FARCeko talde disidente bateko burua hil dute

2016ko bake akordioak sinatu zituen El Paisak, baina 2019an borroka armatura itzuli zen

2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
BOGOTA. Kolonbiako El Tiempo egunkariak atzo zabaldu zuenez, Hernan Dario Velasquez El Paisa Venezuelan hil zuten igandean, segada batean. 2016ko bake akordioen sinatzaileetako bat izan zen Velasquez, baina hiru urteren buruan borroka armatura itzultzea erabaki zuen, ikusita prozesua ez zihoala espero bezala.

Segunda Marquetalia talde armatuko burua zen Velasquez, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak desegin ostean sortutako talde disidenteetako bat zen berea. Kazetaren arabera, haren truke eskatzen zen saria lortzeko asmoz haren bila joandako mertzenario talde batek hil zuen, Apuren, Kolonbiako mugatik gertu. Ez Kolonbiako Gobernuak, ez Venezuelakoak ez dute baieztatu informazioa.

FARCeko disidenteak aterpetzea leporatu izan dio behin baino gehiagotan Kolonbiako presidente Ivan Duquek Venezuelako estatuburu Nicolas Madurori, nahiz eta hark ukatu. Hainbat eraso egozten zizkioten Velasquezi: besteak beste, 2003ko otsailean bonba-auto batekin egindako atentatu bat, 36 hildako eta dozenaka zauritu eragin zituena. Interpolek haren aurkako atxilotze agindua emana zuen urte hasieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.