Espainia

Felipe Borboikoak ez du inbestidura saio baterako hautagairik aurkeztuko

Lau alderdi nagusietako buruekin bilera sorta egin ondoren hartu du erabakia Espainiako erregeak. Azken orduko akordiorik ez bada, astelehenean agortuko da inbestidura baterako epea, gorteak desegingo dira eta bozetara deituko. Hauteskundeak azaroaren 10ean egingo lirateke.

Meritxell Batet Espainiako Kongresuko presidentea eta Felipe Borboikoa Espainiako erregea. BALLESTEROS
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko irailaren 17a
07:45
Entzun

Ez dago presidentegairik inbestidura saio batean gobernuburu hautatua izateko nahikoa babes duenik. Ondorio horretara iritsi da Felipe Borboikoa, gaur, Espainiako lau indar nagusienetako buruekin bilera sorta egin ostean. Gauzak horrela, azken orduko akordio batek bakarrik eragotziko luke gobernua osatzeko epea agortzea eta legeak, automatikoki, Espainiako Gorteak desegin eta azaroaren 10erako hauteskundeetara deitzea. Akordioa asteburua baino lehen lortu beharko litzateke, astelehen gauerdiaren aurretik inbestidura gauzatu ahal izateko. Hala gertatu ezean, Espainiako erregeak bozetara deitzeko dekretua sinatuko du hilaren 23an. Gorteetarako laugarren hauteskundeak lirateke, azken lau urteetan.

Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidente eta PSOEko idazkari nagusia da parlamentuan babes gehien duen hautagaia. Ez du lortu, ordea, gehiengo nahikoa ziurtatuko dion akordiorik. Unidas Podemoseko, Ciudadanoseko eta PPko buruek Espainiako erregeari adierazi diote, negoziazioetan beste urratsik ez bada, ez dutela Sanchezen hautagaitza babestuko. Beraz, hauteskunde berri batzuen agertokia hurbilago dago.

Erregeak Meritxell Batet Espainiako Kongresuko presidenteari jakinarazi dio hautagairik ez izendatzeko erabakia, eta hark hedabideen aurrean eman du erregearen erabakiaren berri.

Epeak epe, azken orduko akordioaren aukerak zaila dirudi, indar nagusietako buruek ez baitute agertu akordiorako azken ahalegin baterako jarrera. Elkarri egotzi diote gobernua ez eratu izanaren ardura, eta beraien adierazpenetan egintzat jo dute azaroaren 10ean hauteskundeak izango direla.

Sanchezek hedabideen aurreko adierazpenak egin ditu Felipe Borboikoaren erabakia publiko egin ostean. PPri, Ciudadanosi eta Unidas Podemosi leporatu die Espainian gobernu baten osaera oztopatzea. Bere esanetan, Europan ez bezala, eskuinak "osasun kordoia" ezarri dio "sozialdemokraziari" eta eskuin muturrangana hurbildu da. Dena den, Unidas Podemosi egotzi dio gobernurik ez izatearen ardura nagusia. "Gobernu aurrerakoi bat" "lau aldiz" eragotzi izana leporatu dio.

PPk, Unidas Podemosek eta Ciudadanosek, berriz, gobernua ez osatzearen porrota egotzi diote Sanchezi. Pablo Casado popularren presidenteak nabarmendu du Sanchezek ez duela inoiz hiru indar horietako bakar batekin ere akordioa lortu nahi izan, eta hauteskundeen errepikapena bilatu duela hasieratik.

Pablo Iglesias Unidas Podemoseko idazkari nagusiaren esanetan, Sanchezek akordiorako bi eskaintza dauzka: bata, "ezkerretik", bere indarrak koalizio gobernu bat osatzeko eginikoa, eta bestea, "eskuinetik", Ciudadanosek luzatu diona. Iglesiasek gaineratu du Sanchezek "denbora" duela bataren ala bestearen alde egiteko. Sanchezek, baina, bien baldintzak baztertu ditu. Iglesiasen iritziz, Sanchezek "hanka sartze historikoa" egin du, hauteskunde errepikapena behartuta, "espainiarrek eman ez dioten botere absolutua bere egiteko obsesioarengatik".

Ciudadanosek, izan da azken unera arteko aukera zabalik uzteko prestutasun gehien adierazi nahi izan duena, baina Sanchezi hiru baldintza jarrita: Maria Txibiteren Nafarroako Gobernua hautsi eta Navarra Sumarekin batera gobernu "konstituzionalista" eratzea, Kataluniako buruzagi independentista auzipetuei indulturik ez ematea eta "klase ertainari eta autonomoei" zergak ez igotzea. Trukean, PPrekin batera abstenitzeko prest legokeela adierazi du. Aldiz, baldintza horiek betetzen ez baditu, Riveraren hitzetan, Sanchezek adieraziko du ezin duela Espainiako presidente izan, eta bozetara deitzea izango da aukera bakarra.

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak ere hitz egin du Felipe Borboikoaren erabakiaren ostean. Nabarmendu duenez, negoziazioen emaitza antzua "sekulako porrot politiko baten" isla da. "Ez dakit zer gertatu daitekeen azaroaren 11n gaur gerta ezin daitekeena". Ortuzarren iritziz, hauteskunde berri batzuk "egoera argitu" baino, "pixka bat konplexuago" bihurtuko dute. Egoraren ardura PSOEri eta Unidas Podemosi leporatu die bereziki. "Heldutasun demokratiko eza", "borondate politiko falta" eta "egoerak eskatzen duen mailara egoteko" gaitasunik ez izatea leporatu die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.