Protokolozko hasiera eman dio Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaiak gaur Espainiako Kongresuan hasi zen inbestidura prozedurari. Eskerrak eman dizkie alderdikideei, Kongresuko diputatuei, eta, batez ere, uztailaren 23ko boz orokorretan haren alde bozkatu zuten herritarrei. Edonola ere, derrigor esan beharrekoak amaitu eta berehala mintzatu da Kataluniako subiranistek eskatutako amnistiaren eta autodeterminazioaren kontra. Argi esan du beste behin: «Aurkeztuko dizuedan proiektuan ez dago tokirik ez amnistiarentzat, ez autodeterminazioarentzat. Niretzat, aukera horiek ez dira onargarriak ez juridikoki, ez etikoki. Konstituziotik kanpo, ez dago demokraziarik».
Gero, segidan aipatu du PSOEko presidentegai eta Espainiako Gobernuko jarduneko presidente Pedro Sanchez. Izan ere, Sanchezek esan du ez diola atea ixten Kataluniako prozesu subiranistaren ondorioz errepresaliatutakoei amnistia emateari, hori baliagarria baldin bazaio Kataluniako indar independentisten babesa lortu —JxC Junts Per Catalunyarena eta ERC Esquerra Republicanarena— eta hala presidente hautatua izateko. Baina Feijooren esanetan, uztailaren 23an beren botoa Alderdi Popularrari eman zioten herritarrei huts egitea litzateke JxCk eta ERCk beren babesaren truke eskatutako baldintzei men egitea. Eta, eskakizun horien aurrean, Sanchezenarekin alderatu du bere jarrera: «Beste alderdi batzuekin akordioak adostu dituzte batzuek [PPk], baina beren printzipioei eta konpromisoei uko egin gabe».
Feijook Espainiako hurrengo presidente izateko aukera eskura duela ziurtatu du: «Nire alderdiak irabazi zituen hauteskundeak. [...]. Presidente izateko nahikoa boto ditut eskura». Kongresuko diputatuen barreak eragin zituen azken iruzkin horrek, oraingoz kontrakoa baitiote matematikek. PPko buruak Sanchezi esan zion JxCren botoak eskuratu ditzakeela: «Bioi gauza bera eskaini digu. Alde bakarra da hari erantzun diezaioketen bi hautagaietako bakoitzaren zintzotasuna; zurea eta nirea». Feijook nabarmendu du ez dagoela prest amnistia bat onartzeko presidente izendatua izateko.
Gobernuburu kargua lortzeko, gehiengo osoa beharko luke Feijook gaurko bozketan; hau da, 176 boto. Oraingoz, ordea, 172 ditu: PPren 137, Voxen 33, UPNren bat eta CC Koalizio Kanariarraren bat. Ostiraleko bozketan gehiengo soila lortzea ere kosta egingo zaio, gaur-gaurkoz diputatu gehiago baititu kontra alde baino. Halere, tartea hartu zuen alde dituen horiei eskerrak emateko: Voxeko, UPNko eta CCko diputatuei, alegia.
Segidan, elkartasunerako deia egin du. Horretarako, berriro aipatu zituen amnistia, autodeterminazioa eta alderdi independentistak. «Aukeraketa hau [Feijooren eta Sanchezen artekoa] erabakigarria izango da. Erabaki beharko dugu komunean duguna zaindu, edo interes pertsonalek bultzatutako amildegi bat zulatzen jarraitu». Feijoorentzat, 80ko hamarkadako trantsizioa litzateke «elkartasun horren adibiderik zintzoena».
Sei itun eta bi neurri
Saioa hasi eta ordu erdira, presidente izango balitz abian jarriko lukeen programa aurkeztu du popularrak. Sei estatu itun plazaratu ditu: erakundeen kalitaterako eta eraberritze demokratikorako ituna; ekonomia saneatzeko ituna; familien aldeko ituna; ongizate estaturako ituna; uraren kudeaketa nazionalerako ituna; eta, azkenik, lurralderako ituna.
Zenbait xehetasun aurreratu ditu itun horiek bultzatuko lituzketen erreformen inguruan. Horien artean daude, adibidez, CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzea, eta «gobernuko erakundeen independentzia politikoa sustatzea». «Ez Fiskaltza, ez CNI Espainiako zerbitzu sekretua, ez dira inoren erakunde pribatuak». Bestalde, ekonomiari dagokionez, proposatu du enpresari txikiek zergarik ez ordaintzea beren jarduera ekonomikoa hasi eta lehen bi urteetan. Sei itun horiez gain, gobernuko presidentea balitz abian jarriko lituzkeen bi neurri iragarri ditu Feijook, Katalunian balizko aldebakarreko prozesu subiranista bat zigortze aldera: desleialtasun konstituzionalaren delitua indarrean jartzea, batetik; eta funts publikoak bidegabe erabiltzeagatik Zigor Kodeak ezartzen dituen zigorrak areagotzea, bestetik.
