Espainiako errege Felipe VI.ak amaitu du alderdiekin egin duen bigarren erronda, Espainiako Gobernua osatzeko. Amaitu ondoren, Patxi Lopez Espainiako Kongresuko presidentea deitu du, eta Lopezek eman du erabakiaren berri: PSOEko presidentegai Pedro Sanchezi proposatu dio gobernua osatzen saiatzea.
Sanchezek agerraldia egin du, eta jakinarazi onartu egin duela proposamen hori: "Gobernua osatzen saiatzeko ardura hartuko dugu gure gain". Esan du asteazkenean bertan hasiko dela alderdi guztiekin harremanetan jartzen, baina espero du "Rajoyk izan duen adina denbora" izatea gehiengoak osatzen saiatzeko; hilabete inguru, beraz.
Mariano Rajoy PPko hautagaia izan da Felipe Borboikoaren bulegotik igarotzen azkena, eta ondoren egin du hitz egindakoaren balorazioa. PPk zuzendutako eta PSOEk nahiz Ciudadanosek babestutako gobernu bat osatzea proposatu dio Rajoyk erregeari, baina aitortu dio oraindik ez duela nahikoa babes, argudiatuta PSOEk hitz egiteari uko egin diola. Hori horrela, Rajoyk azaldu du Felipe VI.ak ez diola gobernua osatzea eskaini. PPkoak, ordea, ez du bere burua baztertzen: "Ez diogu uko egiten prozesu honetan momenturen batean inbestidurara aurkezteari".
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia eguerdian izan da Espainiako estatuburuarekin, eta Rajoy jarduneko presidenteak hartuko duen erabakiaren zain dagoela esan du, hari dagokiola-eta oraindik fitxa mugitzea: "Denborak errespetatu behar dira, baina esan diot erregeari prest nagoela aurrerapauso bat emateko Rajoyk berriz ere gobernua osatzeari uko egiten badio".
Aritmetikari so
43 egun igaro dira hauteskundeak egin zirenetik, eta ezein alderdi ez da saiatu oraindik besteekin negoziatzen. PPren argudioa da ez duela nahikoa babes gobernua osatzeko, baina, era berean, Rajoy ez da alde batera geratu, beste batzuek egin dezaten bide hori. Alderdi sozialistak nabarmendu du erregeak Sanchezi gobernua osatzeko proposamena eginez gero “arduratsu” jokatu eta osatzen saiatuko dela.
Behin Felipe Borboikoak Sanchezi proposamena egin eta gero, Ciudadanoseko zerrendaburu Albert Riverak balorazioa egin du. Nabarmendu du bere alderdiak eta PSOEk puntu komun ugari dituztela eta "marko konstituzionala konpartitu" egiten dutela, baina baita gogorarazi ere erreforma konstituzionalak egiteko hiru bosten gehiengoa behar dela eta, beraz, PP ere aintzat hartu behar dela negoziazioetan.
Halere, PSOEren barnean dagoen zatiketak ez dio Sanchezi bidea zabalik uzten negoziatzeko. Alderdiaren zati handi batek baztertzen du Podemosekin akordiorik egitea, eta argi duten gauza bakarra da PPrekin ez dutela ezer negoziatuko.
Beste bi alderdi nagusiek ere beren jarrera azaldu dute. Astelehenean, Felipe VI.arekin bilera egin zuten Podemoseko Pablo Iglesiasek eta Ciudadanoseko Albert Riverak. Iglesiasek nabarmendu zuen ez lukeela Ciudadanosek parte hartuko lukeen gobernu bat babestuko, eta berdin Riverak: ez duela Podemosen bidelagun izan nahi.