Kolonbia

FARCetik sortutako alderdiak barkamena eskatu die bahiketen biktimei

Honela dio zabaldu duten gutunak: «Bizitza zibilak eman digun lasaitasunean egindako gogoetetan argi ikusi dugu bahiketak akats larri bat izan zirela».

Rodrigo Londoño eta Rodrigo Perez Alzate FARCeko komandante ohiak biktimei buruzko jardunaldi batean, otsailean. CARLOS ORTEGA / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko irailaren 15a
12:24
Entzun

«Bahiketak akats larri bat izan ziren». Hori aitortu die gaur FARC gerrilla desegin ostean sortu zen alderdi politikoak erakunde armatuaren biktimei, bake akordioa sinatu zutenetik lau urte betetzear direnean. Antolakundeak bost hamarkadaz hartu zuen parte Kolonbiako gatazka armatuan, eta, publikoki, gaur eskatu die barkamena lehen aldiz bahiketen biktima izan zirenei: «Gure fusilak isildu ostean, bizitza zibilak eman digun lasaitasunean egindako gogoetetan argi ikusi dugu bahiketak akats larri bat izan zirela», dio sare sozialetan zabaldu duten gutunak.

Mezuaren sinatzaileak dira FARCeko zuzendaritzako kide izan zirenak, 2016an bake akordioan parte hartu zuten berberak. Biktimei egindako mina aitortzeaz gain, FARCeko kideek esan dute  zilegitasuna eta sinesgarritasuna kendu zietela bahiketek babesten zituzten helburu soziopolitikoei.

Gerrillako kide zirenek azaldu dute «gerra irregularrak» eragindako baldintzen ondorioz egin zituztela ekintza horiek, eta ordutik «lasta bat» izan direla eurentzat: «Orain ulertzen dugu hainbat familiak sufritutakoa, gehien balio duena kendu genielako: askatasuna eta duintasuna».

Lehendik aipatutako guztiaz gain, FARCek adibide bat ere jarri du: gaixo zegoen haur batena, Andres Felipe Perezena, Kolonbiako Armadako kide baten semearena. «Bihotzean ziri bat izango bagenu bezala sentitzen dugu Andres Felipe Perezi entzun ez izana», dio gutunak. Hortaz, Kolonbiako justiziaren aurrean azalpenak emateko konpromisoa berretsi dute, baita Kolonbiako gizartearen aurrean ere, «zeinak sekula baino gehiago eskatzen duen egia eta justizia horrenbeste biolentziagatik».

Akats larriak

Gutuna argitaratu dute Rodrigo Londoño FARCeko presidenteak elkarrizketa batean hainbat gauza aitortu ostean. Han, Londoñok onartu zuen gerrillak 15 urtetik beherako kideak izan zituela, nahiz eta salbuespen bat ziren, eta kasu oso larri batzuetan soilik onartu zuten hori: «Eraildako gurasoen semeak ziren, haiek ere mehatxatuak, eta nora joan ez zutenak; edo muturreko pobrezia pairatzen zuren etxeetakoak». Gehitu zuen bazirela gurasoak euren semeei gerrillara joatea gomendatzen zietenak, han etorkizun hobea izan zezaketelako.

Dena den, Londoñok aitortu zuen akats larriak egin zituztela, eta tartean aipatu zituen adingabeak onartzearena edo abortuak behartzearena. Bake akordioa sinatzeko negoziazioetan, FARCeko kideek onartu zuten euren gain hartzea erakundearen barruan egindako akatsen ardura.

Ez da lehen aldia Londoñok eta beste komandante ohiek egindako ekintzei buruz jardun dutena. Iaz, bahituta izan zuten pertsona baten hautagaitza politikoa ere babestu zuten Nariño departamentuan, Luis Eladio Perezena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.