Azkenik, inola ere beteko ez dituenak ere zehaztu ditu. «Ez dut bultzatuko Espainiako herritarren artean mintzatzeko hizkuntza koofizialak erabiltzea, ezta Kongresuan ere». Abagunea baliatu du, beste behin, Sanchezen eta haren alderdiko kideen erabakiaren aurka egiteko —Espainiako Kongresuan euskara, katalana eta galiziera erabili ahal izatea, alegia—.
Sanchezen erantzunik eza erantzuna ote?
Ordu eta erdiko etenaldiaren ondoren ekin diote berriro inbestidurako lehen saioari, 15:30ean. Feijooren agerraldiaren ondoren, hark esandakoei erantzuteko aukera izan dute Kongresuko gainontzeko talde parlamentarioek. Diputatu gehien duen taldetik hasita, sozialistak izan dira PPkoari erantzuten lehenak. Hitz egiten hasi baino lehen hartu du lehen kolpea PPk: Sanchezek erantzun ordez, PSOEko diputatu eta Valladolideko alkate ohi Oscar Puentek hartu du hitza. Errespetu faltatzat jo dute hori PPkoek, eta «gehiegikeriaz» jokatzea egotzi diote sozialisten presidentegaiari.
Puente zuzenean mintzatu zaio Feijoori, eta, besteak beste, zalantzan jarri zituen hark iragarritako bi neurriak —desleialtasun konstituzionalaren delitua indarrean jartzea eta funts publikoak bidegabe erabiltzeagatik Zigor Kodeak ezartzen dituen zigorrak areagotzea—. Diputatu sozialistaren arabera, neurri horiek indarrean jarriko balituzte «Alderdi Popularreko diputatuen erdiek baino gehiagok» eten behar lukete beren jarduera politikoa, baita Feijook berak ere.
Uztailaren 23ko bozetatik hona, popularrak zera azpimarratu du: hark eta haren alderdiak irabazi zituztela hauteskunde orokorrak. Baina Puentek aurpegiratu dio hori ez dela horrela, eta, gogorarazi Kongresuko diputatuen gehiengo osoaren edo soilaren babesa beharko duela gobernua osatu ahal izateko. Edonola ere, azpimarratu du ez duela PSOEren babesik izango horretarako. «Pentsaezina da bi alderdiek gobernua batera osatzea».
PSOEren babesik ez du izango Feijook, baina Voxena bai, eskuin muturreko alderdiko buru Santiago Abascalek berretsi duenez. PPk ia-ia hasieratik eduki du ziurtatuta eskuin muturraren botoa, baina Abascalek bi eskakizun egin dizkioin bien arteko «harreman onari eusteko»: batetik, «milioika espainiar gutxiesten» dituzten horien ondotik aldentzeko; eta, bestetik, koalizioan haiekin izango dituzten Voxeko diputatuak eta asmoak ez kritikatzeko.
Sumarreko bozeramaile Marta Loisen esanetan, Feijooren inbestidura saiakera «inora ez doan bidaia bat» da, eta herritarrei «denbora galaraztea» leporatu dio. Loisen iritziz, PPko buruak ez du presidente izendatua izateko inolako aukerarik, «eskuin muturrarekin duen aliantzak ustez ordezkatzen duen herrialdetik urruntzen duelako».
PPko presidentegaiak inbestitua izateko aukerarik ez duela nabarmendu zuen ERCko bozeramaile Gabriel Rufianek ere. Haren esanetan, «ezinezkoa» da, Feijook ordezkatzen duen eskuinak «herrialdearen erdia gorrotatuz» gobernatu nahi duelako. Rufianek amnistia zilegi dela erantzun dio hautagai popularrari, eta adierazi du «blokeo instituzionalak eta gatazka politikoak konpontzeko historikoki erabili den mekanismo bat» dela. Baina PSOEri ere zuzendu zaio ohartarazteko amnistiak «ezer gutxirako» balioko duela Kataluniaren estatus politikoari buruzko erreferendum bat adosten ez bada.
Kongresuko gaurko saioa Feijooren inbestidurarako bigarrena dela esan du JxCko eledun Miriam Noguerasek. «Lehenengoa igandean izan zen», haren arabera, PPk Madrilen egin zuen mobilizazioari erreferentzia eginez. «Ezin esan ez zenutenik argi hitz egin: Espainia bakarra, eta ez 51; Puigdemont, kartzelara». Nogerasek PPri egotzi dio bere Kataluniaren aurka aritzea, eta ez independentismoaren aurka. «Independentismoa horren ondorio bat da». Noguerasen iritziz, Espainiako Estatuak «periferiako lurraldeak estraktibismo batekin zukutzen» ditu. Estatuko ezkerraren jarrera ere gaitzetsi zuen, haren iritziz, sistema horri kontra ez egitearren, «ultraeskuinarekin elkarlanean» aritzen delako.