FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarretako ordezkariek jakinarazi dutenez, Interpolek bertan behera utzi ditu bake negoziazioetan arituko diren ordezkariak atxilotzeko aginduak; bai, behintzat, negoziazioak irauten duen bitartean. Denera, 30 kideri ziurtatu diete ez dituztela atxilotuko. Dagoeneko Habanan daude haietako hamabi, Osloko bilerak prestatzen; batzuek Norvegiako negoziazioetan ere hartuko dute parte, baina ez eskumen osoz.
Rodrigo Granda [Ricardo Tellez] FARCeko buruak eman du Habanatik aginduaren berri. Kolonbiako RCN kateari esan dionez, gerrillarentzat albiste ona da atxilotze aginduak bertan behera uztea, «gobernua ari delako eskatutakoaren zati bat betetzen». Oslora doazen ordezkarien aurkako bestelako neurri judizialik ez dezatela hartu ere eskatu du Grandak. «Erabateko bermerik gabe, FARCek ezin du urrats bat ere egin, ezin da mugitu. Gobernuak oso ondo daki hori, eta berme horiek emateko konpromisoa hartu du», nabarmendu du FARCeko kideak.
Habanara joandako FARCeko hamabi kideek herenegun egin zuten Kolonbiatik Kubarako bidaia, segurtasun neurri asko hartuta; oihaneko hiru lekutatik atera ziren helikopteroz eta hegazkinez, eta Gurutze Gorriaren laguntza ere izan zuten.
Datorren astelehenean hasiko dira Juan Manuel Santosen gobernuaren eta gerrillarien arteko bake elkarrizketak Oslon. Berez, iragan astelehenean ziren hastekoak, baina Santosi diagnostikatutako minbiziaren ondorioz, astebete atzeratzeko eskatu zuen presidenteak.
100.000 hektarea aberatsei
Bien bitartean, Kolonbiako lurren gaineko borrokak aurrera segitzen du. Nekazaritza ministroak salatu du estatuarenak ziren 100.000 hektarea lur aberatsei eman zitzaizkiela 2007. eta 2011. urteen bitartean, «legea urratuta». Izan ere, arauek diote estatuaren lurrak nekazari txiroentzat izan behar dutela, ez lurjabe handientzat.
FARCeko negoziatzaileak atxilotzeko aginduak balio gabe uzi dituzte
Hamabi kide Habanan daude jada, Osloko bilera prestatzen; astelehenean hasiko dira bake elkarrizketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu