituzten nahi gabe hartu», ondorioztatu du auzitegiak.

Barkamena

Iazko irailean, orduan oraindik FARC alderdia zeneko hainbat kidek barkamena eskatu zieten bahiketen biktimei eta haien senideei, Londoñok berak eta beste hainbat buruzagik sinatutako idatzi baten bitartez. «Gure fusilak betirako isildu ostean, eta bizitza zibilak ahalbidetu digun hausnarketarako tartea baliatuta, esan nahi dizuegu bahiketa oker izugarria izan zela, eta ez dugula egindakoaz damutzea beste aukerarik», zioen oharrak.

Idatzian, gerrillari ohiek onartzen zuten bahiketek «kolokan» jarri zutela euren sinesgarritasuna, eta «zauri bat» zabaldu zutela biktimetan. FARC alderdiak Andres Felipe Perez haurraren kasua ekarri zuen gogora ohar hartan. Perezen aita Kolonbiako armadako kidea zen, FARC gerrillak bahitua. Haurra gaixo zegoen aita bahitu zutenean, eta ez zuen hura gehiago ikusi ahal izan hil aurretik. «Bihotzean sartutako aizto baten gisan sentitzen dugu Perez entzun ez izana. Ezin diegu kendutako denbora itzuli, ezta sufrimendua amaitu ere».

Baina barkamena eskatzeaz gain, gatazkak iraun zuen artean desagerrarazitakoen bilaketa lanetan ere ari da parte hartzen alderdia. Bake akordioen ostean sortutako Desagertutzat Emandako Pertsonen Bilaketa Zentroaren arabera, 120.000 lagun desagertu ziren 1970 eta 2015 urteen artean Kolonbian, horietatik gutxienez 308 gerrillariak edo gerrillari ohiak.

Memoria Historikorako Erakunde Nazionalaren datuen arabera, talde paramilitarrak izan ziren desagertzeen %46,1en erantzule, gerrillak %19,9rena, FARCek armak utzi ostean sortutako taldeak %8,8ena, eta estatuko segurtasun indarrak %8ena. Maria Lucely Urbano gerrillari ohiak azaldu duenez, FARCeko kide izandakoak bilatze lanetan parte hartzen ari diren arren, askok ez dute gogoratzen non ikusi zituzten azkenengoz desagertuak. Alde horretatik, Urbanok nabarmendu du militarrekiko elkarlan estuagoak lagunduko lukeela prozesua errazten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.